Albisteak

Inaxio Sorazuk Brazilian Jiu-Jiutsuko Europako txapelketa jokatu du

Inaxio Sorazu Euskal Herriko txapelketako lehen postuan.

Brazilian Jiu-Jiutsu arte martzialeko Europako txapelketa jokatu zen urriaren 15eko asteburuan Valentzian. Inaxio Sorazu zestoarrak hartu zuen parte eta aitzakia horrekin, galdera batzuk egin dizkiogu:

Zertan datza Brazilian Jiu-Jiutsuak?

Arte martzial bat da. Judoarekin antzekotasuna du. Borroka goitik hasten da eta helburua aurkaria lurrera bota, giltza bat egin eta amore emanaraztea da. Bost minutu inguruko konbateak izaten dira.

Noiz hasi zinen kirol hau praktikatzen?

Duela bi urte hasi nintzen. Orduan Arrasaten ikasten nuen eta bertan bizi nintzen. Beti gustatu izan zaizkit arte martzialak. Gimnasio batera joan nintzen eta pila bat gustatu zitzaidan. Joan den urtean, Zestoan bizi nintzenez, Azpeitiko eskola batean hasi nintzen.

Nola izaten dira entrenamenduak?

Astean hiru aldiz izaten dugu klasea  eta asteburuetan ere joateko aukera izaten dugu. Konbateak egiten entrenatu ohi dugu. Arte martzial ezberdinak egiten dira bertan. Irakaslea azpeitiarra da eta hogei pertsonatik gora ibiltzen gara.

Zein izan zen parte hartu zenuen lehen txapelketa?

Arrasaten ibiltzen nintzenean, Euskal Herri mailako txapelketa batera joan nintzen. Zuk zure gerrikoan lehiatu behar duzu eta gerriko horren barruan, zure pisuan. Ni gerriko zuria naiz orain eta 76-82 kiloko kirolarien mailan hartzen dut parte. Hasi eta hilabete batzuetara Bilbon izan zen lehen txapelketa eta hirugarren postua eskuratu nuen. Udan, Euskal Herriko irekian hartu nuen parte eta irabazi egin nuen. Urriaren 15eko asteburuan, berriz, Europako txapelketan izan nintzen, Valentzian eta ez zen hain ondo joan. Uste nuena baino maila handiagoa zegoen.

Zer da zailena?

Aurkaria engainatu behar duzu. Denok dakigu ze mugimendu dauden baina zu zerbait egitera zuzenean joaten bazara, aurkariak harrapatu egingo zaitu. Despistearekin jokatu behar da. Giza xakea bezala ezagutzen da kirol hau. Joko psikologikoa ere bada.

Noiz jokatuko duzu hurrengo txapelketa?

Donostian jokatuko dugu laster bat “Invictus” deiturikoa.

Zer ematen dizu kirol honek?

Despejatu egiten dit. Beste mundu bat da, jendea ezagutu dut eta oso gustura nago.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide