Elkartasun feminista epaituko dute abenduan Donostian
Zestoako Mugimendu Feminista— 2025-12-09Datorren abenduaren 16an, Donostiako Auzitegian, akusatuen aulkian eseriko dira Zestoako sei lagun. Herriko gizon batek 2018an abiatu zuen sei herrikideen aurkako prozesu latz eta bidegabe hau, eta zazpi urteren ostean, elkartasun feminista epaituko dute.
Termino judizialetan, derrigortze eta integritate moralaren aurkako delituak leporatze dizkie gizon horrek Zestoako sei bizilagunei. Akusatuen aulkian eseriko denetako bat bere bikotekide ohia da, eta gainontzekoak, denbora luzez une jakinetan nahiz modu jarraituan emakume hori babestu duten pertsonak. Egoera larria da: lau eta bost urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte beraientzat akusazioak eta fiskaltzak.
Asko dira beldurragatik, sistema judizialarekiko mesfidantzagatik edo beste hainbat arrazoiengatik erasotzailearen kontra salaketarik jartzen ez duten emakumeak, eta horrela izan da kasu honetan ere. Ez da harritzekoa: nola izan genezake konfiantza akusatuen aulkian indarkeria matxistaren biktima eta ez erasotzailea eseriko duen sistema judizial batengan?
Elkartasuna adierazteagatik sei herrikidek egoera jasanezina bizi behar izan duten bitartean, herrian normaltasunez eta inpunitate osoz ibili da erasotzailea urte hauetan guztietan. Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean gizonen arteko konplizitate sareak seinalatu genituen, eta herrian bizi dugun kasu honek ezin argiago erakusten du anaidia horien funtzionamendua. Era berean, elkartasunarenkontrako makroepaiketa honek agerian uzten du sistema judizialaren oinarri heteropatriarkala.
Egoera honen aurrean, ezinbestekoa da indarkeria matxista sostengatzen duten egitura eta mekanismo guztien aurka lerratzea, eta abenduan epaituko dituzten sei herrikideen aldeko elkartasun feminista indartzea. Horregatik, Zestoako Mugimendu Feministak nahiz adierazpen hau babestu duten Urola Kostako gainerako erakundeek herritarrei dei egiten diegu etor daitezela datorren abenduaren 14an, 13:00etan, Zestoako plazanantolatuko dugun elkarretaratzera. Elkartasuna ez da delitua eta ez dugu pausu bat atzera egingo: horrelako erasoei elkartasun gehiagorekin erantzungo diegu.
Halaber, ezinbestekoa iruditzen zaigu akusatuei babesa adieraztea makroepaiketak iraun bitartean. Hortaz, abenduaren 16an, 17an eta 18an, 09:00etatik aurrera, Donostiako Epaitegiaren aurrean elkartzera gonbidatzen ditugu herritarrak. Zuekin gaude!
Zestoako Mugimendu Feminista
Adierazpena babestu duten taldeak:
Egin zaitez bazkide

