Albisteak

Odol ematearen garrantzia azpimarratu dute Odol Emailearen Nazioarteko Egunean

Gaur da Odol Emaileen Nazioarteko Eguna, eta urteroko hitzordu seinalatu honen harira, odola ematearen beharra azpimarratu dute Zestoako Odol Emaileen Elkarteko kideak. Helburu nagusia odol-emaileen kopurua handitzea eta emaile berriak erakartzea da.

Elkartetik gogorarazi dutenez, Euskadin bost minututik behin pertsona batek behar du odol-transfusio bat, eta odola ezin denez fabrikatu, “herritarren borondateari esker bakarrik lor daiteke”. Horregatik, ekintza horren garrantzia ikusarazteko eta emaileen konpromisoa aitortzeko, kartel oroigarri bat jarri dute herriko plazan.

Odol gaztea behar-beharrezkoa

Zestoa bezalako herri txiki batean dauden odol-emaileen datuak esanguratsuak direla nabarmendu dute elkarteko kideek. Alabaina, bereziki gazteei egin diete odol-emaile izateko deia, etorkizuna haien esku dagoela azpimarratuz. Gogorarazi dutenez, gizonezkoek urtean lau aldiz eman dezakete odola, eta emakumezkoek, berriz, hirutan.

Odol-emaileen kasuan odola emateko unea laburra izan arren, odol hori jasotzen dutenentzat “bizitza eta ilusioa berreskuratzea” ekar dezakeela diote. Azaldu dutenez, odol-emateek ospitaleetako eguneroko jarduna ahalbidetzen dute, askotariko tratamenduak, gaixotasunak edota transplanteak artatzeko ezinbesteko baliabidea baitira. Hala, hornidura egokia bermatzeko funtsezkoak dira dohaintza erregular eta borondatezkoak. Horretarako, baina, “ez da itxaron behar gertuko norbaitek odola behar izan arte emaile izateko pausoa emateko” azaldu dute, Euskadin, egunero, 450 donazio behar baitira.

Bestalde, gogorarazi dute lehen hepatitisa izan duten pertsona askok ezin izaten zutela odola eman, baina gaur egun, kasu gehienetan, odol-emaile izan daitezkeela.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide