Albisteak

Iraileko udalbatzarra egin dute eta gai guztiak aho batez onartu dituzte

Atzo, irailaren 24an, ohiko osoko bilkura egin zuen Zestoako Udalak. Hainbat gai jorratu zituzten bertan, eta bozketara eramandako guztiak aho batez onartu zituzten EH Bilduko eta EAJko udal ordezkariek.

Besteak beste, 2027rako udal ordenantza fiskalak %2,5 igotzea onartu zuten. Mikel Arregi alkateak azaldu zuenez, igoera «orokorra» izango da, nahiz eta hainbat zerbitzutan egokitzapenak egin dituzten. Hondakinen kasuan, esaterako, bilketa eta tratamenduaren kostuaren %100 estaltzeko beharrezko doikuntzak egin dituzte. Kiroldegiko tarifetan ere aldaketak egin direla: erabilerari lotutako aukera batzuk kendu eta beste batzuk gehituko dituzte.

Ordenantza fiskalekin lotura duten beste bi gai ere onartu zituzten. Batetik, Estazioko autokarabanentzako gunearen tarifak zehaztu zituzten; 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainpekoa izango da gunea. Bestetik, egonaldi turistikoen gaineko tasa arautuko duen ordenantza fiskala onartu zuten. Zestoako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako gutxieneko erreferentziazko tarifak aplikatzea erabaki du.

Udalbatzarrean ehnergia sareko udal ordezkaria izendatzea ere onartu zuten. Uztaileko bilkuran komunitateko bazkidetza onartu bazuten ere, udalaren ordezkaria izendatu gabe zegoen. Aitor Ossa izendatu zuten ordezkari eta, haren ordezko, Mikel Arregi alkatea.

Etxebizitza, erregu eta galderen txandan

Erregu eta galderen txandan, EAJko Garikoitz Mendizabalek hartu zuen hitza. Lehenik, aurreko udalbatzarrean egindako zenbait adierazpenetako akatsak onartu eta zuzendu zituen. Ondoren, etxebizitza “eremu tentsionatu” izendatzeko planaz eta haren berrikuspenaz galdetu zuen. Arroabean Rezolako etxebizitza promozioa martxan dela aipatuta, herrigunerako zein asmo dagoen eta zer motatako etxebizitzak eraikiko diren galdetu zion udal gobernuari.

Arregik erantzun zuen lehendik datozen sustapen pribatuek aurretik zituzten baldintzekin jarraituko dutela eta, beraz, etxebizitza libreak izango direla. Udalaren jabetzako lurretan aurreikusitako etxebizitzei dagokienez —Kaleokerreko eta Correoseko eremuak—, horiek Eusko Jaurlaritzari lagatzea dela udalaren asmoa azaldu zuen, nahiz eta oraindik ezer itxi gabe dagoela adierazi zuen. Horretarako, ordea, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) behin betiko onarpena gauzatu arte itxaron beharko dela zehaztu zuen, dokumentu berriak eremu horietan etxebizitza gehiago eraikitzeko aukera jasoko duelako.

Herrian hotel izandako eraikinen egoera ere izan zuten hizpide. Alkateak azaldu zuen ikuskapenak egin direla, baina eraikin zaharrak direnez ez dagoela horiek Eusko Jaurlaritzari lagatzerik. Udalak eraikin horiek bere gain hartu beharrean, sustatzaile pribatuei eskaintzeko aukera aztertzeko gonbita egin die jabeei.

Azkenik, Mendizabalek udal taldea zoriondu zuen, «berandu» izan bazen ere, festen inguruko komunikatua kaleratzeagatik eta urriaren 1erako festen balorazio bilera deitzeagatik.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide