1612. urtean osatutako kofradia Aizarnan

Askotan irakurri izan dut  Santa Engrazia Donearen deboziozko kofradia bat bazela XVII. gizaldian Aizarnan.  Honen berri jakiteko irrika aspalditik nuen, beraz aztarka   pixka bat  egin ondoren egiaztatzea lortu nuen.

Eliz barrutiak Donostiako seminarioan duen artxiboan aurkitu dut dokumentazioa. Kofradia honek zituen  arauak liburuxka zahar batean jasota daude, “Libro de las Constituciones de la Cofradía de Aizarna” izeneko batean alegia. Bertan jasota dagoena  irakurtzeko aukera paregabea izan dut; bitxia benetan.  Kofradia hau 1612. urtean osatu omen zen. Aspaldiko kontua  da beraz, 400 urte eta gehiago ere badira eta. Aitortu behar zaila egin zaidala ondo ulertzea,  kaligrafia berezian  idatzita baitago liburuxka hau.

Ziurtasunez jokatzeko sarritan irakurri dut eta ustez akats handirik gabe transkribatu ditut.  Arauen edukia ahalik eta egokien  ulertu ondoren euskaratu egin ditut,  eta berauek argitaratuko ditut hemen, Aizarnako historiaren zati garrantzitsu bat izanik interesa duenak eskura izan ditzan.

Santa Engraziako Ermita Aizarnako parrokiari dagokiola adierazten da dokumentazioan, baina bere ondareak  kudeatzen zituela ere bai, abere eta guzti. Ondareen zerrenda nahiko luzea denez beste baterako utziko dut.

Liburuxka hau gazteleraz idatzita dago guztiz, baina  adibide bat ematearren, sarreran irakur daitekeen testuak honela dio: “Nos los cofrades de la cofradia  de Señora Santa Engracia de la tierra de Aycarna juridiscion de la Villa de Zestona invocando en nombre de Dios aquien humildemente pedimos y suplicamos nos assista y presida para ser de su divinidad y de buen gobierno dela dicha cofradia  y salvacion de nuestras animas y ordenamos las reglas y ordenancas siguientes” (Libro de las Constituciones de la Cofradía de Santa Engrazia de Aizarna, 32. orr.)

Arauak diotenez bi arduradun  edo zuzendari  behar zituen  kofradiak eta  hauek  aukeratzeko bozketa zuzena egiten zuten kideen artean. Horretarako kofradeek, txartel batean sartu behar zuten izena, lapikoan  edo lurrezko ontzi batean. Gizon ‘zuzen’ bat arduratu behar omen zuen txartelak  ateratzeaz, beti  ere  erretorearen gainbegiradapean.

Lehen aukeratuak kofradia kudeatu eta   diru kontuaz arduratu behar zuen. Bi zuzendariak  elkarrekin arduratzen ziren kofradiaren funtzionamenduaz, aginpidea osoa zuten elkartean. Urte baterako aukeratzen zituzten, eta berriz aukeratzeko hiru urte pasa behar ziren. Bestalde kofradia uztea arazo edo argudio seriorik gabe zigortuta zegoen bi errealekin, arduradunek erabakitzen zuten  arazoaren maila.

Kofradiak liburuxka  zuri bat eduki behar zuen,  bertan kofradeen izenak, aukeratutako zuzendariak, diru kontuak eta abar idazteko.  Elkartutakoen artean zegoen apaiz, fraide  edo  elizgizonen bat arduratzen zen berauek idazteaz.  Garai haietan idazten zekien kofrade gutxi izango zirelako agian.

Apirilaren 16an, Santa Engrazia egunean, jai egitera behartuta zeuden  kofradeak.  Meza nagusia egingo zen ermitan, eta errespontsuak, kofradian hildakoen alde.  Egun hau jai ez egiteak,  erreal bateko zigorra zuen eta berau Aizarnako parrokian utzi behar zen, kofradiaren beharretarako.

Kofrade izateko edozein parrokianok zuen aukera, naiz emakumezkoa  edo gizonezkoa izan, baina  kide izateko erreal bat ordaindu behar zuen.  Kofrade eguna, ermitan ospatzen zuten  abuztuko lehen igandean. Meza honetaz  erretore Jauna arduratzen zen, eguerdiko   bazkariaren  truke.

