Paperekoa
[ERREPORTAJEA] Marokoko bideetan bi anaia todo terrenoan
— 2025-06-23
“Amak dio kaskatuta gaudela, baina buelta gehiegi ere ez diogu eman etxean, beroan hartu dugu erabakia eta konturatzerako Marokon geunden gure kotxearekin”. Familian kotxe zaletasunik ez omen da izan sekula, baina Lopetegi Aizpurua anaiak, bai zaharra eta bai gaztea, bolante eta gurpilen bueltan dabiltza gustura. Aurtengo Aste Santuan Marokon izan dira, Maroc Challenge lasterketan.
Jon Ander (Zestoa, 2001) hasi zen lehena, “mekanika ikasketak egin nituen, motorra erosi nuen, gero todo terreno txiki bat eta oraingo kotxearekin hasi nintzen neure kasa konponketak eta egiten pixkanaka, ba kotxeari txorrada bat eta beste ipini eta prestatzen joan naiz”; eta anai zaharrari begira edo, Asierri interesa sortu: “Karrozeriako titulua ateratzen ari naiz, lehen urtea dut aurten”. Lasterketara ere zaharrak tentatu du gaztea, “4-5 urte izango dira, esaten nion egunen batean joan beharko genuela horrelako karreraren batera eta, beti horrekin bueltaka, aurten gehiegi pentsatu gabe animatu egin gara”.
Rally raid
Marokon bertan gisa honetako lasterketa ugari antolatzen dira; gehienetan antolatzaileak ez dira marokoarrak izaten. Interneten zertxobait begiratu eta Maroc Challenge lasterketa aukeratu zuten, kasu horretan, espainiarrak dira antolatzaileak. Rally raid lasterketa batean hartu dute parte; begiratu egin behar izan dute ea zer kristo den hori. Automobilismoko diziplina bat da, eta landa eremuan zehar jokatzen da. Proba bateko jardunaldi bakoitzean, parte-hartzaileek ehunka kilometro egin behar izaten dituzte herri batetik bestera eta normalean, ez da egoten bide delineaturik, dunetan eta estepetan ibili ohi dira.
Nire ezjakintasunean eta erdi brometan, ea nire kotxe txikiarekin parte hartzeko aukera izango nukeen galdetu diet, eta nire harridurarako baiezkoa esan didate, baina baldintza batzuk bete behar izaten direla azaldu didate: su-itzalgailua, pala, plantxak, gasolina depositua… eraman behar izaten dira. Gero, hainbat kategoria daude, kotxearen ezaugarrien arabera, kategoria batean edo bestean parte hartuko nukeela. 4×4 kotxe direnak, adibidez, kategori bat, 4×4 kotxeek beste bat eta horien barruan ere, motorraren araberako beste hiru kategoria omen daude, “guk joaterako bagenekien “Adventure TT” mailan hartuko genuela parte”.
Prestaketez galdetu diet, “kotxea prestatu eta ezer gutxi gehiago, entrenamendu eta horrelakorik ez. Kotxe zaharra da, beraz aurretik ondo errebisatu eta aurrera”.
Zestoa, Almeria, Maroko
Almeriara jaitsi, gaua han pasa eta hurrengo arratsaldean ferry-a hartu eta Saidia-ara, Maroko iparraldeko kostako herrira iritsi ziren. Handik Nador herrira, 80 kilometro ingurura dagoen herrira, hura ere kostan. “Hara iritsi eta han baieztatu zuten irizpideak betetzen genituela eta lokalizadore/gps bat eta tablet bat eman zizkiguten karreran egin beharreko ibilbideen mapak edo trackak instalatzeko. Eta gero arratsaldean hondartza batera joan ginen, ongietorria egin ziguten eta hondartzan alde batetik bestera erlojupeko froga bat egin genuen, hurrengo egunean lasterketako lehenengo etaparako irteerako ordena jakiteko”.
Lehen froga hori ondo joan al zen galdetu diedanean anaien arteko begirada egon da. Isilunea. Uste dut momentu batean zalantza egin dutela egia kontatu edo ez, “pare bat eskapada egin genituen. Hondartzan lerro zuzena zen, berez ez zegoen arriskurik, ezinezkoa zen gaizki egitea baina… Hurbildu ginen konturatu gabe itsaso aldera, ez dakigu nondik zulo bat agertu zen eta kristoren saltoa, azpia jo… eta… horixe lehenengo kontaktua! Kar, kar, kar!”. Sanidade osoz jarraitu dute azalpenekin, eta konturatu naiz beraien buruari barre egiten badakitela; eta horrek asko esaten du pertsonez. Hala ere, eskapadak eskapada, hurrengo egunean nahiko postu onean irteteko aukera eskuratu omen zuten, “ikusi genuen hurrengoan suabeago joan beharra genuela”.
Helburua ez da lehena iristea
Bi anaiek parte hartu duten lehen lasterketa izan da, “ez du lehena iristen denak irabazten, erregulartasun karrera da. Batezbestekoa atera behar da eta ordu baten barruan sartu helmugara”. Niri ederki azaldu dizkidate arauak, baina itxura denez, behar baino beranduago barneratu zituzten eurek, “lehenengo egunean pentsatzen genuen helburua azkar egitea zela eta kotxeak zituen denak emanda joan ginen”.
Bezperan lezioa ez zutela ikasi diote, “hasieran batek aurreratu gintuen eta orduan haren atzetik lau bat orduan ibili ginen. Berez helburua 6 orduan bukatzea zen eta 4:20an edo sartu ginen. Kotxeari pare bat kolpe eman genizkion, eskapada bat edo beste… Puntu mordoa kendu zizkiguten lehen etapan”.
Eman dizkidaten azalpenen arabera bakoitza 0 punturekin hasten zen, eta zerbaitengatik zigortzen bazintuzten puntua ematen zieten. Helburua zen 0 punturekin bukatzea. Penalizatzeko arrazoiak honakoak izan zitezkeen: abiadura mugak goitik edo behetik ez errespetatzea, zehaztutako ibilbidetik irtetea (200m eskuin, 200m ezker), ordutegia ez betetzea… Oso arautua zegoen egun bakoitzean zenbat kilometro eta zenbat denboran egin behar ziren, eta neurri horietara gehien hurbiltzen zenak irabazten zuen. Jon Anderrek eta Asierrek, ordea, arau bakarra zuten buruan hasieran: azkar iristea. “Lehenengoan arauak galdetu genituen, baina kasu handirik ez genien egin. Bigarrengoan hobeto galdetzea pentsatu genuen eta behin arauak barneratuta 4. edo 3. postuan bukatu genuen etapa bat”.
Goizetan hasten ziren etapak. 8:00etan elkartzen ziren eta azalpenak jasotzen zituzten; egunean zehar izan zitezkeen arriskuez edo abisua pasatzen zieten. 8:30-9:00 aldera hasten ziren karrerak. Etapak 250 bat kilometro ingurukoak. Lehen eguneko erlojupekoa eta beste sei etapa ziren berez, baina bost egin zituzten, egun batekoa bertan behera gelditu baitzen. Hobeto ulertzeko honela azaldu didate: “Egun batean Zestoatik Tolosara joaten ginen, Tolosan edo inguruan gaua pasa eta hurrengo egunean ba Tolosatik Donostiara”. Ibilbide zirkularra izan da, Saidia herrian hasi eta bukatu dute, “Merzuga basamortuan ere ibili gara”. Egun batzuetan basamortua, besteetan errepideak. Harrizko eta hondarrezko pista asko izan omen dira, “Bainuetxera joateko bidea bezalako pistak” diote. Eta kategoriaren arabera zirkuituak aldatzen direla, baina denak nahiko antzeko lekuetan ibili direla.
Normalean 15:00ak alderako edo bukatzen omen zuten etapa eta hotelera iristeko beste ordu beteren bat edo behar izaten zuten. Arratsalde-gaua izaten zuten libre, “nekatuta iristen ginen askotan eta deskantsurako ere aprobetxatzen genuen, eta hurrengo egunerako kotxea begiratzea ere komeni. Jendearekin egoteko aprobetxatzen genuen eta baita turismo pixka bat egiteko ere”.
Basamortuko gorabeherak
Bigarren egunean hoteletik irten eta kotxeak tenperatura oso altua markatzen omen zieten. Eta orduan tentsio unea bien artean. Joan Anderrek “errenditu egin behar dugu, errenditu egin behar dugu” esaten omen zuen, eta Asierrek “ez, irteera puntura gutxienez iritsi beharra daukagu”. Hoteletik irteera puntura iritsi eta beste leku batetik hasten zela esan zieten, baina bidean abisua jaso zuten egun hartako etapa bertan behera gelditu zela. Bi egunetan euri asko bota omen zuen eta, ondorioz, uholdeak izan ziren, “herri batetik bestera pasatzeko aukerarik ez, putzu handiak, errekak zeharkatu behar…”. Beraz, esan daiteke uholdeek salbatu zituztela. Horrela, kotxea konpontzeko denbora izan zuten.
Hotela aipatu dutenez, ea egunero lo hoteletan egin zuten galdetu diet, eta berriz begirada konplizea eta barre txikia. “Normalean hoteletan, baina basamortuko etapan ez. Aukera genuen haiman lo egin edo kanpina eramatekoa, guk kanpina eraman genuen, baina azkenean ez kanpin eta ez haima, kotxean egin behar izan genuen lo”. Haizeak airean eraman ote zieten edo kezkatu naiz, baina bai zera, “gauerako utzi genuen montajea. Hasi ginen afaltzen batarekin eta bestearekin berriketan eta konturatzerako gaua egin eta ezin muntatu”.
Berriz itzultzeko gogoz
Espainiarrak omen ziren partaide gehienak, Espainiakoa baita lasterketa antolatzen duen enpresa, baina Belgika, Holanda, Italia, Portugal, Frantziako… jendea batu da, eta nola ez, baita euskaldunak ere. Zestoarrekin batera Oiartzun, Hondarribi, Irungo… jendea ere ba omen zen. 170 bat kotxek hartu dute parte, euren kategorian 50. Gehienbat lasterketan parte hartu duten jendearekin ibili direla diote. Herrietan geldialdiak egin dituztenean bertakoekin ere hitzen bat edo beste trukatu dutela, baina askorik ez, “guk ingelesa gutxi eta gazteleraz edo keinuen bidez komunikatu gara”.
Parte hartu duten kategoria motor handienekoa da, “berez irabazteko zailenetakoa. Jakinda beste kotxeak nolakoak ziren oso gustura gaude”. Anaia gazteak dio “gure kotxea eskasenetakoa”, zaharrak hori ez dela horrela. Hor antzeman da norena den kotxea.
Bizikidetzan ondo moldatu direla diote, “hitz zatar batzuk eta haserre batzuk tartean, baina ondo”, dio barrez Asierrek, “haserretuko ez nintzen ba, ezkerrera, ezkerrera esaten zidan besoa eskuinera luzatuta eta” salto egin du Jon Anderrek. Zaharrena ibili da lasterketan txofer, gaztea ez dela ausartu dio, “badaezpada, kotxea puskatzen banuen ere, bestela bizi osoan entzun behar”; baina lasterketaz kanpoko ibilbideak berak egin ditu Jon Anderrek deskantsatu zezan.
“Parte hartzea da garrantzitsuena” esamoldea Lopetegi Aizpurua anaientzat pare-parekoa dela esango nuke. Hasieran arauak ez jakiteaz gain, oraindik ez dakite ondo zenbatgarren postuan bukatu duten lasterketa. “20. edo”, diote, “lehenengo egunean gauzak ondo egin bagenitu 10 lehengoetan ere izango ginen”. Oso pozik daude, esperientzia ikaragarria izan dela diote eta gainera bukatu egin dute, “askok, aberiak, kolpeak, akats elektronikoak… tarteko, ez dute bukatzen”. Lehen postuak jokatzen ari zirenen artean sumatzen zela lehiakortasuna diote, baina orokorrean elkartasun handia sentitu dute.
Asierrek erdi brometan damututa dagoela dio “orain beste bizio bat gehiago dugu, berriz itzultzeko desiratzen”. Jon Anderrek dio ez dagoela urtero egiterik, gastu ekonomikoagatik eta batez ere kotxeak jasaten duen palizagatik. Ez dut dudarik laster direla bueltan. “Badakizu… gustuko lekuan aldaparik ez esaten da”, baina gogorra eta neketsua izan dela aitortu dute, antolatzaileen balorazioetan ere hala irakurri dut: “una semana complicada al inicio por las fuertes lluvias y que a nivel deportivo ha sido apasionada, dura y memorable”.
Amaiur Aristi Aregi
Egin zaitez bazkide