Martxoa 2026
— 2026-03-27Irakurri 280. zenbakia hemen.

Zestoako etxeetara iristen hasi dira aste honetan Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren izenean, Gipuzkoako Urak enpresa publikoak bidalitako lehen fakturak. Aurrerantzean, ur horniduraren kudeaketa osoa kontsortzioaren esku geratuko da, eta hark bidaliko ditu fakturak ere. Orain arte, Zestoako Udalak bere gain izan ditu uraren herriko banaketa eta hoditeriaren mantenua, eta bi kobrantza bereizi egiten zituen: bat ur kontsumoari zegokiona eta bestea zaborrari loturikoa. Hemendik aurrera, ordea, bi kontzeptu horiek faktura bakarrean bateratuta jasoko dituzte herritarrek.
Hori dela eta, ur-kontsumoa eta zaborraren tasa batera kobratuko dira. Ondorioz, aurreko urteetako uraren fakturekin alderaketa egin nahi duenak kontuan izan beharko du gaur egungo fakturetan zaborrari dagokion zatia ere barne dela; beraz, alderaketa zuzena egiteko, kopuru orokorrari zaborraren tasa kendu beharko zaio.
Kontsultak eta tramiteak egiteko bideak
Bestalde, gaurtik aurrera, apirilak 15, ur horniduraren inguruko bezeroen arretarako makina martxan izango da Zestoako udaletxeko beheko solairuan, 08:00etatik 14:00etara. Bertan, herritarrek titularitate aldaketak, ordainagiriei buruzko kontsultak edo zerbitzuaren bajak egiteko aukera izango dute, besteak beste.
Zuzeneko arreta nahi dutenek, berriz, Azpeitiko eta Zumaiako bulegoetara jo beharko dute. Horrez gain, zerbitzua 943 00 22 22 telefono zenbakiaren bidez eta Gipuzkoako Urak-en bezeroentzako bulego birtualean ere eskainiko da.