Albisteak

EAJk Iraetako futbol zelaia lehenbailehen berritzeko eskatu du

Zestoako EAJk Iraetako futbol zelaian esku hartzeko eskatu dio Udalari, instalazioek 19 urte daramatzatelako berritu gabe. Talde jeltzaleak adierazi duenez, futbol zelaia eta inguruko azpiegiturak “ez daude gaur egungo kirol beharrak asetzeko moduan”, eta berritze lanak “lehenbailehen” hastea eskatu du.

EAJren arabera, azken urteotan gero eta haur eta gazte gehiago ari dira instalazio horietan kirola egiten, baina ez da hobekuntza nabarmenik egin. Hori dela eta, “egungo egoerak ez du bermatzen kalitatezko eta segurtasun baldintzak betetzen dituen kirol jarduera bat”, adierazi dute ohar baten bidez.

Jeltzaleek uste dute instalazioen berritzeak gazteen ongizatea hobetuko lukeela, eta Zestoan oinarrizko kirola indartzeko urrats garrantzitsua izango litzatekeela. Halaber, Udalak hurrengo aurrekontuetan horretarako baliabide ekonomikoak aurreikustea eskatu dute.

Amaitzeko, EAJk nabarmendu du kirolak duen garrantzia gazteen hezkuntzan eta osasunean, eta Udalari galdegin dio Iraetako futbol zelaiaren berritzea “lehentasun bihurtzeko”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide