Albisteak

Euskal Selekzioarekin lortutako emaitzekin gustura itzuli da Argentinatik Naroa Agirre

Amaitu da Argentinako Mendozan jokatutako XI. Munduko Esku Pilota Txapelketa, eta balorazio oso positiboa egin du Naroa Agirre herritarrak. Euskal Selekzioak txapelketa bikaina osatu du, nesketan zein mutiletan “txapeldun absolutu” izendatuta, emaitza nabarmenekin.

Emakumezkoen mailan, hiru urrezko domina eta zilarrezko bat eskuratu ditu selekzioak; gizonezkoetan, berriz, urrezko bat, bi zilarrezko eta brontzezko bat. Agirreren hitzetan, emaitzen aldetik “kriston ondo” aritu dira, baina azpimarratu du atzean lan handia egon dela: “hilabete batzuk pasa ditugu astean hiru entrenamendu eginez, eta nahiz eta kanpotik erraza dirudien, kostatakoak izan dira garaipenak”.

Kirol emaitzez gain, esperientzia pertsonala ere oso aberasgarria izan dela azaldu du pilotariak. Talde barruan giro bikaina izan dute, eta beste selekzioetako pilotariekin ere harreman ona egin dute: “batzuk aurreko urteetako txapelketetatik ezagunak genituen, eta haiek berriro ikustea eta elkarrekin momentuak partekatzea ilusioa egiten du. Elkarren partidak ikusi ditugu eta asko animatu dugu elkar”.

Agirreren esanetan, txapelketa honek erakusten du esku pilota mundu osoan jokatzen dela, nahiz eta askotan Euskal Herrian bakarrik jokatzen dela pentsatu: “frontoirik ez duten tokietan ere antzeko modalitateak jokatzen dira, eta maila oso altua da”. Bere ustez, azken urteotan nabarmen berdindu da maila, eta horrek entrenatzen jarraitzeko motibazioa handitzen du.

Aurkarien artean, Herbehereak eta Valentzia aipatu ditu bereziki, emakumezkoetan ohiko arerio nagusi gisa. Italiako selekzioa ere talde zaila dela nabarmendu du, jokatzeko modu bereziagatik.

Txapelketa amaitzean, selekzio guztietako kideek elkarrekin ospatu zuten sari banaketa gaua, giro onean amaiera emanez esperientziari.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide