Uztaila 2026
— 2026-08-25Irakurri 284. zenbakia hemen.

Zestoa Osasuntsuko taldekideek piztu dute Amabirjinetako festei hasiera eman dien suziria, Mikel Arregi alkatearen hitzartzearen ondoren. Arregik Zestoa «herri osasuntsua» dela nabarmendu du, eta osasuna zentzu zabalean ulertu behar dela adierazi du: sexu orientazio ezberdinekiko errespetua, kulturartekotasuna eta euskararen osasuna aipatu ditu, besteak beste. Balio horiek errespetatzen ez dituena herrian «ongi etorria» ez dela izango gaineratu du. Halaber, egungo indibidualismoaren aurrean benetako alternatiba herrigintza dela azpimarratu du, eta Zestoa Osasuntsuren jarduna horren adibide dela.
Jarraian, Zestoa Osasuntsuko Arantxa Errezabalek irakurri du taldearen pregoia. Haiena, hirugarren adinekoei zuzendutako egitasmoa izan arren, herritar guztiak gonbidatu dituzte beraiekin parte hartzera. Amaitzeko, festak «errespetuz, osasunez, elkartasunez eta laguntasunez» ospatzeko desioa helarazi diete zestoarrei.
Jarraian, bandak musika jotzeari ekin dio, eta txistulariak eta buruhandiak kalejiran abiatu dira herriko kaleetan barrena. Festa giro betean, eguerdiko paella lehiaketarako prestaketekin hasi dira herriko koadrillak. Osagai sekretuak prest, arroza sutan jarri eta paellak martxan dituzte dagoeneko.
Umeek ere izan dute haientzako propio prestatutako gunea frontoi inguruan, eta gogoz geratu direnek arratsaldean ere izango dute bertaratzeko eta jolasean jarraitzeko aukera.
Bitartean, Erdikalean, Danbolineko bazkideen artean mariskada zozkatzeko mahaia jarri dugu, eta laster jakingo da nor den irabazlea.
Giro bikaina nabari da herrian, eta 14:30ean bazkaltzera eseriko dira herritarrak plazan.
Arratsaldean ere festak ez du etenik izango:
15:30-19:30. Jolas parkea umeentzat frontoi inguruan.
17:00. Jolasak.
20:00. Ustekabe txaranga.
22:00. Azax eta Jonkass DJa.

















































