Uztaila 2026
— 2026-08-25Irakurri 284. zenbakia hemen.

Zestoako Udalak egonaldi turistikoen gaineko tasa arautzeko ordenantza fiskala onartu zuen atzo, osteguna, egindako ohiko udalbatzarrean. EH Bilduko eta EAJko udal ordezkariek aho batez onartu zuten neurria, eta 2027tik aurrera aplikatuko da.
Tasa ostatuetan gaua igarotzen duten pertsonek ordainduko dute, eta ez turismo jarduera eskaintzen duten establezimenduek. Zestoaren kasuan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun Sailak kudeatuko du zerga.
Udalek beren tarifa zehazteko aukera dute, ezarritako mugen barruan. Zestoako Udalak gutxieneko erreferentziazko tarifak aplikatzea erabaki du. Mikel Arregi alkateak udalbatzarrean azaldu zuenez, Zestoa kostaldetik gertu egon arren, ez dute turismoaren presio berezirik duen herritzat jotzen. Duela urte batzuk 2.000 plaza turistiko baino gehiago izatetik gaur egun 450-500 inguru izatera igaro dela ere azaldu zuen.
Hala, hoteletan eta apartamentu turistikoetan ostatu hartzen dutenek 1,50 euroko tasa ordainduko dute; aterpetxeetan, 0,75 eurokoa; landetxeetan, 0,50 eurokoa; eta bestelako turismo ostatuetan, 1,50 eurokoa. Tasa gehienez sei eguneko egonaldiari aplikatuko zaio. Beraz, sei egunetik gorako egonaldietan ez da egun gehigarriengatik tasarik kobratuko.