Iraila 2026
— 2026-10-08Irakurri 285. zenbakia hemen.

Gaixotasunak danbateko batez ekaitz bortitz batean ontziratu zuen familia. Olatuen tankeran joan eta etorri dira ospitaleratzeak, ebakuntzak eta kimioterapia-saioak, eta etengabeko ziurgabetasunean nabigatu behar izan dute. Baina elkarrekin egin dute aurrera Naiara eta Igorrek, piraten energiarekin, Uhararen zaintza eta haren 5 urteko ahizpa Areneren egunerokoa uztartuz. Bidean Aspanogi izan dute itsasargi, eta Arroabean aurkitu dute behar zuten gotorlekua.
Duela bederatzi urte iritsi ziren auzora, behin-behineko kontua izango zelakoan. Gaur, inoiz baino argiago dute Arroabea altxor bat dela. Eskuzabaltasun handiz, bizitako urteaz, jasotako laguntzaz eta orain aurrean duten normaltasun berriaz hitz egin digute.

Nolakoa izan da urte honetako tratamendua?
N.: Hasieran Wilmsen tumorea zela esan ziguten, eta lau asteko kimioterapia eman zioten.
Ondoren, erresonantzia egin zioten, tumorea txikitu zen edo ez ikusteko, baina ez zuen aldaketa handirik izan.
Kirofanoan ikusi zuten tumorea uste baino handiagoa zela, forma ere ez zela espero zuten bezalakoa eta oso itsatsita zegoela. Bi edo hiru ordukoa izan behar zuen ebakuntzak bost ordu iraun zuen. Gainera, hesteetako konplikazio bat izan zuen eta urgentziaz berriro operatu behar izan zuten. Une batean, hortxe geratuko zela ere pentsatu genuen.
ZIUn eta ospitalean hainbat egun egin ondoren, etxera bidali gintuzten, baina hiruzpalau egunera itzuli behar izan genuen. Orduan jakin genuen ordura arteko diagnostikoa ez zela zuzena.
Zein izan zen diagnostiko berria?
N.: Bonoloto txarra tokatu bazitzaigun, diagnostiko berria Euromilioi txarra izan zen: giltzurruneko zelula argien sarkoma. Oso tumore ezohikoa da; mundu mailan ere oso kasu gutxi daude eta ez dago saiakuntza kliniko handirik.
Tumore mota erasokorra eta inbaditzailea da, eta metastasia azkar egin dezake, besteak beste, hezurretara edo garunera. Zorionez, Uhararen kasuan azterketa guztiak garbi zeuden, tumorea giltzurrunean zegoen eta osorik kendu ahal izan zuten.
Diagnostiko-aldaketak tratamendua erabat aldatu zuen. Hasieran, ebakuntzaren ondoren dena garbi bazegoen, tratamendua amaitzea zen asmoa. Diagnostiko berriarekin, ordea, bost botikako hamabi kimioterapia-ziklo jaso zituen. Guztira, 36 asteko tratamendua izan zen, ebakuntza aurreko lau asteak kontuan hartu gabe.
Nola antolatzen zineten tratamenduarekin?
I.: Hasieran, ziklo bakoitzean hiruzpalau egunez ingresatzen zuten Uhara, Naiarak pasatzen zituen gauak bertan eta egunak gertukoen artean banatzen genituen. Gero, saio batzuetan eguneko ospitalera joan-etorrian ibiltzeko aukera eman ziguten, eta familia antolatzeko, bi aukerak tartekatzea aukeratu genuen.
Astero analitikak egin behar zizkioten, eta sukarra izanez gero, berehala ospitalera joan behar izaten genuen. Ingresatuta uzten zuten, zer zuen argitu arte. Zorionez, hiru aldiz bakarrik gertatu zitzaigun. Erreserborioa otsailean mugitu egin zitzaion eta berriro kirofanora eraman behar izan zuten. Horrelakoek tratamendua atzeratzen zuten, defentsak jaisten zitzaizkionean bezala.
Noiz bukatu zuen kimioterapia?
N.: Uztailaren amaieran. Ondoren, hilabete inguruko atsedenaldia izan zuen, eta PET-TACa, biriketako proba, sabeleko ekografia, analitikak eta gernu-probak egin zizkioten. Abuztuaren 25ean esan ziguten dena garbi zegoela, prozesua hasi eta ia urtebetera.
Nola bizi izan duzue urte hori familia barruan?
N.: Hasieratik bagenekien ospitalean txandak egin beharko genituela. Gurasoetako bat Uhararekin egoten zen eta bestea Arenerekin. Oso argi genuen Areneri ezin geniola bere bizitza normala kendu. Diagnostikoak nahikoa lapurtu zion familiari, eta hari ume baten bizitza ematen jarraitu nahi genion, ahalik eta gutxien kenduta.
Arenek oso ondo kudeatu du, baina momentu zailak eta nirekiko haserre edo zelo-puntu bat ere izan ditu. Ikusten zuen amak bi astetik behin hiruzpalau gau etxetik kanpo egiten zituela. Garai batean dena aitarekin egin nahi zuen, eta niretzat oso gogorra izan zen. Horregatik, asteazkenetako arratsaldeak guretzat gordetzen saiatzen nintzen.
Kimioterapia bukatu zuen egunean Arenek egin zidan lehenengo galdera izan zen: «Amatxo, orain Uharak bukatu duenez, ez duzu gehiago ospitalean lo egin beharko?». «Espero dut ezetz, maitea», erantzun nion. Hortik aurrera asko aldatu da nirekin duen jarrera: berriro nirekin egiten du lo, nirekin egon nahi du eta gehiago besarkatzen nau. Izan ditzakeen haserreen gainetik, izugarri maite du ahizpa eta sekulako heldutasuna erakutsi du.
Uhara, berriz, kristoren bizipoza izan da ospitalean. Txiste ibiltari bat da. Hasieran beldur handia zuen eta negar egiten zuen, baina beti utzi da egin beharrekoa egiten. Denborarekin, ospitalea eta tratamendua bere bizitzaren parte bihurtu ziren, eta onartu egin zituen.
Eta zuek, guraso eta bikote gisa?
I.: Hasieran sekulako beldurra geneukan. Naiara erizaina da, eta nik gauzak ulertzeko sekulako laguntza izan da, beretzat ordea zenbait gauza jakitea askotan ez da erraza izan.
Urtebetez ez genekien biharamunean zer gertatuko zen eta ezin izaten genuen planik egin. Uharak sukar pixka bat bazuen, maleta hartu eta ospitalera joan behar izaten genuen, eta aldi berean Arene norekin geratuko zen antolatu. Logistika guztia bion arteko komunikazioarekin eraman dugu.
Une batean robot baten moduan funtzionatzen duzu: analitika, ospitaleratzea, bazkariak, maletak… Tratamendua amaitu dela esaten dizutenean izugarri pozten zara, baina bat-batean bizitza normala egin behar duzu eta ez dakizu nola. Laurok ikasi behar izan dugu alerta-egoeratik ateratzen eta berriz kokatzen.
Lanari dagokionez, nola moldatu zarete?
I.: Nire kasuan, CUME prestazioa eskatu genuen, minbizia edo beste gaixotasun larri bat duen adingabea zaintzeko laguntza. Aspanogiko gizarte-langileak tramiteak egiten lagundu zigun. Baina laguntza aldi baterakoa da, eta gero lanera itzuli behar duzu. Urtebete eman dugu Uhararen zaintzan; orain berak ez du zaintza bera behar, baina guk denbora behar dugu bizitakoa prozesatzeko.
N.: Erizaina naiz, ospitalean egiten dut lan. Oraintxe bertan ez dut nire burua ospitale batean ikusten; urte osoa han eman ondoren, ez dut berriro han egon nahi. Ez du esan nahi lanbidea utzi nahi dudanik, baina denbora behar dut lanera buelta prestatzeko.
I.: Sistemak ez du kontuan hartzen prozesua amaitzean gurasoek behar duten lanketa emozionala. Zure alaba sendatu dela esaten dizute, baina ezin duzu urte oso bat gau batean atzean utzi.

Prozesu osoan Aspanogi izan duzue bidelagun. Zer eman dizue?
I.: Minbiziaren diagnostikoa jasotzen duzunean erabat galduta zaude. Lehenengo egunerako Aspanogi hor geneukan, besoak zabalik. Laguntza psikologikoa eskaini ziguten, eta gizarte-langileak tramiteekin lagundu zigun. Gure familiaren eta sistemaren arteko bitartekaria izan da; horri esker, guk Uhararen zaintzan jarri ahal izan dugu arreta.
Zer dago Aspanogiren atzean?
N.: Minbizia duten haurren familiok osatzen dugu elkartea, hainbat profesionalekin batera. Ospitalean gurasoentzako atseden-gunea eskaintzen du, baita urrutitik datozen familientzako ostatua ere. Familientzako terapiak eta proiektuak antolatzen ditu, ikastetxeetan sentsibilizazioa lantzen du eta haurren minbiziari ikusgarritasuna emateko zein baliabide gehiago lortzeko lan egiten du.
Zer izan da Aspanogi zuentzat?
I.: Babesa, lasaitasuna eta esker ona. Esperientzia honek betiko markatu gaitu, eta Aspanogi gure bizitzaren parte izango da betirako. Ahal dugun neurrian, elkartearen jardueretan eta boluntario-lanetan parte hartzen jarraitu nahi dugu, jasotako laguntza itzultzeko eta gure ondoren datozen familiei bidea errazteko.
Askotan aipatu duzue zorte handia izan dela Arroabean bizitzea. Nola erantzun du auzoak?
N.: Hasieratik argi izan genuen egoera ez genuela ezkutatuko. Aspanogiren laguntzarekin, gaixotasunari ikusgarritasuna ematea erabaki genuen. Eskolako familiekin hitzaldi bat egin genuen, zer gertatzen ari zen eta Uhararentzat zein egoera izan zitezkeen arriskutsuak azaltzeko.
I.: Une oro eskaini digute laguntza. Familiek errespetatu dute haurrak gaixorik zeudenean eskolara ez eramatea, eta parkean distantzia mantendu behar bazen, hala egin dute. Horri esker, Uharak kalera atera eta beste haurrekin jolas egin ahal izan du. Besteentzat katarro arrunt bat izan zitekeena arriskutsua izan zitekeen guretzat, eta auzoak oso ondo ulertu du. Izugarri eskertuta gaude.
N.: Aspanogiri laguntzeko ekintzak ere egin dira. Azokan eskolako haurrek postu bat jarri zuten, Txepetxak gaia landu zuen, eta zumba-saio solidario bat antolatu zen. Zumbako lagunek antolatu zuten azkena, baina taldetik harago, pertsona, elkarte eta establezimendu askok egin zuten bat. Auzoan ia 5.000 euro bildu ziren Aspanogirentzat. Sekulakoa izan zen zenbat jende mugitu zen.
Txepetxaren lana ere bereziki nabarmendu duzue.
I.: Bai, Txepetxaren lana txapela kentzeko modukoa da. Hiru gaztek bi ostiralean behin antolatzen dituzten saioetan erakusten duten pazientzia, goxotasuna eta dedikazioa izugarriak dira.
Uhararen egoera beti hartu dute kontuan eta tentuz ibili dira. Horri esker, Arenek lagunekin egoten eta bere normaltasunaren zati bat mantentzen jarraitu ahal izan du eta ekintzak leku zabaletan zirenean Uharak ere parte hartu ahal izan du.
N.: Irailean, haur-minbiziaren inguruko sentsibilizazio-saioa egin aurretik, gurekin hitz egin zuten, baimena eskatzeko eta nola geunden jakiteko. Elkar-zaintza horrek asko esan nahi du. Horrelako lanketek haurrei enpatia erakusten diete: galdetzen, errespetuz jokatzen eta egoera zail bat bizi duenari nola lagundu ikasten dute. Balio horiek txikitatik lantzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu.
