Albisteak
Ekainaren 10ean egingo den giza katean 500 zestoar bildu nahi ditu Zestoako Gure Esku Dago-k
— 2018-03-16Ekainaren 10erako Gure Esku Dago-k antolatutako gizakatearen aurkezpena egin zuten atzo, Zestoako Gure Esku Dago-ko kideek Udaletxe azpian. 25 lagun inguru elkartu ziren eta ekitaldiaren nondik norakoak azaldu zituzten bertan.
Gure Esku Dago-ko kideen esanetan, duela bost urte hasitako bidearen hurrengo pausua Herritarron Ituna osatzea da. Itun honen helburua, 2019. urtea erreferentetzat hartuta, herri burujabe bat izateko 2019 arrazoi biltzea da. Ituna hiru fasetan banatuko da: lehen fasea martxan da jada, hiriburuetako mahai inguruak biltzen hasiak dira, orain, herrietan osatuko dituzte talde horiek eta azkenik, denen artean bildutako arrazoi guztiak Eusko Legebiltzarrera eramango dituzte ekainaren 10ean egingo den giza katean.
Herritarrak eta eragileak elkartuta egingo dira tailerrak eta Zestoan bi egitea proposatu dute antolatzaileek: bata auzoetako jendearekin eta bestea herrigunekoekin. Apirilaren 7 eta 14an biltzea aurreikusten dute Zestoako Gure Esku Dago-ko kideek. Antolatzaileen esanetan, giza kateak 201,9 kilometro izango ditu, 2019. urtea erreferentetzat hartuta, 2019 arrazoi bilduz.
Zestoak, giza kateko kilometro bat izango du. Printzipioz, Itziarko Txitxarro diskoteka inguruan bilduko dira. 500 zestoar biltzea behar dute. 2014an egindako giza katean 400 zestoarretik gora bildu ziren eta zifra hori handiagotzea nahi dute antolatzaileek.
Egin zaitez bazkide