Paperekoa

[ERREPORTAJEA] Antzerkia, topatzeko aitzakia

Eskualdeko eskola txikien antzerki-topaketak egin zituzten maiatzaren 15ean Arroabean, eta han izan ginen ikusmiran, haurrengandik zer ikasiko.

Auzo askoko herria dugu gurea, eta aspaldi ikasi genuen txiki izateak ez duela dena desabantaila, are gutxiago txiki gehiagoko sare indartsua izanik.

Herri txikietan, kinta bakoitzean, haur gutxi izaten dira; horregatik, eskola txikientzat garrantzitsua da, aitzakia borobilak tarteko, hainbat herritako adin bereko haurrak urtean zehar elkartzea. Horrela, institutura joateko garaia iristen denerako, ikasleek izaten dute gertuko herrian adin berekoren baten babesa. Elkarrekin joaten dira, esaterako, Zumaiko institutura, Aizarnazabal, Oikia eta Arroabeko ikasleak, edota Azpeitira, herrigunekoekin batera, Aizarna eta Errezilgo haurrak.

Eskolak elkartzeko arrazoia ekonomikoa ere izaten da batzuetan. Ikaskide gutxirekin irteeretarako autobusa osatu ezin, eta elkarrekin egiten dituzte ibilaldiak.

Ildo beretik egin berri dituzte Tolosan kirol-topaketak Gipuzkoako 27 eskola txikitako haurrek, eta eskualde mailan ere elkartzen dira. 

Antzerkia topaleku

Asmo berarekin elkartu ziren maiatzaren 15ean Arroabean Antzerki Topaketa egiteko.

Aizarna eta Arroako eskola txikiez gain, Aizarnazabal, Oikia eta Angiozarkoak ere elkartu ziren Arroabean.

Deban bizi den ataundar batek, Lukax Dorronsorok, dozena bat urtetik gora egin zituen irakasle Aizarnako eskolan. Debako Goaz antzerki taldeko zuzendaria zen bera, eta biziki maite zuen antzerkia. Arroabean elkartutako irakasle askoren ustez, huraxe izan zen topaketa hauen aurreneko hazia jarri zuena. Hasiera haietan, Aizarnazabalen egiten ziren urte guztian zehar bakoitzak bere eskolan landutako antzerkien emanaldiak; izan ere, Aizarnazabalek zituen hainbeste haur hartzeko azpiegiturarik egokienak. Konfinamenduaz geroztik, eskolek txandaka antolatzen dute, eta Arroako eskolaren txanda izan da aurten.

Modu horretan, topaketa antolatzeko lanaren ardura aldatzen doa, eta haurrek ere beste eskola eta auzo batzuk ezagutzeko aukera izaten dute.

Urte osoan zehar joaten dira emanaldia prestatzen. Aurrenekoz, topaketan egiten dute emanaldia, gainontzeko eskolek ikusteko, eta ikasturte amaieran bakoitzak bere herrian ere egiten du, lagun eta senitartekoentzat. Aizarnarrek aitortu digutenez, beraiek beste emanaldi bat ere egiten dute Deban, Lukax bizi den herrian.

Aurtengo topaketa

Bost eskoletako haur guztiak elkartu ziren Arroan, hasi bi urtetik eta hamabi urtera artekoak; 205 haur guztira. Eguraldi txarra tarteko, moldaketak egin behar izan zituzten Arroako antolatzaileek. Haur Hezkuntzako haurrentzat eskolan moldatu zituzten dinamikak, eta Lehen Hezkuntzakoek, berriz, elizan egin zituzten antzerki emanaldiak.

Arroabekoak izan ziren aurrenak, eta Oikia eta Aizarnazabalek eskaini zuten jarraian antzerkia. Hamaiketakoaren atsedenaldiaren ondoren, Aizarna eta Angiozarren txanda izan zen.

Egun osoko egitaraua izan zen. Arratsaldean, herri kirolak egin zituzten, eta zirkuko materialarekin ere aritu ziren. Aurten, Zizurkilen tokatzen da eskola txikien jaia, eta murala egin zuten hori gaitzat hartuta; baita taldeko argazkia atera ere.

Arroarrentzat erronka handia izan da topaketa prestatzea. Izan ere, eraikuntza eta azpiegitura aldetik aukera zabala dute, baina, eguraldi txarra egin zuenez, Sakulupe parkea ere ez zegoen erabilgarri, eta planak moldatu behar izan zituzten haurrak espazio itxian edukitzeko.

Uste baino eguraldi politagoa egin zuen azkenerako, eta denek gozatu zuten, barruan nahiz kanpoan. Haurrei galdetu beharrik ez zegoen gustura zebiltzala ohartzeko, urduritasunak eta erronkak alde batera utzita, ez baita egunerokoa beste pertsona bat izateko aukera.

Jone Bergara




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide