Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

Film laburren proiekzioarekin hasi zituzten atzo San Isidroak Arroabean. Beñat Gereka eta Julen Zubiete gonbidatu zituzten Ezkaizto auzo elkartekoek, haien Idi eta Agur artzai lanak aurkezteko.
Arroabeko Eskola Zaharrean elkartu ziren emanaldirako, eta haur zein helduz osatutako ikusle taldeak adi jarraitu zituen bai proiekzioak bai ondorengo solasaldia. Amaierako hizketaldia Kepa Iribarrek gidatu zuen, eta desagertzear dauden bi mundu aukeratu izana nabarmenduz eman zion hasiera elkarrizketari. Ondoren, bi egileek gaia aukeratzeko izan zituzten motibazioez, erabilitako teknikaz, sormen prozesuez eta filmek egin duten ibilbideaz hitz egin zuten.
Agur artzai lanari dagokionez, Gerekak azaldu zuen historia eta lanketa pertsonal bati erantzuteko sortutako lana dela, eta emaitzan nabarmen sumatzen dela intimitate hori. Zubietek, berriz, Idi filmaren abiapuntua beste proiektu batean zebilela sortu zitzaiola kontatu zuen. Aiako probalekua gertuko espazioa izanik ere, bertako mundua urrun sentitzea izan zela sortzaileari arreta piztu ziona azaldu zuen.
Gogoeta sakonak partekatu zituzten bai hizlariek bai bertaratutakoek. Atzean geratzen ari diren bizimoduak jasotzeko beharraz aritu ziren, eta bi egileek zinema hori egiteko tresna gisa ulertzen dutela ere agerian geratu zen.
Sorkuntza prozesu eta teknikak ere azaldu zituzten. Zubieteren esanetan, Idi bat-bateko momentuetatik sortzen den lana da, eta uneak harrapatzeko bizitasuna baliatu zuen grabazioetan. Halaber, espazio horretan lagun baten eskutik sartu izanaren garrantzia azpimarratu zuen; izan ere, zenbait tokitan kamera bat ateratzea arrotza gerta daitekeela azaldu zuen. Gerekak, berriz, Agur artzai filmeko grabaketa espazioak denboraz eta estrategiaz hautatutakoak izan zirela adierazi zuen, ezaguna zuen toki eta pertsona batekin lan egiteak kameraren presentzia naturalago bihurtu zuelako. Horrek belaunaldien arteko kontrasteei buruzko gogoetak ere ekarri zituen solasaldira.
Amaieran, zuzendariek esku artean dituzten hurrengo proiektuez galdetu zien Iribarrek. Gerekak elurrarekin lotutako lan batean murgilduta dagoela azaldu zuen, eta Zubietek gastronomiaren inguruko proiektu bat prestatzen ari dela aurreratu zuen.