Abuztuko lehen igande honetan, kofradeek  bertara hurbiltzea ezinbestekoa zuten, Horretarako   Aizarnako elizan jakinarazten zieten kideei egun batzuk lehenago.. Gaixo edo arazoren bat izatean  arduradunari jakinarazi behar zitzaion. Horrela ezean erreal erdiko zigorra ezartzen zitzaien.

Lehenik meza nagusia eta ondoren bazkaria. Bazkarirako  mahaiak atarian jartzen zituzten edo bestela serora etxean.  Lau kofradeentzako  plater bat eta menua  ere idatzita zeukaten. Morroiak eta seme-alabek ez zuten lekurik, arau hau betetzen ez zuenak erreal bateko zigorra zuen.

Ermita honek etxe bat zuela itsatsita entzun izan dut, orain arte ez nuen gehiegi sinesten baina  bazkaltzeko mahaiak   ermita atarian edo seroraren etxean jartzen zituztela  irakurtzean, egia dela  sinesten hasi naiz.

Lau kideentzako plater bat, eta  plater bakoitzari zegokion janaria honelakoa zen:  lau libra ogi, bi libra zikiro eta  bi libra behiki. Ardoaren neurria ez dago hain garbi, txarroa izango da seguruenik. Postrean  gazta zaharra  edo fruta. Janaria prestatzeko garaian  lapikoak  urdaiaz  ondo osatuta  egon behar  zuen, janaria atsegina izan zedin, eta mahaitik jaikitzerako  bi erreal kobratzen zituen arduradunak. Egun biribila antolatzen zutela ezin ukatu.

Kofrade egunean karta jokoa  debekatuta zegoen ermitan  eta bertatik “balezta” baten tiroa iristen zen distantziaren  barnean ere bai.

Kofraderen bat hiltzean, naiz Aizarnako lurretan edo kanpoan,  ermitan kanpaiak jotzen zituzten, eta hildakoa Aizarnako parrokian lurperatzen zuten. Hildakoaren alde meza kantatutakoa eta  15 aitagure  bere   arimaren alde. Horretaz gain, kandela handiak piztuta egon behar  zuten elizkizunean. Kofrade bakoitzarentzat bost ontzako kandela edukitzea behartuta zegoen  elkartea, elizkizun hauetarako.

Kofradia behartuta zegoen lurperatzean  bere kideen gorpua zapi batekin estaltzera,  zapi beltza erdian  gurutze zuriarekin. Zapi honi Tenplarioen kutsua hartzen  diot,  ‘hospitalarios’ deitzen zieten tenplarioek erabiltzen baitzuten kapa beltza gurutze zuriarekin. Kofradiaren ikur  bezala erabiltzen ote zuten?

Kideen artean liskarrak sortzen baziren kofradiako bi arduradunak beste bi lagunekin ahalegintzen ziren bakea ezartzen. Ezin bazuten lortu,  kanporatu egiten zituzten  elkartetik. Liskarrak bere onera etortzean arduradunek berriz onartzeko aginpidea  zuten.

Suarekin kaltetuak edo pobrezian erortzen ziren  kideen alde, arduradunek beste kide batzuekin  limosna bilketa egiten zuten berauei laguntzeko.

Kofradia honek Iruñeako  Gotzaindegiaren  babesa  zuen.  Aizarna Gotzaindegi  honen  partaide zen, eta arauen barruan elizbarruti honen laguntza eskaerak  ikusten dira. Arauak idatzi eta sinatzen, Licenciado Don Bartolome Jaca delakoa agertzen da.  Iruñeako  Gotzaindegiak  zituen   parroki   guztien   bisitaria zen berau.

Kofradia honek zituen xehetasun  denak ez ditut jaso, garrantzirik gabeko  asko irakurtzen baitira bertan. Baliteke irakurtzeko garaian akats txikiren  bat izatea ere, baina orokorrean   kofradi honen  arau eta  helburuak  ondo ulertzen direlakoan nago.

 

Jon Egiguren

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide