Albisteak

Bihar bi orduko lanuztea egingo dute udal langileek ELA eta LABek deituta

ELA eta LAB sindikatuek udaletako lan baldintzak hobetzeko mobilizazio dinamika abiatu dute azken asteetan, Udalhitz hitzarmenaren negoziazioak aurrera egin ez duelakoan. Testuinguru horretan, lanuzteak eta grebak iragarri dituzte datozen asteetarako.

Deialdi horrekin bat eginez, Zestoako Udaleko langileek ere lanuztea egingo dute bihar. Hori dela eta, udal zerbitzuak itxita egongo dira 11:00etatik 13:00etara, eta 11:30etik 12:00etara elkarretaratzea egingo dute plazan.

Sindikatuek salatu dutenez, azken urteetan lan baldintzak okertzen joan dira eta negoziazio mahaietan ez dela aurrerapausorik eman. Horren aurrean, soldaten erosahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa indartzea eta pribatizazioei mugak jartzea bezalako neurriak exijitu dituzte, besteak beste.

Mobilizazio egutegiak aurrera jarraituko du: apirilaren 23an bi orduko paroak deitu dituzte, eta maiatzaren 14an eta ekainaren 4an egun osoko grebak iragarri dituzte EAEko udaletxeetan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide