Albisteak

“Gure baratzetan burujabe” izenburupean egingo da Eskola Hazien bigarren saioa Amillubin

Igande honetan, apirilak 19an, Eskola Haziak egitasmoaren bigarren saioa egingo dute Amillubin. Agroekologiaren eta nekazaritza jasangarriaren inguruan ikasi nahi duen edonorentzat irekia den dinamika honek, auzolana eta formakuntza uztartzen ditu, esperientziak partekatzeko eta sareak ehuntzeko helburuarekin.

Bigarren saio honetan, 9:00etan ekingo diote auzolanari, eta 11:30ean kafe tartea egingo dute. Ondoren, 12:00etan, “Gure baratzetan burujabe” tailerra eskainiko dute Biolur-Amillubiko kideek, baratza martxan jartzeko oinarriei buruzko azalpen eta praktika partekatuarekin. Antolatzaileek adierazi dute jakintza eta praktikak elkarbanatzeko gune irekia izango dela, mota guztietako baratzentzat baliagarria.

Egitasmoaren helburuen artean daude nekazari txikiak eta elikadura-sistema eraldatzen ari diren proiektuak indartzea, ikuspegi feminista, intersekzional eta kolektiboa lantzea, eta Gipuzkoako mugimendu agroekologikoaren barruan agenda komun bat ehuntzea. Saioetan, besteak beste, ekonomia sozial eta eraldatzailea, ekofeminismoa, intersekzionalitatea, ekoizpen eta merkaturatze kolektiboa eta bioeraikuntza landuko dituzte.

Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete info@amillubi.eus helbidera idatzita, eta antolatzaileek gogorarazi dute lanerako eskularruak eramatea komeni dela.

Hurrengo saioak:

  • Ekainak 14Bioeraikuntza
    Oinarriak eta praktika, 1. saioa
  • Uztailak 12Merkaturatze agroekologikoa
    Salmenta duinerako bideak — Biolur
  • Irailak 13Bioeraikuntza
    Oinarriak eta praktika, 2. saioa
  • Urriak 18Pribilegio txuria agerian
    Ubuntu credit proyect — Nontokozo
  • Azaroak 15Ekonomia sozial eraldatzailea
    Eredu kooperatibo eraldatzaileak landa gunean — Olatukoop / Ekintzakoop



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide