Zestoako plazak pena ematen dit

Urteak dira Zestoako plazak pena ematen didala. Ikaragarri gustatzen zait gure plaza eta herritarrok egunero muturraren aurrean edo hanka azpian dugunez, agian ez diogu bakoitzean erreparatzen, baina, esango nuke aurreneko aldiz plazara iristen dena txundituta gelditzen dela lurrera begira.

Zorionez erabaki eder bat hartu zen bere garaian eta jada plaza ez da herriko aparkaleku. Baina ostiraletan furgonetaz betetzea onartzen dugu eta udaleko ibilgailuak ere maiz ikusten dira ate ondoan.

Beti pentsatu izan dut gurean ere, beste herri askotan bezala mantenu lanetara diru gutxiegi bideratzen dela, edo plazaren kasuan, batere ez. Eta ez da premiarik ez duelako.

Kaleetako adokina aldatu zenean, barreretako buruzuriak sartzeko gainazal leun leuna zuten harri handi haiek kendu ziren. Non ote daude? inork ba al daki? Gerora, barrera berriak zirela eta, geratzen ziren harri handi haien ordez txapa edo dena delakozko oinarriak jarri ziren. Oinarri horien buelta guztietan harriak solte daude eta fundamentuz konpontzen ez direnez, herritarrak, beharraren poderioz, bere kabuz eta norberaren irizpideetan oinarrituta, konponketak egiten hasita daude. Posible al da horretara iritsi beharra?




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide