Urria 2025
— 2025-11-06Irakurri 275. zenbakia hemen.

Herritar mordoska hasi zen duela mende erdi inguru gau eskoletan euskara ikasten, hitz egiten edota ahoan zerabilten euskara batuan idazten ikasten. Oinarri hartatik, urteetako bilakaeraren ondorioz, AEK sortu zen gerora, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea.
Gutako askok ez genuen gau eskolen garai hura ezagutu, baina ondo gogoan dugu 2001eko urrian Zestoan egin zen AEK eguna. Berezia eta nabarmena izaten zen Industrialdeko estazioko barnetegira Euskal Herriko bazter guztietatik euskara ikastera etortzen zireneko garaia ere. Urte askoan AEK-ko bulegorik bertan ez, baina ikasgela desplazatua izan genuen herrigunean. Ikasle gutxi batzuekin osatutako talde bakarren bat izaten zen.
Duela hamar urte egoera asko aldatu zen, onerako, ordea, izan ere, oraintxe beteko du urteurren borobila euskaltegiak.
Euskaltegiko bulegoa jarri aurreko garaia
1999 urte amaieran hasi zen Nora Palmitano euskara teknikari lanetan Udalean. Garai hartako egoera eta giroa gogora ekartzeko elkartu gara berarekin. Badakigu Euskara Zerbitzua sortu zenerako AEK martxan zegoela herrian eta urtero udako barnetegiak egoten zirela geltoki zaharrean. Palmitanok uste du garai hartan klase gehienak alfabetatzekoak zirela, baina orduan ere bazirela euskalduntze taldeak eta asistentzia betetzen zuten ikasleentzat doakoa zela euskara ikastea.
Zestoan lan egin aurretik, AEKren Gipuzkoako bulegoan lan egiten zuen Norak eta gogoan du ezaguna zela Zestoako Barnetegiaren ospea, ikasleek oso balorazio onak egiten omen zituzten herriko giroaz eta barnetegiko sukaldeaz. Oroiminez gogoratzen ditu teknikariak Korrika batzorde deiak izaten zuen erantzuna; 40-50 lagun erraz elkartzen ziren. AEK egun hura, historiako guztietatik “onena” izan zela esatera ez da ausartzen, baina bai diru-irabaziak ekarri zituen bakarra izan zela. Hamabietarako arto-irina bukatuta zegoen talo postuan! Teknikariak tonbola gunean egotea tokatu zitzaiola gogoratu du. Muntatzera joan eta “argindarra nondik hartuko dugu?” eta hor agertu omen zitzaien Joxemari Uzkudun kable eta guzti… Eta horrelako asko izan zirela gehitu du egun hartan. Talo-postuan zegoen Eibarko AEK-ko irakasle batek esandakoa ez dauka ahazteko: “Nora, hemen herri osoa dabil lanean!”
Irakasle talde egonkorra herrian
Finantziazioari dagokionez, beste kultur taldeek bezala, AEK-k ere urtero eskatzen zuen dirulaguntza Udalean. Orduko Euskara Aholku Batzordeak jauzi kualitatibo bat emateko ordua zela iritzi zion eta benetako “euskaltegia” edukitzea merezi zuela Zestoak: irakasle talde egonkorra ziurtatuta eta ahal bazen horietatik bat gutxienez herrikoa izango zena. Ordutik, Zestoako AEK-k Azkoitikoarekin batera Urolako AEK ikasgua osatzen du.
Euskaltegi izaera emateko derrigorrez “bulegoa” jarri behar zen. Udalak altzariak, eta AEK-k telefonoa, fotokopiagailua, ordenagailuak, ikas-materiala… jarri zituen. Bulego horretan prestatzen dituzte klaseak, ordura arte Azkoititik ekarri behar izaten zituzten fotokopiak!
