Etxebizitzaren arazoa eta ekintzaile parasitoak

Duela gutxi jakin dugu espekulatzaile batek Arretxe eraikina eskuratu duela etxebizitzarekin negozioa egiteko helburuarekin. 10 logela atera ditu eta bakoitza ia 500€an jarri du alokairuan. Logela bakoitza, ez pisua. Kasu honekin garbi ikus dezakegu arazoaren larritasuna: duela urte gutxi pisu bat alokatzeko beharrezkoa zen diruak, jada ez du balio Zestoan gela ziztrin bat alokatzeko ere. Gainera, diru-sarrera gutxien dituzten gazte eta familientzako aukera on bezala aurkeztuko digute gela ziztrin bat alokatu beharra. Honen aurrean poza eman dit herritar batzuen artean honek sortu duen ezinegonak. Badirudi, zabaltzen ari den mentalitate ultra-liberalaren aurrean, badela gurean merkatuaren gehiegikeriekiko kritikotasuna mantentzen duenik behintzat.

Etxebizitzaren arazoa ez da guztiontzako arazo. Etxebizitzaren arazoa negozio aukera paregabea da etxejabe eta espekulatzaileentzat. Hemen agertzen zaigu zabaltzen ari den mentalitate erreakzionarioak gazteentzako eredu moduan saltzen digun perfil berri ez horren berria, pertsonaia honek ederki ordezkatzen duena: Ekintzaile edo enprendedorearen figura famatua. Mentalitate atzerakoi berriarentzat, bere jarrera indibidualistarekin, gizarte kapitalistan bere burua aurrera atera eta aberasteko ondoen mugitzen dena da jarraitu beharreko pertsona eredua, ez gizarteari bere ekarpena egiten diona. Kasu batzuetan gainera, figura hauek, filantropo itxura ateratzen saiatzen dira, pertsonaia honen bideoren batean ikusi dugun moduan, Bill Gatesen bertsio kutre bat bailitzan, bere etxebizitzaren negozioak kalean uzten dituenei ogi papurrak banatzen. Zaharrak berri.

Baino errealitatea hau da: etxebizitzaren kontura aberasten diren etxejabe eta espekulatzaileak langileon miseriaren kontura aberasten dira. Gutxi batzuen irabaziak, gehiengoen bizi baldintzen kaskartzea esan nahi du sistema kapitalistaren baitan. Langileak dira, gizartearen beharrak asetzeko balio duen guztia bezala, etxeak eraiki, erreformatu eta abar egiten dituztenak, eta ez dira langileak etxebizitzaren negoziotik aberasten direnak. Are gehiago, etxebizitzaren prezioen egoera pairatzea tokatzen zaie. Etxebizitzaren negozioaz aprobetxatzen direnak, katearen erdian instalatuta dauden eta gizarteari benetako ezer aportatzen ez dieten parasito hauek dira. Eta gainera meritokraziaz hitz egiteko aurpegia dute hipokrita hauek.

Aspaldi esan zuen Rodrigo Rato jaunak: “una estafa? no, es el mercado amigo”. Ezin zuen arazoa hobeto definitu. Kontrakoa esaten diguten arren, arazoaren muina ez dago eskaintza falta batean, etxebizitzaren merkantzia izaeran baizik. Gero eta argiago ageri zaigu batzuentzako etxebizitza negozio aukera izatea ez dela bateragarria langileon etxebizitza eskubidearekin. Batzuentzat merkatua eta negozio aukera legitimoa dena, iruzur forman agertzen zaigu besteoi. Hizkuntzaren (edo klase gizartearen) paradoxak…

Egoera honen aurrean, instituzioetatik proposatzen zaizkigun irtenbideak, etxebizitzaren negozio izaera jopuntuan jartzetik urrun, etxebizitzaren negozioa bera hauspotzera bideratzen dira gehienak. Etxebizitzaren kalitate galeran sakontzen dute traba burokratikoak kentzearen aitzakiapean, etxejabeen poltsikoak betetzen dituzte alokairurako dirulaguntzen bidez eta era guztietako erraztasun eta pizgarriak eskaintzen zaizkie etxebizitzarekin negozioa egiten duten enpresei. Hauek, etxebizitzaren arazoari konponbide bat ematetik urrun, espekulatzaile hauen figura eta etxebizitzaren merkantzia izaera naturalizatu eta legitimatzen dute.

Balio dezatela hitz hauek, zabaltzen ari den mentalitatearen aurrean figura hauekiko jarrera kritiko bat mantendu eta zabaltzen nire aletxoa jartzeko. Negozio gizon bihurtzeko sistemak saltzen digun aterabide indibidualak, nahitaez gutxi batzuei soilik balioko die, eta bidean geratzen direnen miseriaren gainean eraikitako aterabidea izango da. Eskeintzen diguten errealitate ziztrinaren aurrean, ez gaitezen saiatu geu parasito bihurtzen, antolatu eta saia gaitezen kapar hauek eta beraiek elikatzen dituen miseriak tokirik izango ez duten errealitate bat eraikitzen.

Ortzi Alberdi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide