Paperekoa

[JARDUNIAN] Olatz Erkizia

Olatz Erkiziak (Arroaerreka, 1990) hamar urte daramatza Zestoatik urrun bizitzen. Zehazki Maltan bizi da. Europa hegoaldeko artxipelago bat da Malta, eta Mediterraneo erdian dago kokatuta, Sizilia eta Tunisia artean. Malta uharte handiena da, gero Għawdex/Gozo, eta irla txiki batzuk ere badaude: Kemmuna/Comino, Kemmunett/Cominotto eta Filfla/Filfola. Europar Batasuneko kide da, nahiz eta geografikoki Afrikaren ondoan egon. Erkiziari beti gustatu izan zaio bidaiatzea. Ingelesa ikastea ere nahi zuen; horregatik aukeratu zuen Malta: etxetik ez oso urrun, ingelesez ikasteko primerako tokia eta eguraldi ona. 

Baina duela hamar urte maletak prestatu zituenean pentsatzen ez zuena zen hainbeste denbora pasatuko zuenik han, eta are gutxiago bertan familia bat eratuko zuenik. Danbolinekin irlari buruz, bere egunerokoari buruz… aritu da.

Nor da Olatz Erkizia?

Arroaerrekan jaioa naiz eta bertan bizi izan naiz gurasoekin Maltara etorri arte. Zehazki Zugasti baserrian bizi da nire familia. 36 urte ditut eta duela hamar urte atera nintzen Arroaerrekatik abentura berri baten bila. Bidaiatzea eta abenturak bizitzea asko gustatu izan zait betidanik eta beti saiatu izan naiz ahal dudan guztia bidaiatzen… 

Oso pertsona aktiboa naiz: beti ari naiz zerbait egiten. Eta ez zait gustatzen denbora galtzea. Kirola egitea ere asko gustatzen zait. Denetarik egitea gustatzen zait: korrika, gimnasioa, tenisa, eta baita salsa eta bachata dantzatzea ere. 

Urte asko kanpoan daramatzadan arren, nire familiarekin oso lotura estua dut. Urrun egon arren, gaur egun komunikazioa oso erraza da ditugun baliabideekin: Interneta, WhatsAppa… 

Nire senarra Maltakoa da, bertan ezagutu genuen elkar eta duela pare bat urte ezkondu ginen. Euskal Herrian ezkondu ginen eta oso egun polita izan zen. Gaur egun, 9 hilabeteko haur baten ama naiz; Olaia du izena txikiak.

Zergatik Malta?

Garai hartan, atzerrira joateko beharra sentitzen nuen, eta betidanik izan dut ingelesa hitz egitea helburu. Beraz, ingelesez hitz egin beharko nukeen leku baten bila hasi nintzen, baina lekuak bi baldintza betetzea nahi nuen: eguraldi ona egitea bertan eta etxetik nahiko gertu egotea. Aukera desberdinak aztertzen aritu nintzen, eta iruditu zitzaidan nik buruan nituen baldintzak betetzen zituen helmuga Malta izan zitekeela. Horrelaxe erabaki nuen Maltara joatea!

Zenbat denbora daramazu Maltan bizitzen?

2016ko martxoan abiatu nintzen Zestoatik, bi maleta hartuta, Maltara. Garai hartan ez nuen pentsatu ere egiten hainbeste urte pasatuko nituenik bertan. Dagoeneko hamar urte pasatu ditut hemen. Asko diren arren, onartu behar dut urte hauek guztiak oso azkar pasatu zaizkidala! 

Oraindik gogoan dut Maltan lur hartu nuen lehen egun hura! Iritsi nintzenean izan nuen sentsazioa… 25 urteko neska bat, atzerrian galduta eta irla ez zen nik espero nuen bezalakoa. 

Hala ere, denborarekin lana aurkitu nuen, eta aukera desberdinak sortzen joan dira… Konturatu orduko hamar urte pasatu dira Maltara iritsi nintzenetik!

Ez nuen inoiz pentsatuko hainbeste denbora egongo nintzenik hemen, baina lanean aukera desberdinak izan ditut, gustura nengoen… Gainera, gero, nire bikote kidea ezagutu nuen, etorkizuneko planak egin genituen, ezkondu… eta konturatzerako denbora pasatu da, hamar urte!

Eta nolakoa da zure egun bat Maltan?

Nire bizitza asko aldatu da hona etorri nintzenetik. Hasierako urteetan Slieman bizi izan nintzen, itsaso ondoan, turismo eta mugimendu handiko leku batean, eta gainera lantokia ere bertan nuen. Beraz, oinez iristen nintzen leku guztietara eta ez nuen autorik behar. Bizimodua oso soziala zen: lanetik atera eta lagunekin geratzea, zerbait hartzea edo paseo bat ematera joatea oso ohikoa zen. Beti oporretan egongo banintz bezala sentitzen nintzen.

Oso pertsona goiztiarra naiz: goiz jaikitzea gustatzen zait. Beraz, normalean goiz jaiki eta korrika egitera edo gimnasiora joaten nintzen lanean hasi aurretik. Aisialdian dantza egitea ere asko gustatzen zait, eta astean pare bat aldiz klaseetara joaten nintzen, eta beste pare bat ekitaldietara. Batzuetan kanpora ere joan izan naiz salsa edo bachatako jaialdietara. Udan, berriz, denbora asko itsasoan pasatzeko ohitura dago hemen. Lagunen artean itsasontzia alokatzea oso ohikoa da hemen. Eta oso ohikoa da baita ere eguzkia sartzen ikustera joatea. Lagunak sarri elkartu izan gara ilunabarrak ikustera joateko, astean behin edo gehiagotan egin izan dugu plan hori.

2022an, bizitzeko tokia aldatu nuen. Nire bikote kidearekin, leku lasaiago batera joan nintzen bizitzera, Rabatera. Leku lasaiago eta bertakoagoa dela esan daiteke. Orduan, gidatzen hasi nintzen berriro —ordura arte ez nuen beharrik autoarekin ibiltzeko, esan bezala—, baina Rabaten mugitzeko, beharrezkoa da autoa. Gainera, hemen, Ingalaterran bezala, ezkerretik gidatzen da eta hasieran kosta egin zitzaidan apur bat, baina berehala jarri nintzen.

Orain beste erritmo bateko bizimodua daukat, leku turistiko batetik kanpo, eta horrek aukera eman dit Maltako egunerokoa beste modu batean ezagutzeko.

Gaur egun haur txiki bat duzu. Nola aldatu da zure egunerokoa?

Bai, egia esan, asko aldatu da nire egunerokoa. Iaz izan nintzen ama; bederatzi hilabete ditu gure alaba Olaiak. Esan behar dut gure alabaren izena euskalduna izan arren nire senarrak aukeratu zuela! Kar kar kar… 

Gaur egun, niretzat denbora librerik apenas daukat: haur txiki izanda eta egun osoan lanean arituta, geratzen zaidan denbora librea berarekin pasatzen dut. Horregatik, momentuz nire zaletasunak alde batera utzi behar izan ditut, baina haurra hazten den heinean joango naiz denbora libre gehiago izaten. Orain bizitzen ari naizen garai hau ere oso polita ari da izaten.

Malta parrandaren irla bezala ezaguna da. Horrela da?

Bai, neurri handi batean hala da. Daukan fama zerbaitengatik da. Martxotik azarora arte, ia egunero dago giroa: astelehenetik igandera. 

Negua lasaixeagoa izaten da eta batez ere asteburuetan nabaritzen da. Gazte atzerritar asko dago, eta bertan ez dugunez familiarik, kalean lagunekin denbora asko pasatzeko ohitura dago eta, noski, parranda nahi adina dago.

Ingelesa ikastera gazte asko joaten dira oraindik ere?

Bai, oraindik ere hala da neurri handi batean. Udaran gaztetxo pila bat etortzen da oporretan ingelesa praktikatzera. Urtean zehar, berriz, atzerritar asko ingelesa ikasteko aitzakiarekin, lana aurkitzera eta bertan geratzera etortzen dira. 

Langabezia oso txikia da Maltan eta enpresa askok atzerritik ekarri behar izaten dituzte langileak, bertan daudenekin ez direlako osatzen.

Jubilatu atzerritarrak nabari dira Maltan?

Badago atzerritar jubilatuen komunitate handi bat, batez ere britainiarrena. Ingelesez hitz egiteak asko errazten die bertan bizitzea, eta klima oso erakargarria da. 

Hala ere, kalean ez da hainbeste nabaritzen, gazte asko bizi baitira hemen. Jubilatu askok Gozo irlan bizitzea aukeratzen dute, lasaiagoa da eta.

Beste herrialde batzuetan bizi izan al zara?

Irlandan hilabete egon nintzen. Hala ere, asko bidaiatu izan dut, batez ere COVIDa iritsi aurretik. Nire plana zen ahal zen neurrian hilean behin bidaiatzea, nahiz eta eskapada laburra izan.

Euskal Herriko zeren falta sumatzen duzu?

Nire familiaz gain, nire etxeko belardiak eta mendiak. Maltako paisaia oso desberdina da, lehorra da oso, eta Euskal Herriko berde horren falta asko nabaritzen dut.

Etorkizunean non ikusten duzu zeure burua?

Beti izan dut buruan noizbait etxera bueltatzea. Hala ere, lehen nire asmoa zen etxera itzuli aurretik beste leku batera mugitzea, eta gero bueltatzea etxera. Orain, alaba izan dugunez, planak egin aldatu dira eta inoiz baino gehiago pentsatzen dugu horretan.

Zer gomendatuko zenioke Maltara oporretara doan bati?

Gomendatuko nioke ondo begiratzeko noiz etorri, udan bero oso handia egiten baitu. Ni etorri nintzenean ere bero egiten zuen, baina esango nuke urtero gero eta handiagoa egiten duela, eta batzuetan ia ezinezkoa da kalean egotea. Gu itsasoan edo etxe barruan egoten gara, edo aire egokitua dagoen lekuren batean; ez dago beste aukerarik, egiten duen beroarekin. 

Bestalde, merezi du Valletta, Mdina edo Gozo bisitatzea. Eguraldi ona, itsasoa eta giro ona gustuko dituenarentzat, leku bikaina da, baina hondartza asko ez daude; hemen hondartza gehienetan haitzak daude. 

Parrandaz gain, historia oso aberatsa du lekuak: katakonbak, tenplu zaharrak eta gotorleku asko daude. Udan, gainera, herri askotan festak egiten dituzte eta ia egunero su artifizialak ikusteko aukera dago; izugarri gustatzen zaizkie, gauez ez ezik egunez ere botatzen dituzte; batzuetan, goizeko zortzietan ere entzuten dira.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide