Paperekoa

[ENBIDOA] San Jose eguna, kros eguna

Gure (Irureta-Azkunetarren) etxean kirola beti presente egon da. Korrika, txirrindularitza, mendia,… Aita kirolzale eta praktikatzaile amorratua izanik, hiru alabok jaio ginenetik arnastu eta bizi izan dugu kirola. 

San Jose egunari lotutako nire lehenengo oroitzapenak 6 bat urte nituenekoak izango dira. Egun euritsua, neure korrikako estreinaldia, ahizpa bat ere korrika aitari eskutik helduta; aurten ere hainbat eta hainbat haurtxo gurasoen eskutik ikusi ditugun moduan. Ordudanik San Jose egun euritsu eta eder asko bizi izan ditugu. Urduritasun eta ilusioz beteta.

Aitak herriko atletismo taldeko entrenatzaile lanak egiten zituen urte haietan, herriko neska-mutilak ibiltzen ginen, eta beretzat San Josetako krosa egun aproposa izaten zen “ojeadore” lanak egiteko. Interes handiarekin errepasatzen zituen benjamin, alebin eta infantilen sailkapenak; herriko gaztetxoak “fitxatzeko”, nahiz gero beste lasterketa eta txapelketetan arerioak izango zirenak ezagutzeko…

Gogoan dut, baita ere, San Jose eguna gure etxean ospakizun eguna izaten zela. Aittitta Joxeren eguna zen eta familia osoa elkartzen ginen. Amama Patxikaren bazkari goxoa. Postre garaian mahai luzearen gainean Apategi okindegiko pastel gozoak, eta askotan, domina edo trofeoren bat ere izaten zen. Trofeoak behin baino gehiagotan bete genituen xanpainez, zulorik ez bazuten behintzat!

Ondorengo urteetan eta gaur egunera arte, hiru ahizpok era batean edo bestean orain Zestoako herri krosa denarekin lotuta jarraitu dugu. Aurten 46.a izan da. Antolatzaile lanetan aritu gara era bateko eta besteko eginbeharretan lagunduz, eta lasterketan ere askotan hartu dugu parte. Aurten, hain zuzen, hiru ahizpok egin dugu korrika. San Jose eguna beti izango da berezia gure etxean. Gainera, orain Iñaki Irureta Memoriala du izena betiko San Josetako lasterketak eta harrotasunez eta esker onez hartua dugu aitari egindako aitortza. Protagonista da gure aita, baina amak ere izan du bere egitekoa kontu honetan. Neskek kirola egitea oraindik arraro samarra zen garaian, amaren babesa eta hauspoa genituen, eta hasieran esan dudan moduan, gure etxean kirola egitea ohikoa eta garrantzi handikoa zen. Gure urduritasunak apaldu eta makina bat lokatz garbitzea ere egokitu zitzaion gure amari, eta konformatuko zen, ziurrenik, garaikurrik ez baina urratu gabeko okotzak eta belaunburuak ekartzen bagenituen.

Duela urte batzuk Zestoako atletismo taldean gaztetxoak bakarrik ez ginen ibili. Helduagoek ere, eta konkretuki bi emakumek, Luisa Perez eta Arantxa Zigaranek, ekarpen ederra egin diote Zestoako atletismoari. Arantxa, nola izan zenuen lehen hartu-emana atletismoarekin eta esperientzia nolakoa izan da?

Jone Irureta




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide