Elkarrekin indartsuago gara

Hemen nauzue, “normaltasunerako” egokitzapen fase honetan, zuek bezalaxe ahal dudana egiten. Egia esan, ez da erraza egokitzea, ni behintzat galduta sentitzen naiz: musukoa noiz eta non erabili, nora joan naiteke, nora ez… Baina tira, zuzenago edo okerrago, zerbait egingo dugu.

Martxoaren 31n idatzi nuen azkenengoz komunitatean. Bertan nioen egoera zailenak iristen direnean, elkar lagundu beharra oraindik eta garbiago ikusten dudala; baita, “Txarrenari onena atera” kantak dioen bezala, guk ere hori egin beharko genukela, hemendik zerbait positiboa atera beharra dugula.

Horrela, oso positiboa iruditu zait “Zestoan elkarrekin aurrera” leloaren baitan bildu diren hainbat herritarrek sinatu duten manifestua. Bertan, krisi honen ondorioz komunitate bezala erantzuna ematearen aldeko beharraz mintzatzen dira. Hainbat arlo ikutzen dituzte: zaintza, ingurumena, neurri ekonomikoak, presoen eta emakumeen eskubideak, tokiko merkataritzaren garrantzia, hizkuntza-hezkuntza-kultura… Eta nik elkartasunaren balorean sinisten dut, aurrera egingo badugu elkarrekin izango da;  elkar zainduz, iritziak elkartrukatuz, elkar lagunduz, elkarrekin indartsuago baikara.

Horregatik guztiagatik, ni ere larunbat honetan, eguerdiko 12:00etan, plazan izango naiz.

Eta zu?




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide