Fundizio Musika Elkartea

Bada jada urtebete pasa estazioko musikarien lokaleko jendea asanbladan antolatzen hasi ginela. Asanblada hau, lehenengo momentu batean, lokala erabiltzen genuen taldeen arteko elkarbizitza antolatu eta lokal beraren gestioa aurrera eramateko beharrari erantzuteko sortu zen. Baino lehenengo bileretatik ikusi genion asanblada honi funtzio hauek gainditzeko potentzialitatea.

Beti izan dugu Zestoan grin musikal handia, herri txikia izateko beti izan dira proportzioan musika talde ugari, eta gure lokalak ere horretan bere alea jarri duela uste dugu, beti izan baitute edozein gaztek (edo ez ain gaztek) batu eta musika egiten hasteko lekua. Harro gaude horretaz, eta horregatik asanblada moduan, grin musikal hori hauspotu eta talde berrien sorrera bultzatzeko helburua jarri genion geure buruari.

Lokalaren antolakuntzan lanean denbora bagoaz ere, oraindik ez dugu gure burua herriaren aurrean aurkezteko tarterik hartu, eta momentua iritsi dela uste dugu. Hori dela eta, ilusio handiz aurkeztu nahi dugu Fundizio Musika Elkartea. Esan bezala, Zestoako grin musikala hauspotu eta talde berrien sorrera eta garapena bultzatzea izango da gure elkartearen helburua, eta horretarako, behar duen edonork, entseiatzeko lokal duin bat edukitzeko lan egiteaz gain, ekintza ezberdinak bultzatzen saiatuko gara aurrera begira.

Ez gara Zestoan bere buruari helburu hauek jarri dizkion eragile bakarra. Gazte Asanbladako rock komisioak ere, bere buruari helburu hau jarririk du. Gaztetxea izanik Zestoako grin musikal hori hauspotu duen beste eragileetako bat (herriko taldeei beren lehen kontzertuak eman ahal izateko aukera eskainiz, bertsio gaua bezalako ekimenen bidez talde berrien sorrera bultzatuz…), bien arteko kolaborazioari lehentasuna ematea garrantzitsua deritzogu, eta horretan gabiltza lanean.

Uda honetan izango dugu kolaborazio horren lehen fruitua. Uztailaren 31ean Gazte Asanblada eta Fundizioren artean Fundizio Fest eguna antolatu dugu, herriko taldeen kontzertuez osatutako egitarauarekin. Laster informazio gehiago!!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide