Maiatza 2026
— 2026-06-03Irakurri 282. zenbakia hemen.

Atzo aurkeztu zuen Donostian bere hirugarren liburua Kepa Iribarrek. Getariarra jaiotzez baina Arroabeko bizilaguna den idazleak Odol ilargiaren alaba izeneko eleberria kaleratu du Erein argitaletxearekin. Aurretik 72 ordu (2022) eta Erleen azken ziztada (2025) argitaratu ostean, oraingoan fantasiazko eleberria idatzi du.
Iribarrek azaldu zuenez, alabaren eskakizun bat izan zen liburuaren abiapuntua. Fantasiazko istorioen irakurle amorratua den alabari askotan esaten zion idazleak euskaraz irakurtzeko, baina erantzuten zion euskaraz ez zegoela genero horretako lan askorik, eta berak idatzi beharko zuela halako bat. Erronka horri helduta sortu du Odol ilargiaren alaba, euskaratik eta euskaraz sortutako fantasiazko kontakizuna. Erein argitaletxeak ere hasieratik ilusio handiz hartu zuen proiektua, euskaraz sortutako fantasiazko obren hutsunea betetzen lagun zezakeelakoan.
Ranjartian izeneko lurralde fantastikoan kokatzen da istorioa. Liv izeneko 16 urteko neska da protagonista, eta bere bizitza erabat aldatuko duen gertaera baten ondorioz ihesari ekin beharko dio. Bidean zehar, mundu berriak, sekretuak, magia eta hainbat erronkari egin beharko die aurre. Abentura handi bat izateaz gain, laguntasuna, beldurra, ausardia edo norberaren ezagutza bezalako gaiak ere jorratzen ditu eleberriak.
Aurkezpenean, Iribarrek eskerrak eman zizkien proiektuan bidelagun izan dituen editoreei, eta bereziki Iban Landaren lana goraipatu zuen. Izan ere, Landak egin ditu liburuaren azala eta barruko mapa. «Hau ikusteagatik bakarrik merezi izan du liburua idazteak», adierazi zuen idazleak, ilustratzailearen lanarekin «txoratuta» dagoela aitortuz.