Paperekoa

[ATARIKOA] Udaberria

Martxoaren amaierarekin sartu gara, beste urte batez, udaberrian. Natura biziberritzen ari da, indarra hartzen, loreak ikusten dira zelaietan, eta kimuak eta hosto txikiak zuhaitzetan. Umorea hobetzen zait garai honetan, aldartea aldatu, otsaileko egun grisen ostean behar izaten baitut argia; neguko egun ilunetan baino gorago dagoen eguzkiak ematen duen argi hori.

Zestoako zein auzoetako baserritarren lana du hizpide Ohiana Calparsorok ale honetarako idatzi duen erreportajean. Baserriko lana ez da inoiz bukatzen, naturak ez baitu geldialdirik egiten, ez erabatekorik behintzat. Baserriko jardueratik bizitzeko dituzten zailtasunez eta horrek sortzen dituen buruko minez harago, gizarteari eta herriari egiten dien ekarpena azpimarratzen eta aitortzen da artikuluan. Izan ere, animalien eta gizakiaren esku eta bururik gabe oso bestelakoa litzateke gure paisaia. Paisaia kulturala baita guk natura deitzen diogun hori, mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi, atsedenik gabe, lurra landu dutenek eta lantzen dutenek sortu eta mantendu dutena. Garai batean eskuz eta gaur egun makinariaren laguntzarekin, baina bai lehen eta bai orain, lana gogotik eginda. Larreak, soroak, basoak… ez daude hor kasualitatez, lan gogor eta jarraituaren emaitza dira.

Arroaerrekako Zugasti Txiki baserrian jaio eta hazi zen Olatz Erkizia, baserriko lana nagusi zen eta den eremuan. 2016an joan zen Maltara bizitzera, baserri mundu berdetik irla lehorrera, landa-eremutik eremu urbanora. Azken hamar urteetako bizimoduaz zein bizimodu aldaketaz aritu da Naiara Expositorekin, datozen orrialdeetan irakurgai duzuen elkarrizketan. Berdea botatzen du faltan Olatzek ere, eta akaso berandu baino lehen izango dugu Arroaerreka inguruan bueltan, buruan bueltaka baitarabil itzulera.

Baserriarekin loturarik ez, baina burua eta eskuak erabiltzen ditu Mikel Manterolak Rubiken kuboa askatzeko. Nire modukoentzat, haurtzaroan etxeko txokoren batean egon ohi zen jostailua da, tartean behin minuturen bat eskaini eta pazientzia galduta bere txokora itzultzen zena; osatu gabe, hori bai. Ni baino abilagoak izango dira bazterretan, jakina, eta nire inguruan ere aplikatu izan ziren aurpegi bakoitza kolore beraz osatzeko gai zirenak. Ez dut uste, ordea, hori zortzi segundotan egiteko gai den inor inoiz ezagutu dudanik Oihane Goikoetxeak idatzitako artikulua irakurri dudan arte. Bejondeizula, Mikel!

Aipatutako kontuez gain beste batzuk ere aurkituko dituzue aldizkarian eta, besterik gabe, hilabete honetako kontuekin utziko zaituztet. Goza ezazue!

Nerea Odriozola Larrañaga




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide