327. Itxaropena margotzen

Uztaila ate joka dugu eta nik, dagoeneko, jarri dut begien aurrean gure lagun Lurdes Unanueren margolan polita. Polemikarako aitzakia bikaina, nahiz eta ez naizen sartuko sakon-sakoneraino. Jakina, Laranjadiko kioskoaz ari naiz. Dena den, bukaerarako utziko dugu.

Ikuskatzaileen begietan zegoen Lurdes lan horiek margotzen zebilen garaietarako. Izaten dira, ba, kiroletan-eta, ingelesez “scout” deitzen direnak, kirolariak behatzen ibiltzen direnak, klubetan fitxatzeko. Ba arte kontuetan ere berdin, adituek jarrita zeuzkaten begiak Lurdesengan.

Gure Axun Arrazolak 1978an hitzaldi bat eman zuenekoa aipa daiteke, esate baterako. Hil berria zen Joan Erentxun oroituz, bailarako artearen errepasoa egin zuen, Erentxun tradizio artistikoko lurralde batean jaio zela frogatzeko helburuz: “Eta galdetzen diot neure buruari, eta galdetzen dizuet, harritu al gaitezkeen gaur egun ere batzuk fruitu eta beste batzuk oraindik promesa diren hainbat izatea, hala nola Nartziso Balenziaga, Eloy eta Joan Erentxun, Joanito Eguiguren, Pili Alkorta, Pedro Hernández, Maria Lourdes Unanue, pinturaren aldetik (…)”. Bazen norbait, gure Lurdes, Arrazola bezalako Artearen Historiako doktore batek erreparatu bazion. Tira…

Ez dago esan beharrik zer irudikatzen duen margolanak. Goazen “dramatis personae”-ak aletzera: Bikario etxea egina dago, baita berriagoa dena ere Dorretxikia izandakoaren orubean, “setentero-setentero”. Haruntzago dago Dorrea edo Romana ostatua, ia 200 urte lehenago eraikia, eta eskuinerantz guk Olaizolatarrena eta Herrero deitzen genituenak (izango dute etxe horiek izen historikoa; asko eskertuko nituzke argibideak).

Estilo anitzeko atrezzo horretan, artista printzipala edo “prima donna” kioskoa da, eta laguntzaile, berriz, zuhaitzak. Hori guztia gustu handiz enkoadratuta dago: bertikalki, hiru zutabe, eta angelu batetik (bere etxetik) margotu izanak aberastu egiten ditu gure buruan sortzen diren lerro, perspektiba, ihesbide eta abarrak.

Negua da, itxura guztien arabera goiz aldea, ez dago itzal bat bera ere. Lizardik esango zukeen bezala, “eguzkirik ez dute leiotan zapiak; aur-yolasik ez dago gaur zure kalean”. Aztoragarria da irudia; izan ere, ez baitabil inor kalean, ez baitago inor balkoietatik begira, ez baitago bizitzarekin lotzen ditugun keinu horietako bat bera ere. Zuhaitz mordo hori dago, hori bai, baina munstroak edo izaki misteriotsuak dirudite, zarpa horiekin, beldurra eman beharko baligute bezala.

Ematen du, lehen esan duguna, dena atrezzo bat dela eta ordua iritsi zain gaudela gu, ikusle pasiboak, aktoreak bistaratu eta txaloka hasteko. Eta hori gutxi balitz, danbolineko irudi hautatzaileek uztailerako, bizitza gorenean dagoenerako, aukeratu dute margoa. Zerbaitek nokeatuta uzten gaitu. Amets batean bezala gaude, piezak elkarrekin bat ez baletoz bezala.

Non dira, arnasari tarterik ere eman gabe etengabeko jolasean aritzen ziren ume haiek? Non dira Aurrezki Kutxa Probintzialera edo Agustin tabernara edo Herreronekora zihoazen herritar haiek? Non da kotxeren bat, gurdiren bat, kale garbitzaileren bat, inoiz egon ez den lore eder bat balkoiren batean? Auskalo…

Jakina, ez dira ageri margo batean ikusi ezin diren beste gauza zatar batzuk ere, esate baterako, kioskoa bezainbeste komuna ere bazela, eta garaiko agiriek dioten bezala, “helburu bakarrarekin” egina, hau da, udaletxearen kontra zeuden pixatokiak behin betiko kentzeko helburu bakarrarekin, zeren-eta jasanezin bihurtzen omen zelako, udako denboraldian, hango usain txarra. Margoan ageri den honek arrosa-usaina ote zuen? Baina, tira, gustu txarrekoa da hemen gauza lurtar horiek aipatzen jardutea.

Kontuak kontu, dagoen-dagoenean ikusita, ederra deritzogu margoa. Aztoragarria baina ederra. Dena falta den arren, edo, horrexegatik, dena falta delako, guztioi segituan etortzen zaigu Laranjadi onenean egoten zen garai zoragarri hura: dantzaldi haiek, jolas haiek, kioskoan jotzen ibilitako musikari ezagunak, uda betean ertzetako banku haietan itzalpean egoten zen giroa… (bakoitzak jar dezala berea). Esan genezake dekadentzia transmititzeko baino, itxaropena iradokitzeko egina dagoela margoa. Begiratzerakoan, negatibo bat ikusten ari bagina bezala, gure begiek positiboa ikusi nahi dute, eta, hortaz, badakigu laster azalduko direla umeak, laster pasako dela banda edo txistulariak kalejiran, segituan ikusiko dugula jendea hara eta hona bere eginkizunetan, eta, batez ere… Batez ere, laster hasiko direla platanoak hostatzen, eta beren itzal trinkoarekin emango digutela estalpea.

Esan beharrik ez dago, askotan esan dudana, alegia, lehengo Laranjadin zeuden hainbeste zuhaitz egongo balira oraingoan, asko irabaziko lukeela edertasunean. Baina kontu hauetan, asko dira nik baino lehen hitz egindakoak: “Nire indar guztiaz gaitzesten dudana da nola agindu duen autoritateak platano indartsuak inaustea. Beren kopa baxu eta biribilekin agertu ordez, garrantzirik gabeko fruta-arbolen antza hartuz, askoz hobeto leudeke beren forma ederra har dezaten lagunduko balitzaie (…). Baina alkate jaunaren nahia despotikoa da, eta urtean bitan, Udalarenak diren zuhaitz guztiak errukirik gabe moztu egiten dira”.

Ez dadila kezkatu, ordea, gure alkatea; hor aipatzen dena ez baita Ertxin, baizik-eta M. de Renal, eta herria, berriz, Verriéres (Frantzia). Autorea, Stendhal kutuna. Oraintxe berrirakurtzen ari naizen “Le Rouge et le Noir” (Gorria eta Beltza) ederraren hasierako orrietan dago esaldi bikain hori. Eta 1830ean esana da! Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ez horixe.

Tira, baina ez dugu hemen Stendhal protagonista, eta itzul gaitezen margora. Bada horixe: Egipto garaiko eskultura haietan bezala, geldi-geldirik dagoen pertsonak ematen duela istant batean oinez hasi behar duela, bada hemen ere berdin: segituan piztu egingo da dena, eta gure ametsetako Laranjadi onen-onenean ikusiko dugu. Eskerrik asko, Lurdes!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide