Enegarrenez EAJ-PNVri

Azkeneko mezuan idatzi genuena berreste aldera, oraingoan eskualdeko herrietan EAJ-PNVk, hauteskunde usaina gainetik kendu ezinda, etxebizitzen gaia hartu du hizpide.

Eta gaia serioa ez balitz, Zestoan EAJ-PNVk argitaratu duen azken idatzia broma bat besterik ez dela izan esango genuke. Gaur da eguna, Ehbilduk alkatetzan daramatzan azken zazpi urteetan Zestoako EAJk etxebizitza politikari dagokion proposamen bakar bat ere egin ez duena. Bitartean, egungo udalak aurreko legealdian kale-okerreko lau ezkaratzetako 11 jabeekin eremu guztia erosteko hitzarmena sinatu eta eraitsi berri den bloke guztia eskuratu zuen. Horrekin batera, “Correos” eraikina eraitsi eta Idiazpi mendebaldeko lurrak erosteko saiakera egin eta abar.

Jakina da, Zestoa bizitegi merkatuko tentsio eremu izendapena jasotzen duen erkidegoko herririk txikiena izan dela eta hori ez da zerutik erori. Erkidego osoan izendapena lortu duten herriak  20 inguru dira eta besteak beste, datozen hiru urteetarako diagnosia eta ekintza planak egin behar izan ditugu, zeinari Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dien. Beraz, udala etxebizitzen gaia ez dela bultzatzen ari esatea, gezur hutsa eta maltzurkeria politikoa besterik ez da. Era berean, EAJk bere adierazpenean kale-okerra, “correos” eraikina eta Arozena eremua zaku berean sartzeak, Zestoako hirigintza plan orokorraren erabateko ezagutza eza adierazten du eta hori  arduragabekeria larria da.

Etxebizitza politika garatzeko gurea bezalako udalek bi arazo nagusi ditugu: batetik, hiri lur-zoru eraikigarririk eza eta bestetik, eskumen eta finantzatze ahalmenik eza. Horregatik, benetako arinkeria edo ez-jakintasuna da EAJko bozeramaleak Zestoak etxebizitza publikoak berehala eraikitzeko lur-zorua eta aukera garbiak dituela esatea.

Azken hamarkadetan, egungo sistema ekonomikoak eta erakunde publikoek ere, etxebizitzen garapen pribatua lehenetsi izan dute eta horrek etxebizitza eskubidea negozio pribatuko finantza produktu bihurtzea ahalbideratu du. Ondorioa nabarmena izan da, etengabeko espekulazioa eta beste behin, interes ekonomikoa eskubidea beharko lukeenaren gainetik jartzea.

Gauzak horrela, Zestoako udalaren estrategia garbia da eta etxebizitza sailarekin ere harreman bat baino gehiago izaten ari gara; hiri lur-zoru eraikigarria eskuratu eta ondoren etxebizitza sozialak eraikitzeko orubea etxebizitza sailari eskaini, honek etxebizitzak eraiki ditzan. 

Nolanahi ere, aipatu eremu horietan soilik 22 etxebizitza eraiki ahal izango dira baina eraikitzea ez da soluzio bakarra. Aurrerantzean, Zestoa bizitegi tentsio eremu  izendatzeak, hutsik dauden etxebizitza pribatuen alokairuen prezioa mugatzea ekar dezake eta honen inguruan ez dakigu Zestoako EAJk zer iritzi duen. Izan ere, Madrilgo kongresuan EAJ-PNVk PP eta eskuineko beste indarrekin batera, legearen kontra egin zuelako diogu hau.

Bukatzeko, arazo larriei irtenbide errazak planteatzea eskuin muturraren komunikazio estrategia izan ohi da eta enegarrenez, gidoi elektoral soiletik at, EAJri zentzuzko kritikak egitea eskatzen diogu eta jakina, horretarako burura etorritako guztia bota aurretik, gaia ondo aztertzea.    




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide