Uztaila 2026
— 2026-08-25Irakurri 284. zenbakia hemen.

Jaialdiaren jatorrian ia zortzi urtez luzatu den prozesu judiziala dago. Joan den abenduan epaitu zituzten Zestoako sei herritar, eta ekainean jakin zen absolbitu egin zituztela. Mugimendu Feministaren hitzetan, «berri pozgarria» izan zen, «ezinbestekoa zauriak ixten hasteko».
Mugimendu Feministak salatu du prozesuak «sufrimendua, nekea eta ziurgabetasuna» eragin diela sei herritarrei, eta urte horietan guztietan jasotako herritarren babesa nabarmendu du: epaiketa hasi aurretik Zestoako plaza bete zutenena, Donostiako epaitegira bost egunetan babesa erakustera joan zirenena, sostengu mezuak bidali zituztenena eta zaintza lanetan aritu zirenena. Haien hitzetan, «elkartasun feminista zigortzeko saiakerari tona bat elkartasunekin erantzun zion herriak».
Absoluzioarekin, ordea, prozesuaren ondorio guztiak ez direla amaitu azaldu dute. Izan ere, Mugimendu Feministaren arabera, prozedura judizialak 30.000 eurotik gorako kostua eragin die sei zestoarrei. Horregatik, urriaren 17ko jaialdiak bi helburu izango ditu: gastu horiei aurre egiten laguntzeko dirua biltzea eta, aldi berean, Mugimendu Feministak «elkartasun feministaren garaipena» gisa definitu duena ospatu eta aldarrikatzea.
Antolakuntzan Zestoako eta inguruko hainbat eragile eta herritarren laguntza izan dutela ere azpimarratu dute. «Izugarria izaten ari da horien inplikazioa», adierazi dute, eta jaialdian parte hartuko duten musikari eta bertsolariek erakutsitako konpromisoa ere eskertu dute.
+ 12:00 Ongietorria
+ 12:15 Bertso saioa
Onintza Enbeita eta Uxue Alberdi.
+ 13:00 Poteo musikatua
Le Big Gibel taldearekin.
+ 14:30 Herri bazkaria
Bazkalostean poesia errezitaldia.
+ 17:00etatik aurrera kontzertuak
Rodeo eta Familia, Aizpea, Ke Lepo, Sara Zozaya eta Ines Osinaga.
Hiru sarrera mota jarri dituzte salgai:
+ Bazkarirako txartela – 25 euro; prekarioentzat, 15 euro. Aukera beganoa egongo da.
+ Kontzertuetarako txartela – 18 euro; prekarioentzat, 15 euro.
+ Egun osoko txartela (bazkaria + kontzertuak) – 40 euro; prekarioentzat, 28 euro.
Sarrerak Zestoan, Portalen eta Ogiberrin; Zumaian, Emakumeon* Etxean; Azpeitian, Orkatzen eta Nizan; eta Zarautzen, Arranon daude salgai.
Antolatzaileek herritarren laguntza beharko dutela azaldu dute jaialdiaren egunean ere. Boluntario aritu nahi dutenek zestoakomugimendufeminista@gmail.com helbidera idatz dezakete.