Albisteak

Zestoa 2030 Herri Plangintzari lotutako diagnosia eta plan estrategikoa jarri ditu Udalak herritarren eskura

Zestoa 2030 Herri Plangintza Zestoako Udalak datozen hamar urterako bideorria definitzeko abiatutako prozesuaren emaitza da. Lehen fasean herritarren ekarpenetatik egindako diagnostikoa eta bigarren fasean hauetan oinarrituta osatu den plan estrategikoa dokumentuak jarri ditu orain Udalak herritarren eskura

Pasa den ekainaren 24an, Zestoa 2030 Herri Plangintzaren inguruko argibideak emateko prentsaurrekoa egin zen. Orduan esan bezala, Plan Estrategikoa herritarren eskura egon dadin, Zestoako Udaleko webgunean zintzilikatu da eta honekin batera, baita partaidetza prozesuan herritarrek egindako ekarpenetatik egindako diagnosia ere.

“Zestoa 2030 Herri Plangintza” izeneko prozesuaren bigarren fasea jasotzen da txosten honetan. Lehenengo fasean parte hartu zuten eragile ezberdinen gogoeta eta ekarpenak kontuan izanda 2021-2030 epealdirako idatzitako Zestoarako plangintza da hau, eta bertan Udalak jarraitu beharreko gidalerroak eta kudeaketa eredu berri baterako oinarriak ezartzen dira. Zestoako Udalaren hurrengo 10 urteetarako lehentasunak markatzen ditu txosten honek beraz, eta bertan, Udalarentzat proiektu giltzarriak identifikatzen dira. Plangintza hori, dagoeneko Zestoako Udalak
garatua daukan Zestoako Udalaren 2021-2030 Plan Estrategikoaren egitura kontuan hartuta idatzi da, Euskalit erakundearen Kudeaketa Aurreratuko prozedura jarraituz egindako prozesuaren emaitzekin bateragarri eginez.

Siadecoko ordezkari Juanjo Allurrek azaldu zuenez, ez da dokumentu “itxi” bat, “doitzen” joan beharreko dokumentua baizik: “Udalak diagnostiko bat eta plan bat ditu, herrigintzaren alor guztiak bildu eta kontuan hartzen dituena. Arlo askotan eraginkorrak izateko elkarrekin aritzeko politikak aplikatu behar da. Udalak, gainera, badauka plan estrategiko bat, udaletxeko barne funtzionamendua egokitu eta hobetzen joateko planteamendua daukana”.

Prozesu hau “hasierako fasea” izan dela azaldu zuen alkateak eta udazkenetik aurrera, egitasmo guzti horien egikaritza “mahai gainean” jarriko dutela. Herrigune zein auzoetan bilerak egingo dituztela eta zestoarren inplikazioa “ezinbestekoa” izango dela “benetako plangintza batek ezin baitu udaletxeko lau pareten barruan gelditu” esan zuen.

Beheko lotura honetan duzue bi dokumentuak deskargatzeko aukera:

https://www.zestoa.eus/eu/zestoa-2030-herri-plangintza




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide