Korrespondentzia

 

Buzoian gauzak topatzen ditut tarteka, gehienetan sobreak: argiaren fakturak, gasarenak, telefonoko konpainiarenak, batzuetan propaganda, bestetan aurreko jabeentzako korrespondentzia, Danbolin, argazki bat behin, pultsera polit bat beste behin (opari-sorpresa) , baita ezkontza baterako gonbidapen bat ere, eta lagun baten postal bat Bordeletik… Ia egunero begiratzen dut eta gehienetan hutsa topatzen dut eta aitortuko dut irikitzen dudanean zerbait egotea gustatzen zaidala. Bai, baita telefonoko konpainiarena bada ere, izan ere, zortekoa ni telefonoa eduki nahi eta ahal izatea. Hala ere, kontzientziak bultzatuta faktura emailez jasotzeko aukeraketa egin ohi dut, hainbeste papel ez pilatzeko. Eta lehen buzoian jasotzen nuena, orain korreo elektronikoan jasotzen dut. Etxeko buzoiaren tankeran, komunitateko perfil honetan sarrerarik ez edukitzea gustatzen ez zitzaidalako eman diot estreinaldia.
Gaurkoan telefonoko fakturatekin nago, edozerrek balio du hausnarketarako…
17 hilabete + 1 dira nire telefono fakturan SMSrik agertzen ez dela; laguna falta dela jakingo ez banu bezala, egunerokoan seinale gutxi baleude bezala, ba telefono zenbakiko fakturak ere ziurtatu egiten dit nire lagun maiteari ez diodala SMSrik bidaltzen, ezin dudalako. Orain beste modu bateko mezuak deszifratzen ikasten nabil, badakit bidaltzen dizkidala-eta: kaUSalitatez gertatzen diren horiek, bibrazio moduan iristen diren seinaleak, nirekin dagoela ziurtatzen didaten horiek… Batzuk besteak baino errazago harrapatzen ditut eta tira, moldatuko naiz, ze erremedio… Eskerrak lagunaren maitasuna mantendu dezakedan bere hutsunea latz sentitu arren…




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide