Kubara bidaltzeko oinarrizko produktuen bilketa egingo dute Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan apirilaren 25ean

Kubara bidaltzeko oinarrizko produktuak bilduko dituzte Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean, eta Urola Erdian ere izango da bilketa.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak apirilaren 25ean egingo du bilketa Azpeitiko Juan XXIII Eroskin, Sanjuandegiko Eroskin eta plazan; Azkoitiko Lidl eta Maxi Eroskin; eta Zestoako Gesalaga kalean 10:00etatik 14:00etara bitartean. IASek, berriz, Ikasberrin, Iraurgin, Izarraizpe DBH eta Azkoitia BHIn (apirilaren 16an, 23an eta 24an), Izarraitz LHn (apirilaren 16an, 22an eta 23an) eta Izarraizpe batxilergoan (apirilaren 23an eta 24an).

Bilduko den materiala
Egoera larriari aurre egiteko produktu zehatz batzuk bilduko dituzte, hain zuzen, material sanitarioa, higiene materiala, garbitzeko materiala, elikadura-osagarriak zein elikagai ez galkorrak, kirol materiala eta ikas materiala.

Elikagai ez galkorrei dagokienen, enlatatutako jakiak eta bestelakoak behar dituztela aurreratu dute: pasta, lekaleak, esne-hautsa, fruitu lehorrak, olioa eta tomate brikak; betiere, 2027ko urtarriletik aurrera iraungiko direnak. Osagarriei dagokienez, berriz, bitaminak, mineralak (magnesioa, burdina, kaltzioa), gantz-azidoak (Omega3) eta probiotikoak.

Material sanitarioari dagokionez, berriz, 2027ko ekainetik aurrera iraungiko liratekeen medikamentuak, eta mota guztietako produktu sanitario zein tresna medikoak jasoko dituzte, besteak beste, tresneria eta baliabide kirurgikoak (pintzak, guraizeak, bisturiak, papera, hariak), eskularruak eta preserbatiboak. Horrekin batera, higienerako konpresak, tampaxak, toallatxoak eta pixoihalak (haurrentzat zein helduentzat) eskatu dituzte, eta baita garbiketa orokorrerako materiala ere: erratzak, fregonak, oihalak, trapuak, espartzuak, biberoien garbitzaileak eta abar.

Bestalde, kirola egiteko materiala ere bideratuko dute, hain zuzen, baloiak, pilotak, erraketak, bizikletak eta ekipamendua (kamisetak, galtza motzak, futbol botak…). Eta, aipatutakoa gutxi ez, eta eskolarako materiala ere jasoko dute: arkatzak, boligrafoak, koloretako pinturak eta errotuladoreak, txorroskiloak, guraizeak, koadernoak… Ez, ordea, testu-libururik eta entziklopediarik.

Horiez gain, plaka fotovoltaikoetarako diru bilketan ekarpena egiteko aukera ere izango da. Horretarako kontu korronte zenbakia jarri du eskuragarri Euskadi-Cubak, baina EHKSren bilketa postuetan ere egongo da diruz ekarpena egiteko aukera.

Kuba, egoera larrian
Bilketaren sustatzaileek adierazi dute “oso larria” dela Kubaren egoera: “Itzalaldiak eta erregaiaren eskasia ohiko errealitate bilakatu dira eta eguneroko bizitzaren arlo guztiak kaltetzen ari dira, horien artean, garraioa, elikagaiak zein ura eskuratzeko aukera, osasungintza eta hezkuntza”. Seinalatu dute egoera hori “iraultzaz geroztik” Ameriketako Estatu Batuek (AEB) Kubaren aurka izan duten politika isolazionista eta kriminalen ondorioa dela, eta azken urteetan “biziagotu” egin duela blokeoa Donald Trumpek, baita interbentzio militar baterako mehatxua handitu ere: “Kubako herria muturreko egoera batean dago Amerikako Estatu Batuen blokeo kriminala dela eta. Trump presidente faxistaren genozidio saiakera da hau”.

Kontseilu Sozialistak eta Euskadi Cuba elkarteak salatu dute erregaiak ez direla iristen, itzalaldiak orokortzen ari direla eta oinarrizko produktu gehienen eskasia dagoela.

Era berean, Kuba hamarkadetan zehar elkartasun internazionalistaren eredu izan dela adierazi dute: “Medikuak bidali ditu munduko hainbat txokotara edota pandemia garaian txertoak bidali zituen hainbat herrialdetara. Elkartasuna ulertzeko forma aurrerakoiago bat erakutsi dio Kubak munduari, etika sozialistaren lekuko”.

Hori dela eta, Kubako herriari elkartasuna adieraztera deitu dute: “Mundu osoa gerran sartzen ari diren honetan, inperialismoaren aurka mobilizatu eta gizatasunez jardutea dagokigu”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide