Albisteak
[ERREPORTAJEA] Zaintza bada mutil gazteen kontua
— 2025-02-17San Juan egoitzan lanean
Danbolineko afarian norbaitek esan dio Peruri: “Aizu, goiko egoitzan herriko mutil gazte batzuk omen zabiltzate lanean. Hala al da?”. Eta Peruk baietz, bost gazte direla zaintza eta garbitasun lanetan aritzen direnak, bera tartean. Afaltiarroi egokia iruditu zaigu erreportajea egitea Danbolinerako. Ordea, aipatu dugu sarri emakumezko langileei ez diegula behar besteko protagonismoa ematen, eta ez ote den gehitxo gizonezko boskote honi oihartzuna ematea. Pentsatu dugu, oraindik, gizarte matxista honetan, ezohikoa dela gizonak zaintza lanetan aritzea eta merezi duela horretaz hitz egitea. Bada, Peru, Aitor, Iker, Unai eta Anderrek kontatu digute zer aurkitu duten San Juan egoitzan.
Gazte-gazteak dira, 18 eta 20 urte bitartean dituzte. Denak zestoarrak. Aitor Errasti Olaizolak Gizarteratzea titulua aterako du aurten. Goi-mailako ikasketak dira, bi urtekoak. Aurrez, erdi-mailako titulua atera zuen: Mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta teknikaria. “Arreta” deitzen diote beraien artean, motzago esatearren; geriatria laguntzaile izateko balio du, egoitzetan eta etxeetan zaharren zaintzan aritzeko, ez ospitaleetan. Gizarteratzea, berriz, lotuago dago adin gutxiagoko pertsonak, hala nola buruko gaixotasunak dituztenak, artatzearekin. Adibideak ematen hasita, Gautena, Gureak eta Atzegi moduko erakundeetan lan egin ahal izaten dute Gizarteratzea egiten dutenek. Bostak oso antzeko ikasketa-ibilbidea egiten ari dira. Peru Gartzia Astillerosek eta Iker Eizagirre Gomezek Aitorren ibilbide bera egin dute. Gizarteratzea bukatzen ari dira. Peru, gaur egun, ikasten ari da goizez, eta, era berean, San Juan egoitzan langile finkoa da. Arratsaldeetan joaten da lanera. Unai Olaizola Rezabalek Elgoibarren egin du “Arreta” eta Genero Berdintasuna, bi urteko goi-mailako ikasketak, bukatzen ari da orain. Ander Alkorta Agirrebengoa da bostetan gazteena. “Arreta“ren bigarren ikasturtea egiten ari da Azkoitian.
Ez zeukaten zahar etxeetan lan egiteko asmorik, baina…
Izan gaitezen zintzoak. Bostetako inork ez ditu arreta teknikari izateko ikasketak egin zahar egoitza batean lan egiteko nahia zutelako. Inork ez zituen zahar egoitzak buruan. Unaik di-da batean azaldu digu bosten egoera: unibertsitateko ikasketak egin nahi dituzte, baina Batxilergoa ez dute egin nahi edo ez dira ondo moldatu. Beraz, gizarte alorrean goi-mailako moduluak edo unibertsitateko ikasketak egin nahi badituzte, “Arreta” ikastea gomendatzen diete. Joan dira Azkoitira eta Elgoibarra ikastera, eta praktikekin egin dute topo. Denek egin dute praktikaldia San Juan egoitzan, eta batzuk langileen oporretako ordezkapenak ere egiten ari dira. Han gora joan direnean, ate bat ireki zaie muturren aurrean, erabat ezezaguna zitzaiena. Inguruan esaten dutenean tarteka lanera joaten direla egoitzara, ezezagutzak eta batzuen mespretxu dosiak eraginda, entzun behar izaten dute esaldi hau: “Ze, zaharren ipurdiak garbitzera?”. Horretara, eta beste gauza asko egitera.
Esan dugu egoitzetan lan egiteko asmorik gabe egin dituztela “Arreta” ikasketak bost mutilek, baina ezin da esan arrainak basamortuan bezala dabiltzanik. Denek dute gustuko pertsonekin lan egitea, hala esan digute. Aitorrek irakasle izan nahi du; Anderrek ere bai, eta umeak asko gustatzen zaizkio. Tabernan ari da lanean gaur egun, baina garbi dauka bi lanak egokiak direla beretzat: “Biak gustura egiten ditut”. Ikerrek ere pertsonekin egin nahi du lan, “ez makina baten aurrean”. Gehiago zehaztu du bere etorkizunerako nahia: harrera etxeetan egin nahi du lan. Peru hain gustura dabil egoitzan lanean, erabaki baitu selektibitatea prestatu eta Erizaintza egingo duela. Oso gustura daude bostak egoitzako esperientziarekin. Aitorrek dio ez duela uste bizitza osorako lana izango denik zahar egoitzakoa, baina orain, ikasketek lehentasuna badute ere, “ez dut baztertzen honetan aritzea; kristoren lan polita da”. Ikerrek egoitza eta etxez etxeko zaintza probatu ditu, “eta konturatu naiz biak gustatu zaizkidala”.
Herrikoak, gazteak, eta mutilak
Ez zaie gustatzen jendeak “ipurdiak garbitzea” adierazpidearekin laburbiltzen duenean egoitzako langileen jarduna. Ados daude gutxienekoa dela; horren aldean gauza zailagoak eta gogorragoak asko daude zahar etxe batean. Estres momentuak aipatu dituzte, denekin egon nahi eta ezin. Peruk aipatu du gogorra dela kariñoa hartu diozun egoiliar bat hiltzen denean, adibidez. Lan gogorra bai, “beste lan asko bezala” dio Peruk, baina asko betetzen duela ere esan du, “are gehiago, gu gazteak eta mutilak izanda”.
Bostekin egon garen ordubetetxoan etengabe azpimarratu dituzte langileen eta egoiliarren artean sortzen diren hartu-emanak. Beraien ustez, egoiliarrek poz-pozik hartzen dituzte bost gazteak. Unaik hala dio: “Nobedadea gara, freskura”. Izan ere, beste bi gazte kenduta, gainerako guztiek 40 urtetik gora dituzte eta emakumeak dira; bost mutil hauez gain, bi gizon baino ez dira ari zaintza lanetan. Peruk ere uste du bizipoza direla San Juango bizilagunentzat: “Egoiliarrak ohituta daude urte asko daramatzaten langileekin, eta agian, dagoeneko ez daukate gauza asko elkarri kontatzeko. Gu gara gaztetasuna, poztasuna, energia… parrandara goazela ere kontatzen diegu!”. Unairen ustez, egoiliarrei poza ematen die mutil gazteak lanean ikusteak, “eta oso harreman politak sortzen dira gure artean”.
Badira zaintzaile emakumezkoak nahiago dituzten egoiliarrak
Zaintza pertsonala egiterakoan, mutilek ez artatzea eskatzen duenik baden galdetu diegu, eta baietz erantzun dute. Unaik hala dio: “Bizitza osoan emakumeak ikusi dituzte zaintzen, eta haiek ere zaintza behar izan dutenean emakumeek zaindu dituzte. Bat-batean mutil bat ikusten dute zaintza lanetan eta harritu egiten dira. Ez dute nahi haien zaintzaz arduratzea. Batez ere adin oso handikoekin gertatzen da”. Peruk beste faktore bat gehitu du: “Adina baino gehiago kristautasuna barneratuta daukatenena dela esango nuke. Gorputza erakusten ohituta daude, medikua etortzen da, langile askoren eskuetatik pasatzen dira… Baina kristautasuna oso argi baldin badaukate, esaten dute: ‘Mutil batek ni ikusi? Ez, emakume batek lagunduko dit’”. Orain arte emakumeek eskatu dute mutilek ez artatzea momentu intimoetan; gizonekin ez zaie halakorik gertatu. Gizonen batek bestelako komentarioren bat egin du, Anderrek behintzat aditu du: “Ze, neska-lanean jarri al haute?”. Eta kazetariak galdetu die ea erantzuten duten. Peruk eta Unaik diote baietz, erantzuten dietela: Unaik dio ez direla neska-lanak: “Lehen neskentzat bideratuta zegoen, baina gaur egun ez dauka zertan horrela izan”. Eta Peruk gehitu du: “Ni egiten ari banaiz, dagoeneko ez da neska-lana. Kostatzen zaie hori ulertzea”. Jakin nahi genuen ea haien lana gaizki egiten dutela aurpegiratzen dieten mutilak izate hutsagatik, eta ezetz diote: “Behin gu onartuz gero, ez dute ezer esaten. Egoiliarren batek ez badu nahi gizonezkoek artatzea langile emakumeak egiten du lan hori, eta kito”.
Ondo tratatuak sentitzen dira
Kontatu digute nola sentitzen diren egoiliarrekin. Ezin esan harremanak zailak edo txarrak direnik mutilak direlako. Lankideekin ere oso ondo moldatzen dira, bai egoitzan eta baita eguneko zentroan ere. Unaik gogoan du emakume bat eta hiru mutil eguneko zentroan lanean ari zirela emakumeak harrituta esan zuena: “Lehenengo aldia da emakume bakarra naizena!”. Langileen arteko giro ona nabarmendu dute, oso ondo hartuak izan direla, eta beti laguntzeko prest daudela. Gauza bera dio Anderrek. Oraindik “Arreta” ikasketak bukatu ez dituenez, ezin ditu geriatria laguntzaileko ordezkapenak egin, baina garbitasunean aritu daiteke, eta talde horretako langileek oso ondo tratatzen dutela dio.
Egoitzan ondo, beraz. Alabaina, lagunartean eta familian zer diote San Juango lanaz? Bik abantaila dute etxetik, Peruk eta Anderrek, hain zuzen ere. Bien aitak dira geriatria laguntzaileak. Bigarrenaren aitak San Juanen bertan egiten du lan. Etxeren batean harritu egin dira semea zahar egoitzan lanean ikusi dutenean. Horixe gertatu zaio Ikerri: “Harritu egin ziren; oso txokantea egin zaie. Galderak egiten dizkidate: Zer moduz zabiltza? Zer egiten duzu hor?”. Peruren senide batzuek kezka edo zalantza moduan bizi dute bere lana: “Haien galdera da: ‘mutil hau ondo egongo al da horrelako toki batean?’”.
Bostak ados daude esatean zahar egoitzak eta han egiten den lana ez direla ezagunak, batez ere gazteentzat, eta, horretaz gain, prestigiorik ez dutela lan horiek. Lagunartean aipatu dutenean San Juanen ari direla, hala sumatu dute. Aitorrek lehen esan dugun adierazpena ekarri du gogora: “Lehenengo entzungo duzun gauza da: ‘Ni ez niak aittitta bati ipurdia garbitzera’”. Anderrek gehitu du: “Kuadrillan bromak hortik datoz”. Peruk badaki noiz aldatzen den jendearen iritzia: senideren bat egoitzara eramaten dutenean. Orduan, etxea barrutik ezagutzen dute, eta espero ez zuten zerbaitekin egiten dute topo: “Ikusten dituzte egoitzan egiten diren ekintza guztiak, dela Olentzero, bandaren eta abesbatzaren bisitak, erromeriak, eskolako umeekin egon… Ikusten dute zein pozik dauden egoiliarrak, eta iritzia aldatzen dute”.
Zergatik zaudete mutil gutxi?
San Juan egoitzakoa ez baita salbuespena. Jakina da zaintza lanetan gizonezkoak urri baino urriago direla. Galderari sakon erantzun dio Unaik: “Jendarte kapitalista-matxista hau beti arduratu da emakumeek zaintza lanak egin ditzaten etxean, eta gero etxetik kanpo. Lanik prekarioenak emakumeentzat izan dira. Gaur egun zaintza lanak kobratzen dituzte, baina etxean doan egiten dute. Zaintza sektore prekarizatu eta feminizatua da. Gizarteari interesatzen zaio horrela jarraitzea: emakumeak lan prekarioetan, eta ez goi-karguetan”. Peruk argitu nahi izan du ez dutela uste San Juango lan-baldintzak prekarioak direnik; bai, ordea, beste zahar etxe askotakoak. Behin baino gehiagotan esan dute bostek zortea izan dutela San Juanen lanean aritzeko aukera izan dutelako.
Mutilei deia, gustuko ikasketak eta lanak egin ditzaten
Azkoitian “Arreta” eta Gizarteratzea ikasketetan mutil ugari ari direla azpimarratu dute herri horretan ikasten ari diren lau mutilek. Aldiz, Unaik dio Elgoibarren ez duela halako gorakada handirik sumatu mutilen kopuruan. Aldeak alde, denak ados daude esatean zerbait aldatzen ari dela, eta pixkanaka gero eta mutil gehiago daudela gizarte alorreko ikasketetan. Deabruaren abokatuarena egin eta galdetu diegu ez ote den mutil-kopuruaren igoeraren arrazoia lehen aipatu duguna, hau da, Batxilergoa egin gabe unibertsitatean sartzeko aukera ona izatea. Inork ez dio baietzik esan kazetariari. Benetan aldaketa sumatzen dute gazte hauek.
Beraiek oso gustura ari dira ikasten, baina irakasleei eskaera bat egin diete: praktika gehiago egitea egoitzetan, hango errealitatea gehiago gerturatzea ikasleei. Aitorrek dio zaila dela egoitza bat zer den ulertzea han bertan egon gabe. Unaik dio irakasle bat baino gehiago inoiz ez dela egoitza batean egon.
Peruk mutil gazteentzako mezu bat dauka. Bere ustez, ohikoa da Batxilergoan gustura ez dauden mutilek industriarekin, mekanikarekin edo tailer kontuekin zerikusia duten erdi-mailako ikasketetara jotzea. Batzuetan ez dituzte gustuko gai horiek, baina ez dira ausartzen bestelako ikasketak aukeratzen: “Tailerrean lanean urteak pasa dituen lagun bat daukat. Orain Gizarteratzea ikasten ari da. Esaten du pertsonekin lan egitea gustatzen zaiola eta horretarako balio duela. Baina kontua da halako mutilak, askotan, ez direla ausartzen gustuko lana aukeratzen. Gizonek ez daukate zertan gustuko ez duten tokian lan egin. Pertsonekin lana egitea gustuko duten gizonak animatzen ditut horrelako lanak probatzera. Egoitzan lan egiteak ez dauka ezer txarrik. Etxean etxekoak zaintzen ditugun bezala, egoitzan egoiliarrak zaintzen ditugu. Gizonek ere egin dezakegu”.
Onintza Irureta Azkune
Egin zaitez bazkide