Paperekoa

[ENBIDOA] Akuatik behera begira

Ieup, Ander. Orain arte herrian bistaz ezagutzen gintuan. Lankide eta lagun izatera iritsi gaituk, baina ez nian pentsatuko gure laneko hizketaldi eta adar jotzeak tarteko alaba idazkari hartuta Danbolineko enbidoa idazten amaituko nianik. Guztiei gertatu ez arren, nire kasuan, baserrian jaiotzeak naturarekiko lotura berezi bat sortu zidak. Txiki-txikitatik hasita zenbat oroitzapen: oinez hasi orduko auzoko artzainarekin ardi zain ibilitakoak, etxean ezagutu nian aurreneko Txato zaldia, albaitariari laguntza emandako lehenengo ebakuntza. Gurean garai batean ez huen ahuntzik; aurrenekoa etxera ekarri nianean errietaren bat ere entzun behar izan nian! Hainbat eta hainbat istorio. Hori bai, baserria aurrera eramateko etxeko guztien beharra izan duk, talde lan bat azken finean, eta konturatu gabe bizitzarako ikasgai aparta izan zaidak. Hala ere, bideak aukeratzeko garaian, baserritik kanpoko lan munduari heldu izan zioat. Horrek behin baino gehiagotan bi lanaldi izatea suposatu izan dik, bat behean eta bestea goian, eta momentu jakin batzuetan kalekumearen inbidia izatera iritsi nauk. Neuk askatasun osoa izan diat, eta ondorengoei ere saiatuko nauk nik izandako aukerak ematen, baina nire kasuan ez nauk inoiz ausartu etxean profesionalki geratzera. Besteei errua botatzea erraza duk, baina askotan egin zizkioat galderak neure buruari: betidanik egon ote den itzelezko burokrazia hau, ea benetan baloratzen diren hemengo nekazari txikien lanak, gure inguru hauekiko nekazaritza politika egokiak egin diren… Hala eta guztiz ere, garbi gera dadila: bejondeiela nik baino ausardia handiagoaz nekazaritzatik bizitzea erabaki dutenei! Hori guztia esanda, bi gauza, Ander: bizitzak buelta asko ematen dizkik, baina ez diat neure burua kalean bizitzen imajinatzen. Lehenik eta behin, goiko paraje honek hitzez esplikatzea zaila den lotura bat sortzen zidak eta Arretxeko bizilekuarekin geratzen nauk; eta bigarrena irratsaio batean entzun nioan baserritar gazte bati: “Heldu bizitzari sentimenduei jarraituz”; beti ez duk erraza, baina niri funtzionatzen zidak. Enbidoari jarraipena emateko aspalditik ezagutzen dudan lagun nafar batekin gogoratu nauk, Alfonso Ayesa, bera ere nekazari familia batetik datorrena. Txapela kentzeko modukoa euskal hiztun izateko egindako lana. Zein izan duk sekretua, Alfon? Makina bati gustura erakutsiko niokek!

Iñaki Odriozola




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide