Albisteak

Eskualdera etorri diren haur sahararrei ongietorria egin diete udaletxean

Minutu gutxi batzuetan izan bada ere, haur sahararrek udal ordezkarien lekuan esertzeko aukera izan dute gaur eguerdian. Oporrak Bakean programari esker, urtero bezala, Saharako haur errefuxiatuek uda Euskal Herrian igaroko dute. Aurten, bost haur eskualdeko familiekin ari dira oporrak pasatzen, horien artean ez dago Zestoako familiarik. Beste hamahiru Azpeitiko Ikasberri Ikastolan daude aste hauetan.

Haur hauei guztiei harrera egin diete eguerdian Zestoako udaletxean. Mikel Arregi alkateak eta Mojtar Labuehi, saharar herriaren Euskadiko ordezkariak, ongi etorriko hitz batzuk egin ondoren, haur bakoitzari opari bana eman diote. Handik frontoira joan dira, eta bazkalordura arte jolasetan aritu dira. Batzokian bazkalduko dute, eta 16:30ean bisita gidatua egingo dute Ekain kobazulora.

Haurrentzako arropa beharra

Bestalde, haur horientzako udako arropa eta oinetakoak behar dituzte, eta antolatzaileek herritarren laguntza eskatu dute. Zehazki, 10 eta 12 urte bitarteko haurrentzako galtzak eta honako neurrietako oinetakoak behar dituzte: 31, 33, 34, 35, 36, 36, 37, 37, 38 eta 40. Arropa eta oinetakoak datorren ostiralera arte jasoko dituzte kiroldegiko harreran.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide