Paperekoa

[ZUTABEA] Gauzek balio dutena

Zaintzen hasiak gara erabat; bueno, gorputzaren azaleri dagokionean behintzat. Eguneroko errutinak ezinbesteko ditugu, batez ere kosmetika-produktu eta elikadura-osagarri hartzen ditugun pilula eta bestelako horiei dagokienean. Hori saldu digute sare sozialetako erreferente edo aditu izeneko batzuek, eta, ondorioz, produktu berri eta “naturalak” erosten soldataren pusketa bat inbertitzea erabat logikoa egiten zaigu, are gehiago, beharrezkoa.

Egunerokotasuneko oinarrizko errutinez, ordea, badirudi ahaztu egin garela, alegia, bizitzeko eta ondo bizitzeko errutinez: jateaz eta, batez ere, elikatzeaz, loaz, moda hutsaz harago kalitatezko ohalez gorputza estaltzeaz… Benetako aditu denak esan diezazuke osasuntsu izango bagara, ezinbestekoa dela, lehendabizi oinarrizko alderdi horiei heltzea, gorputzari kimiko larregi ematen hasi aurretik, baina ez du pisu bera hark esandakoak. Ondo bizitzeko errutina hauei dagokienean hasten zaigu benetako “aurrezteko” jokoa; izan ere, kasu honetan ez dugu inbertitzen, gastatu baizik, eta azkenaldian tamalez asko gainera.

Jakin badakigu azken hamarkadan, eta mende laurdenean, asko garestitu dela oro har bizitzea, badakigu, baita ere, soldatek ez dutela eboluzio bera izan, eta ondorioz kasu askotan bizirauteko ahalik eta gastu gutxien egin beharrean garela. Nolanahi ere, gustatuko litzaidake jakitea zergatik, behin gastatzen hasita, gauza batzuk garesti diruditen eta beste batzuk aldiz beharrezko; zergatik diru berak ez duen balio berdina zertan gastatu edo inbertitu erabakitzean. Bertako sortzaile edo lehen sektoreko familia horri, geuretzako ere onuragarria den produktu horiengatik, dagokiona ordaintzea gehiegizkoa iruditzen zaigu; herriko dendetan erosketak egitea ere garesti iruditzen zaigu sarritan, nahiz eta alboko herrira mugitzeko gasolinetan dirua joan; edo auzoa bizirik mantentzen duen komertzioan baino zertxobait merkeago dagoelako, produktu bera online erosita garaile sentitzen gara.

Jarrai nezake, baina ez nizuke ezer berririk azalduko lehen sektorearen edo tokiko komertzio eta sortzaileen penak hona ekarrita. Kontuak kontu, esango nuke testuinguru honetan, kontzienteki eta egiaz geure burua zaintzen hasiko bagara moda ttattarrak alboratu eta zenbait ohitura berreskuratu beharrean garela.

Olatz Bereziartua




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide