Gaur dugu txapa jazteko eguna

Aldi batzuk amaitzen direnean kontatzen dira.

Beste batzuk kontatzen direnean amaitzen dira.

Gaur hasten dugun 11 egunetako aldiak ez du amaierarik: erabileraren aroa ez da eta sekula amaitzen.

Euskararen aldia egunez egun ekinez transmititzen da etorkizunera.

 

Euskaraldia da pasioa eta abentura.

Ahalegina eta poza.

Grina, kemena eta erronka.

 

Urrundik gatoz eta asko egin dugu. Orain eta hemen, gehiago egiteko prest gaude: euskararen biziberritzeak mugimendua behar du. Eta gu, elkar mugitzera goaz.

 

Asko gara. Herriz herri batzordeetan antolatutako milaka eta milaka herritar eta boluntario konprometitu, lanerako prest, gogotsu. Hiztun komunitate trinko bat. Gutako bakoitza, bat

gehiago eta are indartsuago, sendoago.

 

Hitzez ekiteko garaia da. Eta guk, eragitea dugu helburu: lehenengo pertsonatik eta pluralean. Elkar zainduz, batera bultzatuz, konplexurik gabe: lotsagabe, tinko eta adeitsu.

Komunitatea dugu ikur, auzolana lanabes. Eta gure txikian, handia egingo dugu beste behin ere, euskaran mundu oso bat kabitzen den bezala, euskaldunok ere munduan leku bat dugulako, bagara eta nor munduan. Beste inon ez da Euskaraldia bezalako ariketa sozial masiborik egin.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide