Paperekoa

[ZUTABEA] Motxila bete bizipen

Maratoia ez da soilik lasterketa bat; bizipen ugari eman dizkidan zerbait da niretzat. 42,195 kilometroak ez dira hasten lasterketa egunean, hilabete batzuk lehenago, goiz euritsuetan, goizeko 6etan lanetik aterata, gogo gutxi dagoenean… hori izaten da, askotan, benetako maratoia!

Nire burua hobeto ezagutzeko balio izan dit, argi utziz muga gehienak buruan daudela eta pausoz pauso etsi gabe jarraitzeak bere emaitzak ematen dituela. Ondo gogoan dut, adibidez, 2013an Donostian egin nuen nire lehen maratoia. Irteeran nabari ziren urduritasuna, ezinegona eta inguruko korrikalarien ilusio eta arnas-hotsak. Erraz ahaztuko ez dudan oroitzapena da.

Baina maratoiak badu kilometro esanguratsu bat ere korrikalari gehienontzat: 30. kilometroa. “Horma” deitzen dioten hori. Hortik aurrera indarrak amaitzen doazen heinean, bihotzak hartzen du txanda. Valentziako maratoi ospetsuan parte hartu aurretik irakurri nuenak ondo deskribatzen du sentipen hori. Halako zer edo zer zioen: “30. kilometrora arte hankekin egiten da korrika, ondorengo 10 kilometroetan buruarekin, azken 2 kilometroetan bihotzarekin, eta amaitzeko falta diren 195 metrotan, begiak malkoz josita”.

Eztanda bat da helmuga zeharkatzea. Lehertzen dira sentimendu guztiak, malkoak, irribarrea, amorrua… Bide gogorraren ondoren ematen digun bizipoza, azken finean. Eta hori dena ezin, neurri handi batean, errepide ondoetan izaten ditugun ikusle, lagun zein familiartekoen oihu eta animorik gabe.

Askok esaten digute: “merezi al du, helmugan sartzean bizitako poza sentituta ere, aurretik pasatako sufrimendu guztiak?”. Sufrimendua lagunekin hobeto eramaten dela erantzuten diet. Zenbat maratoi eta prestaketa korrikako lagunekin bizitako abenturaz beteta… Maletak ilusioz eta zapatilaz bete eta joan gara Amsterdam, Dublin edo Municheko asfaltoetan gure aztarna uztera.

Bidaia bakoitza opari bat izan da: leku berriak ezagutzea, lagunartean gozatzea, hurrengo erronkarekin amesten hastea… Maratoiak gogorrak izaten dira, bai, baina, lagunartean eginda, oroitzapen horiek betiko geratzen dira bihotzean.

Mutilak, motxila bizipenez eta maratoiz betetzen jarraitu beharko diagu, ezta? Pedro Cabanillas jauna, Don Benitora, agian?

Garikoitz Tabasco




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide