Normaltasun berria delako hori

Denbora labur-laburrean gauza asko gertatu dira bizi garen mundu honetan. Orain arte ezagutu dugun bizimodua buruz behera utzi du egoera honek. Egun batetik bestera, kalean ibiltzetik etxean itxita egotera pasa ginen, zer gertatzen ari zen eta zer gertatzen ari zitzaigun ondo ulertzeko denborarik izan gabe.
Une honetan, geu, gizakiok, norantz goazen ez dakigula gaude…. Edo bai? Berez, garbi asko ikus daiteke norantz eraman nahi gaituzten munduko boterea eskutan artean duten bi jauntxoek; erabateko obedientziarantz, alegia. Egun ezagutzen eta bizi dugun esklabotza modernoa areagotzen ari da eta beldurra hezur-muineraino sartuta daukagu. Bi pertsonek asko eta askok gutxi daukagu. Eta hau, geure normaltasun berria (izango) da.
Bada, ni normaltasun honekin ez nago konforme, eta, duela egun gutxi herriko plazan ikus ahal izan nuenez, herritar mordoxka ere ez. “Zestoan elkarrekin aurrera” manifestuak zioenarekin bat egiteko, geure adostasuna agertzeko eta, baten batzuk behintzat, zerbait egiteko gogoz, azaldu ginen ekainaren 13an herriko plazara.
Eta orain zer? “Zestoan elkarrekin aurrera” manifestua ekimen batean soilik geratuko al da edo egingo al dugu aurrera hoberen ahal dugun arloetan?
Jakina, zerbait egin eta lortu nahi badugu, elkartu egin beharko gara komunikatzeko eta elkarrekin lan egiteko. Agian, batzuk hasiak izango zarete zerbaitetan. Ez dakit. Nik dakidana hau da: herrikoa herrian herrikoentzat eta elkarrekin aurrera lemapean lan egin nahiko nukeela, gorputza eta burua lasaitu edo estresa kentzeko, adibidez. Pertsona lasai badago, argiago pentsatuko du eta bere jarrera baikorragoa eta alaiagoa izango da.

Hau da, nire eskaintza. Esan bezala, ni mugitzeko prest, eta zu?

Sorkunde Etxezarreta Romo