Baina nola iritsi zineten Arroara?
I.: Arroa ez zen hasieran bizitzeko buruan genuen lekuetako bat. Zarautzen eta Zumaian etxebizitza bila ibili ginen, baina alokairuak oso garestiak ziren. Olaetako etxeen berri izan, ikustera etorri eta hemen bukatu genuen. Behin-behinekoa izango zela pentsatzen genuen hasieran, baina berehala egin ginen auzora. Ezin dugu ahaztu Txomin tabernara sartu ginen lehen aldia, Erkuden eta Joxe Ramon zeuden bertan eta barrura sartu orduko: <<Gaztiak! zer eran behar duzue?>>.
Urteekin, bereziki haurrak izan ondoren, konturatu gara umeak hazteko Arroabea mundiala dela. Askatasunez ibiltzen dira, naturarekin harremanetan, eta beti dago norbait laguntzeko prest. Herri txikiek alde onak eta txarrak dituzte, baina laguntza behar duzunean denak hor daude. Aurten inoiz baino argiago ikusi dugu Arroa altxor bat dela.
Zer jarraipen izango du Uharak hemendik aurrera?
N.: Lehen bi urteetan hiru hilabetean behin egingo dizkiote azterketak, eta gero tarteak luzatuko dituzte. Analitikak, gernu-probak, toraxeko plakak eta ekografiak egingo dizkiote. Onkologiaz gain, kardiologoaren, nefrologoaren eta audiologoaren jarraipena izango du bizitza osoan, kimioterapiak epe luzera izan ditzakeen ondorioengatik. Orain giltzurrun bakarra dauka, eta giltzurrun hori, bihotza eta entzumena kontrolatu beharko dizkiote. Erreserborioa ere urte eta erdiz edo bi urtez mantenduko diote. Bizitza normala egin ahal izango du, baina ospitaleari lotuta jarraituko du, batez ere lehenengo urteetan.
Nola dago Uhara orain?
N.: Normaltasun berri bat ezagutzen ari da. Desiatzen dago trena hartzeko, igerilekura joateko eta eskolan egoteko. Lehengoan igerilekura eraman genuen eta izugarri gozatu zuen. Erosketak egitera joatea ere festa bat da harentzat. Supermerkatu handi batean hainbeste aukera ikusten dituenean harrituta geratzen da. Horrelakoetan konturatzen gara normaltzat jotzen ditugun gauza txikiak ez direla beti hain arruntak.
Eta zuek, nola begiratzen diozue orain bizitzari?
I.: Guk behintzat beste modu batean ikusten dugu. Eguneroko errutinan sartuta, askotan ez gara gai izaten daukaguna baloratzeko. Bizitakoak erakutsi digu gauza txikiei garrantzia ematen, besteen lekuan jartzen eta enpatia handiagoz jokatzen. Bizitza oso gogorra izan daiteke batzuetan; horregatik, ematen digun ona hartu eta asko baloratzen ikasi dugu.
Etapa honi amaiera emateko planak dituzue orain.
N.: Bai. Hurrengo azterketa azaroan daukagu eta eguneroko errealitatera itzuli aurretik, bidaia bat egingo dugu. Umeei beti esaten genien: «Uhara sendatzen denean, bidaia luze-luze bat egingo dugu». Iritsi da eguna: Uhara ondo dago eta bagoaz.
Autokarabana bat alokatu dugu, eta hilabetez penintsulan zehar bidaiatuko dugu, norabide jakinik gabe. Ez gara gehiegi urrunduko, badaezpada ere, baina laurok elkarrekin egotea da plana: lasai joatea, familian gozatzea eta momentua bizitzea.
I.: Ez dugu pentsatu nahi biharamunean analitika edo kimioterapia-saioa daukagunik. Oraingoan, bizi eta gozatu besterik ez dugu egin nahi. Inguru eder bat izatea polita da, baina ez da ezer konpainia ona alboan ez duzunean. Denok ondo eta osasuntsu egonda, familiako uneak baloratu eta elkarrekin gozatzea da nahi duguna.

Ohiana Calparsoro