Maiatza 2026
— 2026-06-03Irakurri 282. zenbakia hemen.

Mahai-tenis jokoan, denboraldi aparta osatu du Jon Mendizabal zestoarrak. Gipuzkoako txapeldun izateaz gain, Fortuna taldearekin ligan bigarren postua lortu du, eta maila indibidualean ez du partidarik galdu. Emaitza horiei esker, datorren denboraldian Euskal Selekzioarekin aritzeko deia jaso du 20 urteko mahai-tenislariak. 2018an hasi zen kirol honetan, eta ordutik pausoz pauso egin du gora. Denboraldiaren balantzea egin eta mahai tenisean aurkitu duen pasioaz hitz egin du Danbolinekin.
Aurkezteko, nor da Jon Mendizabal? Zenbat urte dituzu eta noiz hasi zinen mahai tenisean?
Kaixo, ni Jon Mendizabal naiz, zestoarra. 20 urte dauzkat, eta mahai tenisean 2018an hasi nintzen jokatzen.
Nolatan hasi zinen kirol honetan? Etxetik etorritako zaletasuna izan zen ala kasualitatez probatu zenuen?
Bueno, ba, oso ondo akordatzen naiz nola hasi nintzen. Gainera, momentu hartan ez nuen pentsatzen horrelako gogoa etorriko zitzaidanik, azkenean klub batean apuntatzeko. Opor batzuetan izan zen, familiarekin geundela. Egia da etxean bazegoela pinponean jokatzeko zaletasuna, eta oporretan asko ibiltzen ginen jokatzen. Niri asko gustatzen zitzaidan, eta garai hartan futbolean ibiltzen nintzen arren, urte hartan futbola uztea erabaki nuen eta beste kirol bat praktikatu nahi nuen. Pinponean asko ibiltzen nintzenez, Gipuzkoan zein klub zeuden begiratzen hasi ginen, eta Donostiako Fortuna kluba aurkitu genuen. Aukera hori egin nuen, eta horrelaxe hasi zen dena.
Noiz erabaki zenuen aisialdiko jolasetik lehiaketara salto egitea? Zer izan zen pausoa ematera bultzatu zintuena?
Egia esan, lehenengo bi edo hiru urteak pixka bat non nengoen ikusteko izan ziren. Entrenatzen eta entrenatzen ibiltzen nintzen, eta bitartean txapelketetan parte hartzen hasi nintzen. Batzuetan irabaztea tokatzen zen, beste batzuetan galtzea, baina galtzetik ere asko ikasten da. Pixkanaka konturatu nintzen mahai tenisa nire kirol maitea bihurtu zela, eta liga jokatzen eta serioago lehiatzen hastea erabaki nuen.
Denboraldi honetan emaitza oso onak lortu dituzu. Espero al zenuen horrelako urtea egitea?
Hasieran ez nekien zein mailatan nengoen. Urteak pasa ahala eta txapelketetan parte hartzen hasi nintzenean ikusi nuen aurrera egiten ari nintzela. Irabaziak etortzen hasi ziren, finalerdietara iristen nintzen, eta pixkanaka ikusten joan nintzen lanak bere fruituak ematen zituela.
Zein lorpenek egiten dizu ilusio gehien: Gipuzkoako txapeldun izateak, Euskadiko Txapelketan egindako bideak ala Fortuna taldearekin lortutako emaitzek?
Lortu ditudan lorpen guztiek ematen didate ilusioa eta poza. Azkenean, txapelketa guztiak oso desberdinak dira, eta bakoitzak berea eskatzen du. Hala ere, Gipuzkoako txapeldun geratzea izango litzateke ilusio gehien egiten didan lorpena. Horrez gain, ligan bigarren geratu gara, eta emaitza horrek beste maila batera pasa naizela sentiarazi dit, bai mentalki eta baita joko mailan ere.
Jende askok “ping-pong” gisa ezagutzen du, baina zer esango zenioke mahai tenisa gertutik ezagutzen ez duenari? Zer dauka berezi kirol honek?
Jende askok ez daki, eta normala da. Askok pentsatzen dute mahai tenisean ez dagoela zaletasun handirik edo klub gutxi daudela, baina kontrakoa da. Gipuzkoan klub asko daude eta txapelketa ugari antolatzen dira, eta zaletasun handia dago.
Gainera, pin-ponga eta mahai tenisa ez dira gauza bera. Pin-ponga kalean edo etxean jokatzen da, arau desberdinekin, eta palak ere desberdinak dira. Mahai tenisa, berriz, lokal baten barruan jokatzen da, eta gomaz estalitako palekin efektu askorekin jokatzen da. Hor dago desberdintasun handienetako bat.

Nola antolatzen dituzu entrenamenduak? Astean zenbat aldiz entrenatzen duzu?
Hasieran entrenamendu gutxi egiten nituen, baina gero gehiago entrenatzea erabaki nuen. Hiru entrenamendura pasa nintzen, eta gero eta gehiago entrenatzen joan naiz. Hobetu nahi baduzu, lan asko egin behar da.
Mahai tenisa bakarkako kirola dela ematen du, baina taldeka ere lehiatzen zarete. Nolakoa da taldearen garrantzia zure kasuan?
Nire kasuan taldeko liderra izatea tokatu zait, eta horrek erantzukizun handia dakar. Taldekideei urte hauetan ikasi ditudan baloreak eta esperientzia transmititu behar dizkiezu. Partiduetan ere erakutsi behar duzu hor zaudela laguntzeko, eta horrek poztasun handia ematen dit.
Fortuna klubarekin aritzen zara. Zer ematen dizu klubak kirolari gisa hazten jarraitzeko?
Asko laguntzen dit. Entrenatzaile oso onak dauzkagu, eta klubak lan handia egiten du txikitatik. Gainera, aurten entrenatzaile bezala ere hasi naiz lanean. Beraz, gaur egun bi aldeetatik bizi dut mahai tenisa: jokalari moduan eta entrenatzaile moduan. Egunero joaten naiz klubera; lehenengo umeak entrenatzen ditut, eta gero nire entrenamendua egiten dut. Oso gustura nago, klubak aukera asko ematen dizkidalako.
Zein izan da denboraldiko unerik bereziena edo gehien gogoratuko duzuna?
Urte bukaeran atzera begira jarrita, bi momentu izango nituzke bereziki gogoan. Batetik, Gipuzkoako txapeldun izatea, eta bestetik, taldearekin ligan bigarren postua lortzea. Gainera, indibidualki ez dut partidarik galdu, denak irabazi ditut, eta horrek egindako lan guztiak merezi izan duela erakusten dit.
Eta hemendik aurrera zer? Zein dira datorren denboraldirako edo epe motzerako dituzun erronkak eta helburuak?
Denboraldia bukatu da niretzat, eta momentuz ez daukat torneorik. Udan ere asko entrenatzen dut, batez ere fisikoki, hurrengo denboraldira ahalik eta ondoen iristeko. Etxean mahai bat daukat, eta horrek ere aukera ematen dit entrenatzeko.
Datorren denboraldian aurten egin dudan denboraldia berdintzea edo hobetzea izango da helburua. Euskadiko Absolutuan urrutiago iritsi nahiko nuke, eta lanean jarraitu bai mentalki, bai fisikoki eta baita taktikoki ere.
Amaitzeko, animatuko al zenituzke gazteak mahai tenisa probatzera? Zergatik?
Bai, noski. Nik gazteak mahai tenisa probatzera animatuko nituzke. Oso kirol entretenigarria da, eta jende askok pin-ponga bakarrik ezagutzen duen arren, mahai tenisa beste zerbait da. Niretzat oso kirol polita da, lagunekin gozatzeko eta lehiatzeko aukera ematen duena. Horregatik animatuko nituzke probatzera.