Euskara teknikariak gaineratu du Udalaren kezka izan dela irakasleek lanaldi eta soldata duina izatea eta irakasleek egiten duten esfortzua ere azpimarratu du; taldeen eta ordutegien puzzlea osatzen udalak ordaindu beharrekoa behar baino gehiago ez handitzeko, ordutegiagatik inor kanpoan ez gelditzeko, ikasleen ezaugarrietara irakasteko era eta materiala egokitzeko, ekintzak herrira zabaltzeko ahalegina, mintzalagun egitasmoa… “
Hamar urtean ikasle kopuru bikoitza
2015ean eratu zen Zestoako AEK euskaltegia. Garai hartan ez zen irakasle zestoarrik, eta ikasle kopurua ere ez zen azken urteotakoa adinakoa, baina bazen herrian euskararekiko interesa, izan ikastekoa, izan euskaraz bizitzeko ekimenen bueltakoa. Eskolak emateko modua ere bestelakoa zen: talde gutxi, eta autoikaskuntza formatua zen nagusi, banan banako ordu erdiko tutoretzak, nork bere kasako lana eta astean ordubeteko mintza-saioak taldean, alegia. 2017an hasi zen lanean Nerea Odriozola, herrikidea, eta hortik aurrera batu zitzaizkion egun lankide dituen Eli Agirre eta Ainhoa Alberdi azpeitiarrak.

Urteen poderioz, egoera asko aldatu da, eta oso pozik daude emaitzarekin. Ikasle kopurua bikoizteaz gain, talde kopurua ere nabarmen igo da. Lehen urteetan 30 ikasle inguru izaten zituzten; egun, 50-60 ikasle artean hurbiltzen dira euskaltegira. Taldetxoak osatzea da gehien kostatzen zaiena, “herri txikia izanik, lanak izaten ditugu taldeak ateratzeko eskatzen diguten ratioetara iristen. Iraila zaila izaten da, baina normalean asmatzen dugu irtenbideren bat ematen, eta ikastalde politak ateratzen dira” diote irakasleek taldeak sortze lan horretan bete-betean dauden garaian. Ikasleen profilari dagokionez ere aldatu egin dela diote: “Euskara eskolei ekin genienetik beti izan ditugu hasiberrien eskolak, etorkinenak bereziki, baina baita herritar euskaldunak ere, euskara hobetzeko edo alfabetatzeko asmotan gerturatuta. Azken urteotan, berriz, gorakada nabaria izan dute egiaztagiri bila etorritako gazteek eta ez hain gazteek, lanerako erraztasunak izateko”.
Dena ez da lan gogorra, ordea. AEKn beti izan dute argi euskarak praktikoa izan behar duela eta erabiltzen ikasi behar dela. Badaramatzate hiruzpalau urte hilero ekimenak antolatzen, bai herrira begira, bai euskaltegi barruan ere. 2018-2019 ikasturtean, adibidez, Danbolinekin batera, Ardo dastaketa antolatu zuten. Eta, tira, badituzte ohitura bihurtu diren ekimenak ere: rifa, abenduko Santa Engrazirako mendi txangoa, San Blas eta talo tailerrak, hitzaldiak, “Mundua platerean”, dantza saioak… eta, noski, magia poteoa ere bai! Ikasturteari hasiera emateko antolatzen hasi ziren duela bi ikasturte, eta arrakasta izaten du. “Baten bat honezkero ohartuko zen… ikasleak arrantzatzeko ere aprobetxatzen dugu!” aitortu dute.
Kalean mingaina astintzeko, euskaraz eta ondo pasatzeko ekimenak antolatzeaz gain, Mintzalagun egitasmoa ere badute. Mintzalagunen euskaraz eroso aritzen direnak eta euskara hobetu nahi dutenak elkartzen dira. “Aukera polita izaten da: euskara ikasten ari direnek asko eskertzen dute modu informalean herritar batekin elkartzea eta buelta bat emanez edo trago baten bueltan elkarren berri izatea, euskaraz. Asko lagun ere bihurtu dira!” gehitu dute irakasleek.
Ez dago zalantzarik, beraz, balantzea ona dela, urte guzti hauetakoa aintzat hartuz gero. Azken hiruzpalau urteotan irakasleak egonkortu egin dira euskaltegian, eta ekimenen bitartez ikasleei herriratzen laguntzea ere lortzen dute, baita herritarrei euskaltegia hurbiltzea ere! Ikusgarritasun gehiago dute, eta, jakina, horrek eragina izan du ikasle kopuruaren gorakadan. Horrez gain, Zestoako Udalak urteetan egin duen eta egiten duen ahalegin ekonomikoa azpimarratu dute, hari esker euskara doan ikas baitaiteke herrian. Norabide horretan jarraituko dutela lanean diote datozen ikasturteetan ere, Zestoan euskaraz bizitzen jarrai dezagun.
+