Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

Lau urteko etenaldiaren ostean, atzo ospatu zen Fundizio Fest musika jaialdia. Fundizio musika elkarteak eta Zestoako Gazte Asanbladak elkarlanean antolatu zuten goizetik goizaldera arte luzatu zen egitaraua.
Fundizio musika elkarteak berriki lortu duen estazio zaharreko bigarren lokalak hartu zuen protagonismoa goizean. Izan ere, entseguetarako lokal berriaren ate irekiak egin zituzten. Espazio berriaren nondik norakoak azaltzeaz gain, bertako instrumentuak probatzeko aukera ere izan zuten bertaratutakoek. Eguerdian, berriz, Laiaken XI. Ardo Dastaketak jendetza bildu zuen kiroldegiko aterpean. Aurtengoan Fundizio Festen egitarauaren barruan sartu baitute hitzordua.
Arratsaldetik aurrera, kontzertu festa nagusitu zen herrian. Herriko musikariak izan ziren oholtzara igo ziren protagonistak; izan ere, Zestoako musikarientzako plaza eta erakusleiho izateko helburuarekin antolatzen dute Fundizio Fest. Arima eta Mihise taldeak izan ziren lehenak jotzen, Gaztetxean eskaini zituzten kontzertuetan. 20:00etako emanaldian, berriz, zestoarrak nagusitu ziren: Argizulo Dub Stationek eta Eirak, Beñaranks eta Fundizio Crew-rekin batera, plazan bildutakoak dantzan jarri zituzten. Gauean, Min eta Burutik taldeek hartu zuten lekukoa, eta ondoren, DJ HGS, Costmix eta 3rek arduratu ziren plaza girotzeaz goizaldera arte.