Maiatza 2026
— 2026-06-03Irakurri 282. zenbakia hemen.

Herri musikazalea da Zestoa. Bai garaiotan, bai duela hamar urte ere, eta zer esanik ez duela hogeita hamar. Urteak joan eta urteak etorri, dozenaka talde sortu dira herrian.
Gaur egun, tren geltoki zaharreko biltegian dago musika taldeek entseguetarako erabiltzen duten lokala. Baina gune hori lortu aurretik, han eta hemen ibili ziren musikariak 90eko hamarkadan.
2019 inguruan, geltoki zaharreko lokalaren erabiltzaileek, gune hori kudeatzeko, Fundizio musika elkartea sortu zuten. Ordutik, lokalaren hobekuntzan ez ezik, Zestoako musika sustatzeko lanean ere dihardute. Horren guztiaren nondik norakoak gertutik ezagutzeko, Ibon Telleria eta Jone Exposito Fundizioko kideekin bildu gara.

Abere hiltegia, entseatzeko leku
Entseatzeko leku gisa geltoki zaharreko lokala erabiltzearen zergatia jakiteko, 90eko hamarkadaren hasierako urteetara salto egin behar dugu. 1990ean, hain zuen, herriko hainbat musika talde elkartu eta Eusko Trenbidearena zen geltoki zaharra entseguetarako erabiltzeko nahia azaldu zuten. Horretarako, udalari eskatu zioten enpresa harekin gestioak egiteko. Eusko Trenbideak, ordea, Eusko Jaurlaritzarengana jotzeko esan zuen. Eusko Jaurlaritzarengana joan eta hark, berriz, ezetz.
Bi urtera, haren erantzunaren zain egon gabe, udalak geltokia zenbait ekipamendurekin hornitu zuen, hala nola, bozgorailu, gitarra-anplifikadore eta nahasketarako mahaiarekin. 1993an, ordea, geltokia AEKren barnetegi izateko egokitu zen, eta musika taldeek industrialdean bertan zegoen abere-hiltegi izandakora joan behar izan zuten.
Fernando Arzallusek gogoan du leku xelebre hura. Berak idatzitako Aztarka batean honela dio: “Garai haietan handik pasa ginenok irudi bitxi zein surrealista ikusi ahal izan genuen: abereak zintzilikatzeko kakoak, kateak eta poleak hantxe zeuden, hiltegia funtzionamenduan zegoenean bezala, musikari haietako bat jainkotiar bihurtu eta “deus ex machina” gisa, zeruan zintzilikatu behar bazen-edo”.
Besteak beste, Lin Ton Taun, Se está kemando la Serrería edota Eremuan taldeek entseatu zuten abere-hiltegi hartan. Hurrengo hamarkadetan sortuko ziren gainontzeko denei bidea ireki zietenak, hain justu. Lin Ton Tauneko kidea den Joseba Illarramendik bizirik gordetzen ditu garai hartako oroitzapenak. 90eko hamarkadan hainbat entsegu lekutatik pasatu zen taldea: Elizkaleko gaztetxe zaharra, Zentroa, Hermanotako jangela… eta mataderia, noski.
“Bi solairuko eraikina zen, eta beheko solairua gune karratu handi bat. Paretak azulejo zuriz estalita zeuden, eta lurrean likidoentzako (odolarentzat, batik bat) kanalak zeuden. Soinua penagarri entzuten zen; horregatik, paretak espuma zuriz estali eta tela beltzak jarri genituen”, gogoratu du Illarramendik.
Egoera eskasean egonda ere, Lin Ton Taunek bertan sortu zituen maketa, lehen bi diskoak eta hirugarren lanaren zati handi bat. Handik urte batzuetara, estazioko industrialdean berritze-lanak hasi ziren eta hiltegi zaharra eraitsi egin zuten. Geltokiko biltegira, gaur egun dabiltzan lekura, pasa ziren orduan.
Geltoki zaharreko lokalaren hastapenak
Ibon Telleria hasiera-hasieratik dabil “beheko lokala” izenez ezagutzen den geltoki zaharreko lokalean. Duela hiru hamarkadako kontuez jardun gara hizketan. Hasiera batean, lokalaren egoera kaskarrak behartuta, inguruko obretatik utzi zizkieten materialekin konpondu zuten lokalaren kanpoaldea, adreiluak, masa eta bestelakoak erabiliz. Leihoak, berriz, Páginas Amarillas liburuekin estali zituzten; oraindik han daude, paretari itsatsita.
Urte haietan gune horren bueltan beste “rollito” bat zegoela uste du Telleriak: “geltokira jaitsi, bakoitzak instrumentu bat hartu eta, besterik gabe, inprobisatu egiten genuen, gozamenagatik”. Hori galdu egin dela dio.
Dozenaka eta dozenaka musikari pasa dira beheko lokaletik. “Herrian ezagutzen diren talde gehienak lokal horretatik pasa dira” azaldu du Telleriak. Beste batzuek, jakina, beren lokal pribatuak zituzten. Batemat, Katekesis, Ihesi, Komando Telebista, Azido, Itzain, Hilobitik dira geltoki zaharreko biltegian entseatzen zutenen orduko taldeen izenak. Azido taldeko partaide zen, hain justu, Ibon Telleria. Taldearen lehen urratsak gogoratzean irribarrea atera zaio: “Oraingo frontoi zaharraren aurrean zegoen Gaztañaga dendako sukaldean hasi ginen entseatzen”.

Ezkerretik eskuinera, Eñaut Gaztañaga, Iban Agirre, Ibon Telleria eta Hektor Larrañaga
Telleriaren eta Illarramendiren hitzak entzunda, argi dago garai hartako musikariek ez zutela aitzakiarik musika praktikatzeari uzteko.
Fundizio musika elkartearen sorrera
Azaldu berri dugun bezala, aspaldikoa da musika taldeek entseguetarako baliatzen duten lokala, baina 2019aren bueltan hasi ziren musikariak lokala asanblada bidez kudeatzen. Fundizio musika elkartea izenpean, kultur talde eragile gisa definitzen dira.
Lokala kudeatzeko eta antolatzeko helburuarekin sortu zen elkartea, baina baita erabiltzaileek toki horrekiko konpromisoa hartzeko ere. Halaber, “herriko musika taldeen sormena eta musikarako grina hauspotzea nahiz talde berrien sorrera sustatzea” dela beraien asmoa, azaldu dute Telleriak eta Expositok.
Era berean, kultur eragile gisa, ekitaldi desberdinak antolatzeko ideia ere badute. Horren adibide da Fundizio Fest musika jaialdia. “Erraza da kultur talde garela esatea, baina horretarako gauzak egin behar dira”, azaldu du Telleriak.
Lokalaren erabilerari dagokionez, sarri entseatzen dutenek lokala erabiltzeko ordutegi finko bat dute. Noizbehinkakoek, berriz, libre dagoen orduetan erabiltzen dute. Nolanahi ere, elkarren arteko komunikazioa “funtsezkotzat” jotzen dute. “Komunikazio faltagatik edo antolakuntza ezagatik, egoerak gain hartzen zuen lehen” aitortu du Telleriak. Hileko azken igandeetan elkartzen dira elkarteko kideak eta hitzordu hori lokalaren antolakuntzaz nahiz bestelako gaien inguruan hitz egiteko baliatzen dute.
Elkarlana eta elkarbizitza
Hogeita hamar lagun inguru dira gaur-gaurkoz geltoki zaharreko lokala erabiltzen dutenak. Horien artean, musika estilo desberdinak praktikatzen dituzten talde, DJ nahiz bestelako sortzaileak daude. Exposito eta Telleriak aipatu dute pixkanaka kide berriak batzen ari direla, eta azpimarratu dute gogoa dutenentzat Fundizioko ateak zabalik dauzkala. “Lokala erabili nahi duen edozein herritarri baliabideak eta behar duen laguntza eskainiko diegu”. Hala eta guztiz ere, gune hori erabiltzerako orduan konpromisoa hartzea eskatzen dute: batzarretan parte hartzea, auzolanetan laguntzea eta ekitaldien antolakuntzan inplikatzea.
Historikoki bai lokalean, baita musika munduan ere, mutilak nagusi izan direla aipatu dute biek ala biek. Eta gaur egun ere hala dela, nahiz eta emakumeen presentzia hazten ari den elkartean ere. Pozik agertu dira horrekin. Bide batez, herriko neskei elkartera batzeko dei berezia zabaldu die.
Jone Exposito izan da elkartean sartu den azkenetakoa. Hiru lagun elkartu ziren musika sortzeko irrikaz, norabidea oso argi izan gabe. Oso eskertuta agertu da Exposito Fundiziokoekin: “eskuzabalik hartu gintuzten eta laguntzeko prest agertu dira hasieratik. Instrumentuak ere utzi zizkiguten”.
Berdina dio Oier Arantzetak ere. Lagun talde bat bildu ziren gaztetxeko musika-bertsioen gauean parte-hartzeko asmotan. Egun horretarako entseatzeko beharra zutela ikusita, informatzen hasi ziren: “jakin bagenekien geltoki zaharrean entseatzeko lokal bat zegoela, baina ez zein zen funtzionamendua”. Expositok aipatu bezala, beraiei ere hasiera batetik entseatzeko ia material guztia utzi zioten. Behin bertsioen gauean jo ondoren, musikarako grina piztu zitzaien eta Manitu taldea sortu zuten.
Momentu horretan lokalaren funtzionamenduan muturra sartu behar zutela ikusi zuten eta elkartean sartu ziren. Entseguetarako gunea izateaz harago, Manituko baxu-joleak elkarteko kideen arteko elkarlana nabarmendu du: “Kontzertuak lotzeko garaian, instrumentuen inguruko zalantzak argitzeko, fakturekin edo teknikoekin harremanak kudeatzeko… era askotako laguntza dago gure artean”. “Elkartekook elkarri laguntzen ez badiogu, ez gaitu inork lagunduko; eta are gutxiago hasi berriak diren taldeak”, gaineratu du.
Bigarren lokala
Geltoki zaharreko lokalak ate bana du alde bakoitzean. Hori horrela, eraikinak bi lokal ditu: bata txikiagoa bestea baino. Azken hiru hamarkadetan, herriko musika taldeek txikiena erabili dute. Hala ere, erabiltzaile kopurua handitu ahala, gunea txiki geratzen hasi zitzaien, bai ekipamendu guztia sartzeko eta bai entseguetarako behar adinako lekua bermatzeko ere. Horregatik, aspalditik zebiltzan Fundizioko kideak bigarren lokala eskuratzeko ahaleginetan. Gune hori, ordura arte, udalak erabiltzen zuen biltegi moduan. 
2023an udalarekin hitzarmena sinatu zuten eta laguntza ekonomikoa jaso zuten lokala auzolanean egokitzen laguntzeko. 2024 amaieran eskuratu zuten gune hori, eta duela bi hilabetetatik martxan dago jada.
Gune hori konpondu eta erabilgarri jarri dute denbora horretan Fundiziokoek elkarlanean: intsonorizatu, telak jarri, lurra jarri… Bi lokal izateak aldi berean bi espazioetan entseatzea ahalbidetzen duenez, aurrerapauso handia dela diote elkarrizketatuek. Gune berria, batez ere, jardun handiagoa duten taldeek erabiltzen dute, maizago entseatzen dutenek eta oholtzara sarriago igotzen direnek. Beste lokala, berriz, DJ-ek, talde txikiagoek eta noizean behin elkartzen direnek erabiltzen dute gehienbat.
Elkarrizketaren bitartean, gune berria erakusten ari zitzaizkidala, txoko batean tresna bitxi batek arreta erakarri zidan: tren geltokia martxan zegoen garaiko pisatzeko baskula zahar bat zen. Telleriak azaldu zidan haren funtzionamendua, baina, egia esan, kostata ulertu nuen; makina hark nire adina baino lau aldiz urte gehiago baitzuen. Udalak objektu historiko gisa mantendu nahi izan du bertan. Fundiziokoek, ordea, dohaintzan ematea nahi omen zuten, “hor hautsa pilatzen egotea baino lehen”. Txantxetan, Telleriak eta Expositok esan dute askotan aipatu izan dutela norbaitek, entsegu sutsuren batean edo momentuko adrenalina lehertze betean, moztuko ote duen delako baskula lurretik.
Zestoako musikaren egoeraz, baikor
Zestoako panorama musikala “osasuntsu” ikusten dute Exposito eta Telleriak, eta horren adierazle da musikarien lokalean gero eta talde gehiagok entseatzen dutela. Expositoren ustez, “Zestoan beti dago musikaren munduarekin lotuta dabilen jendea. Talde batean ez bada bestean, baina beti bada mugimendua. Horrek herriko musika-grina bizirik mantentzen laguntzen du, eta gazteek erreferenteak izatea ere oso garrantzitsua da mundu honetan sartzeko”, azaldu du.
Telleriak, berriz, aniztasuna nabarmendu du egungo panoramaren indargune gisa. Haren esanetan, aurreko hamarkadetan baino musika estilo gehiago lantzen dira gaur egun, eta, gainera, belaunaldi desberdinetako jendea elkartzen da gune berean. Horrek harremanak sendotzea eta elkarrengandik ikastea ahalbidetzen duela uste du.
Fundizio Fest, herriko musikagileen eszenatoki
Maiatzaren 23an ospatu zen Fundizio Fest. Aurten hirugarrenez antolatu dute musika jaialdia, Zestoako Gazte Asanbladarekin elkarlanean. Lehenengo aldiz 2021ean antolatu zuten, eta 2022ko edizioaren ondoren etenaldia izan du, aurten berriz itzuli arte. Fundizio musika elkarteko parte diren musikariei aukera emateko eguna dela azaldu dute. Jaialdiaren berezitasun nagusia “herriko taldeei ematen dieten lehentasuna” da, baita haien presentzia eta ikusgarritasuna sustatzea ere.
“Oholtza anitzak” izatean ere jarri dute fokua aurten, azaldu du Expositok. Programazioan emakumeen presentzia ere bilatu dute, baina argi utzi nahi izan du hautaketa ez dela horretan bakarrik oinarritu: “Ez ditugu taldeak aukeratu bertan emakumeak daudelako; gustuko ditugulako baizik, eta gainera emakumeak ere badaudelako”.
Goizetik goizaldera arteko egitaraua izan zuen Fundizio Festek. Goizean, herritarrek entsegu lokal berria bisitatzeko aukera izan zuten; eguerdian, berriz, Laiak dendak antolatutako ardo dastaketak hartu zuen protagonismoa. Arratsaldetik aurrera, kontzertuek bete zituzten gaztetxea eta plaza: Arima, Mihise, Argizulo Dub Station & Eira, Beñaranks, Fundizio Crew, Min, Burutik eta, azkenik, Hgs, Costmix eta 3re DJ-ak arduratu ziren askotariko doinuekin herria girotzeaz.
Oihane Goikoetxea