Albisteak

[ELKARRIZKETA] Narrondoko Festa Batzordea, festak herritik eta herriarentzat

Azken Danbolin aldizkarian auzoetako festa batzordeen inguruko erreportajea argitaratu genuen. Paperaren mugak medio, artikuluak auzotarrek esandakoen hainbat zertzelada besterik ez zituen biltzen, hortaz datozen asteetan festa batzorde bakoitzari egindako elkarrizketak argitaratuko ditugu webgunean. Narrondoko festak pasa berritan, lehenengoa bertako Festa Batzordearena izango da.

Pasa den ostiraletik igandera bitartean ospatu ziren Narrondoko San Kristobal jaiak. Hiru egunez, askotariko ekintzez gozatzeko aukera izan dute auzotarrek eta bisitariek. Egitarau zabal horren atzean, ordea, Narrondoko Festa Batzordeko kideen lana dago; hilabete luzez aritzen dira prestaketa lanetan, eta festek irauten duten bitartean ere buru-belarri jarduten dute dena ondo atera dadin.

Zein da zuen auzo edo festen berezitasun handiena?
Narrondoko festen berezitasun handiena San Kristobal eguna bera eta sardina jana dira. Meza eta hamaiketakoa urteetako ohitura dira, baina sardina jana bihurtu da jende gehien erakartzen duen ekitaldietako bat. Inguruko herrietatik ere etortzen da jendea, eta urtez urte hazten joan da.

Zuen ustez, festak parte-hartzaileak dira edo gehiago kontsumora bideratutakoak?
Parte-hartzaileak direla esango genuke. Auzotarrek eta festa batzordearen inguruko lagunek lan handia egiten dute festak aurrera ateratzeko, eta jende askok modu batean edo bestean laguntzen du.

Zein da auzotarrek gehien maite edo espero duten ekintza?
San Kristobal eguneko meza eta ondorengo hamaiketakoa dira ekitaldirik maitatuenak. Horiez gain, sardina jana ere oso arrakastatsua da, eta urtero gero eta jende gehiago biltzen du.

Urteekin zerbait galdu dutela sentitzen duzue? Zer?
Bai. Garai batean festa handiagoak egiten ziren: erromeria ospetsuak, kontzertuak, oilasko jana, gaueko ekitaldi bereziak edo goizaldeko zezenak, besteak beste. Denborarekin horietako asko galdu egin dira, neurri batean kostuek eta araudi zorrotzagoek eraginda.

Eta alderantziz, gaur egungo festetan badago berritzailetzat jotzen duzuen zerbait?
Azken urteetan gazte talde bat indartsu sartu da festen antolakuntzan eta laguntzan. Haien ekarpena ezinbestekoa da gaur egun, eta horrek etorkizunari begira itxaropena ematen digu.

Nolakoa da zuen festa batzordearen funtzionamendua?
Lan asko WhatsApp bidez eta bakoitzaren ardurak banatuta egiten dira. Batzordeko kide bakoitzak bere gain hartzen ditu zeregin batzuk, eta festak hurbiltzen diren heinean dena koordinatzen da.

Zenbat lagunek osatzen duzue gaur egun batzordea?
Ez dago talde oso handirik, baina festa batzordearen inguruan beti ibiltzen da laguntzeko prest dagoen jendea. Gainera, gazte kuadrilla batek lan handia egiten du festa egunetan.

Noiz hasten zarete festak prestatzen?
Lehen baino askoz lehenago. Musika taldeak eta bestelako kontratazioak lotzeko, askotan urte amaieran edo urte hasieran hasten gara lanean.

Errelebo falta sumatzen duzue?
Une honetan ez bereziki. Gazte talde sendo bat daukagu inguruan, bileretan eta batez ere festa egunetan laguntzen duena. Haien inplikazioa oso garrantzitsua da.

Zerk bultzatzen zaituzte festa batzordean parte hartzera?
Narrondoren eta auzoaren alde zerbait egiteak. Festek komunitatea indartzen dute, eta hori mantentzeko gogoa da motibazio nagusia.

Eta zer da gehien nekatzen edo erretzen zaituztena?
Lan karga handia. Festa egunetan antolatzaileek askotan ez dute festaz gozatzeko aukerarik izaten, etengabe lanean ari direlako.

Nolakoa da zuen harremana udalarekin?
Harremana ona dela esango genuke, baina burokrazia gehiegizkoa dela iruditzen zaigu batzuetan. Udalarekin harreman zuzena dugu, baina hainbat gaietan hobekuntzak egiteko tartea badago.

Udalak gehiago egin beharko lukeela uste duzue? Zertan?
Bai. Narrondok ez dauka beste auzo batzuek dituzten azpiegiturak, eta horrek gastu gehigarriak sortzen ditu. Udalaren laguntza handiagoa eskertuko genuke azpiegituretan.

Zer eskatuko zeniokete udalari?
Komun publiko iraunkor bat jartzea. Auzoan ez dago halakorik, eta festetarako urtero komun eramangarri bat alokatu behar izaten dugu, gastu handia eginez. Bidegorriaren erabiltzaileentzat ere baliagarria izango litzateke.

Festa batzorderik gabe, auzoko festek irabazi edo galdu egingo luketela uste duzue? Zergatik?
Galdu egingo lukete. Festa batzordeak ematen die nortasuna eta herri izaera festei. Antolakuntza hutsetik harago, auzotarren inplikazioak sortzen duen giroa galduko litzateke.

Festa batzordekoak ez diren auzotarrek zuen lana aitortzen dutela sentitzen duzue?
Bai, neurri batean bai, baina egia da lehen baino parte-hartze txikiagoa dagoela. Auzora etorri berri den jende asko dago, eta ez dute beti lehenagoko komunitate sentimendu bera.

Kexarik edo kritikaren bat jasotzen duzue normalean?
Ez bereziki. Noizean behin aparkalekuen edo antzeko konturen baten inguruko kexak izaten dira, baina oro har ez dugu kritika handirik jasotzen.

Mezuren bat helarazi nahi zeniekete auzotarrei?
Festak guztion artean egiten direla, eta parte-hartzea dela horien indargunerik handiena. Zenbat eta jende gehiagok lagundu, orduan eta indartsuagoak izango dira festak.

Festa batzordean parte hartu nahi duenak nora jo edo norekin jarri beharko luke harremanetan?
Narrondon denok elkar ezagutzen gara. Festa batzordeak bilera irekiak egiten ditu, eta parte hartu nahi duen edonork bertara gerturatu edo batzordeko edozein kiderekin hitz egin dezake.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide