Albisteak
[JARDUNIAN] Jiu-jitsuaren diziplina eta pasioa
— 2025-03-11Inaxio Sorazu, Brazilian jiu-jitsu arte martzialeko kirolaria, urtarrilaren amaieran Euskadiko txapelketa irabazi eta Espainiako txapelketarako sailkatu da. Orain, erronka handiago bati aurre egiteko prestatzen ari da, ilusioz eta dedikazioz. Bere prestakuntza eta esperientziaz gehiago jakiteko, elkarrizketa egin diogu, bere kirol ibilbideaz, eguneroko erronkez eta jiu-jitsuaren inguruko ikuspegiaz hitz egiteko aukera emanez. Inaxiorentzat, ez da soilik borroka-kirola; bizitzako balioak lantzeko eta nork bere burua gainditzeko tresna ere bada.
Zertan datza Brazilian jiu-jitsua?
Brazilian Jiu-jitsua borroka-kirola da, non helburua aurkaria mendean hartzea den. Teknika jakin batzuez baliaturik etsaia menderatzea eta higitu ezinik edukitzea da jiu-jitsuaren funtsa.
Urtarrilaren amaieran Euskadiko Txapelketan parte hartu zenuen eta Espainiako Txapelketarako sailkatu zara. Nola joan zitzaizun txapelketa?
Euskadiko Txapelketa Grappling modalitatekoa izan zen (jiu-jitsuaren diziplina bat),eta nahiz eta Jiu-Jitsuarekin antzekotasun handiak izan, hemen ez da gerrikorik erabiltzen. Nahiko txapelketa exijentea da Espainia mailan, eta Euskadi mailan jende gutxik hartzen du parte.
Urtarrilaren 25ean izan zen txapelketa, eta nire lagunak animatzera etorri ziren. Aurkari bakarra izan nuen, eta 2 minutu baino gutxiagoan menderatzea lortu nuen. Nahiko lasai atera nintzen borrokara, eta aurkaria, berriz, oso indartsu hasi zen. Hala ere, azkar nekatu zen eta borroka bizkor amaitu zen. Orain, Espainiako Txapelketa prestatzen nabil, martxoaren hasieran izango baita, Albaceten.
Martxoaren 1ean, larunbata, jokatuko dut txapelketako lehenengo norgehiagoka, Grappling modalitatean. Borrokak kimonorik gabe izango dira, eta 15:00etatik 20:00etara bitartean egingo dira. Hurrengo egunean, igandean, Grappling Gi modalitatean lehiatuko naiz, oraingoan kimonoarekin. Borrokak goizeko 09:00etatik 13:00etara izango dira.
Kirol honek zure eguneroko bizitzan nolako eragina du? Nola uztartzen dituzu entrenamenduak eta zure eguneroko beste konpromisoak, lana eta abar?
Kirol honek eragin handia du nire eguneroko bizitzan. Astean zehar denbora asko eskaintzen diot, baina gustura egiten dudan zerbait da. Lana eta entrenamenduak uztartzea zaila izaten da, baina entrenamenduak nire deskonektatzeko uneak izaten dira. Donostian entrenatzen dut astean lau aldiz, nahiz eta batzuetan hiru entrenamendu astean zehar eta bat asteburuan egiten ditudan.
Txapelketa bat dudanean, dieta berezi bat jarraitu behar izaten dut pisu zehatz baten barruan egoteko. Hala ere, ez dut txapelketetan etengabe parte hartzen; ez da lehentasuna niretzat, tarteka egiten dudan zerbait da. Gainera, beste kirol batzuk ere gustuko ditut, hala nola mendira joatea edo eskalada, baina txapelketetan nabilenean ezin izaten ditut horiek praktikatu, txapelketan enfokatuta egon behar izaten baitut.
Zein dira aurten dituzun hurrengo erronkak edo helburuak? Espainiako Txapelketa prestatzeko zer egingo duzu bereziki?
Espainiako txapelketa oso gogorra eta zaila izaten da, Espainiako selekzioarekin ibiltzen den jende askok parte hartzen baitu. Espainiako borrokalari onenen aurka lehiatuko naiz, eta nire helburua ondo prestatuta joatea eta ahal dudan ondoena egitea da.
Argi dut ez dudala nahi galdu pentsatuz gehiago entrenatu izan banu irabazteko aukerak izango nituela. Horregatik, ahalik eta gehien prestatzen saiatuko naiz, ondoren damurik ez izateko.
Nola hasi zinen jiu-jitsu praktikatzen? Nolakoak izan ziren zure lehen pausoak kirol honetan?
Arrasateko Unibertsitatean ikasten hasi nintzenean, futbolean aritzen nintzen, baina hori utzi ondoren, MMA arte martzial mistoa asko ikusten hasi nintzen, eta arte martzial bat probatzeko gogoa piztu zitzaidan. Hasieran, MMAko eskoletara apuntatu nahi nuen, baina lekurik ez zegoenez, Jiu-jitsua probatu nuen, eta berehala gustatu zitzaidan.
Hasieran, zerotik hasten bazara, kirol honen errealitateak hunkitu egiten zaitu, izan ere, 20 kilo gutxiago duen pertsona batek erraz gaindi zaitzake. Oso kirol teknikoa da, eta horregatik, askorentzat frustragarria izan daiteke bera baino askoz argalagoa edo ahulagoa den norbaitek irabaztea. Nahiz eta forma fisiko ona izan, teknika egokirik gabe, indarrak ez du ezertarako balio.
Gerriko zuriarekin hasi zinen; zein mailatan zaude orain? Zein erronka dakartza mailaz igotzeak?
Jiu-jitsuan bost gerriko daude: zuria, urdina, morea, marroia eta beltza. Ni erdikoan nago, morean. Borrokalari bakoitzaren irakaslearen ardura izaten da mailaz igotzea, eta normalean 2 urtean behin izaten da. Maila altuagoa izateak taldean erantzukizun handiagoa izatea dakar, gazteei edo hasi berriei laguntzeko konpromiso handiagoa hartu behar duzu.
Bakarkako kirola izan arren, talde kirola ere bada. Gure taldean giro ona dago, eta beti saiatzen gara elkarri laguntzen. Jiu-jitsua nahiko berria denez, etengabe ikasten eta teknika berriak ezagutzen jarraitzen dugu.
Zer aholku emango zenioke Brazilian jiu-jiitsua praktikatzen hasi nahi duen norbaiti?
Kirol hau probatzea nahi duen norbaiti, hastea eta gutxienez aste batzuk edo hilabete batzuk praktikatzea gomendatuko nioke. Lehenengo klasean seguruaski gaizki moldatuko zara edo galduta sentituko zara. Baina kontzientzia eta etengabeko saioekin, oinarrizko teknika batzuk lortzen dituzunean, orduan ikusten da benetan gustuko duzun kirol hau ala ez.
Gazte asko autoestimua baxuarekin hasten dira, eta hilabete batzuen ondoren, taldean integratzen hasten dira eta asko eboluzionatzen dute. Jiu-jitsua probatzen duten gazteak, batez ere psikologikoki asko indartzen direla nabarmendu nahiko nuke, baina baita fisikoki ere.
Oihane Goikoetxea Larrañaga
Egin zaitez bazkide