[POSTONTZIA] Eskerrik asko, Zestoa!

Astebete da Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokor arrakastatsua egin zenetik. Greba orokorrak jarraipen zabala izan zuen Zestoan, goizetik gauera, eta horrek erakusten digu zenbateraino errotuta dagoen gure herrian klase elkartasuna.

Greba honen arrazoiak hasieratik bere egin ditu Zestoako langileriak, eta patronalak, EAJk eta PSEk egin dutenaren kontra, ozen aldarrikatu du justiziazkoa dela hemen gure lan eta bizi baldintzak erabakitzea, batetik, eta ez dela bidezkoa gutxi batzuen prekarietatearen eta pobretzearen kontura beste batzuek etekin handiak pilatzea, bestetik.

Mezu hori ondo ulertu dute herriko merkatariak eta ostalariak ere. Hasieratik harrera ona egin diote greba deialdiari, establezimenduz establezimendu informazioa banatzen aritu garenean, eta, jakinik ere greba egitea esfortzu berezia dela haientzat, askok eta askok erabaki dute egun horretan ‘itxita’ kartela eskegi, greba egin eta mobilizatzea. Lantegietan langileekin egingo dugun moduan, zuei ere bihotzez eskertu nahi dizuegu zuen inplikazioa eta elkartasuna.

Eskerrek ematearekin batera, deia luzatu nahi diogu zestoar orori langileen prekarietatea bultzatzen duten saltoki handiak alboratu eta Zestoako tokiko merkataritza eta ostalaritza babestu ditzan, herrian kontsumitu dezan eta denon artean herri bizi eta bizigarri bat eraiki dezagun.

Jarrai dezagun lan eta bizi baldintza duinen alde borrokan, Zestoatik bertatik hasita.

GUTXIENEKO SOLDATA
HEMEN ERABAKI
SMI 1.500€

Martxoaren 17ko Zestoako Greba Komisioa




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide