Ekaina 2026
— 2026-07-02Irakurri 283. zenbakia hemen.

Mari Karmen Zurutuzak, 1973tik Zestoako botikan lan egin eta gero, erretiroa hartu berria du. Bokazio handiko farmazialaria, profesional ona eta jendearekin eskuzabala dela aitortu dute berarekin lan egindako denek. Herriari zerbitzua
ematea eta herritarrekiko hartu-emana azpimarratu ditu, berriz, Mari Karmen berak. Ez dira dohain makalak, ez horixe, hainbeste teknologiak, hainbeste makinak eta automatizaziok, agian, giza-harremana arriskuan jartzen ari diren garai hauetan.
Iruñean egin farmazia ikasketak eta nola hasi zen zure lan-bizitza?
Karrera bukatu eta segituan, nire aitak [Enrike Zurutuza, Azpeitiko albaitaria] esaten dit: Mari Karmen, Magallonek esan dit [Magallon Zestoako albaitaria zen] Julio Tejeirok Madrilera joatea nahi duela eta botika eskualdatu egin nahiko lukeela. Emaztea madrildarra zen, bera galiziarra. Tejeiro zortzi urtez aritu zen Zestoan. Lehenago Ignazio Arrazola ibili zen. Eta hala hartu nuen Kaleokerreko botika, eta han jardun nuen bertan 1973tik 2000. urtera arte.
Handik gutxira, funtzionario izateko oposizio-probak eta analisi klinikoen ikastaroa egin nituen Madrilen. Garai hartan herri guztietan, osasun eremuan, hiru funtzionario mota zeuden: medikua, albaitaria eta farmazeutikoa. Orain hori kenduta dago baina orduan hala zen. Ni botikan hasi nintzen garaian, medikua Don Enrike zen eta albaitaria Magallon. Lagun handiak ziren biak.
Ni, herriko medikua eta albaitaria bezala, garai hartan Gobernazio Ministerioko funtzionarioa nintzen, nire aita eta anaia bezalaxe, biak albaitariak, eta aitak esaten zigun, brometan: “Ez ahaztu gu hirurok polizia nazionalaren kidego berekoak garela!”. Izan ere, Gobernazio Ministerioak kidego oso handi bat hartzen zuen bere baitan: osasungintzakoak ginen, baina ez zen orain bezalako kidego independente bat, baizik eta Gobernazioaren menpe zegoen.
Eta zein izaten zen zure lana?
Azpeitian esaten zidaten, “Zestoa… horrek zer lan emango din ba”, baina nik esaten nien “txist, txist… oraintxe kontatuko dizuet zenbat depositu, eta zenbat lan ematen duen…”
Nire ardura zen Zestoa guztiko eta Aizarnazabaleko ur-hornidura osoaren analisia, ur-biltegi publikoak, pribatuak, eta hemen, batez ere, bainuetxea. Biltegi pilo bat zeuden: Aizarnan, Arroagoian, Arroabean, Beduan, Aizarnazabalen, Ibañarrietan, Endoian… Horietara denetara ni neu joaten nintzen.
Udal langileek zuten urak kloratzeko ardura, baina batzuetan gutxi botatzen zioten, eta hurrengo berriz karroa bete-bete eginda joaten ziren, eta urak arropa garbitzeko bakarrik balio zuen, edatea ezta okurritu ere [barre egiten du]. Gauza

Botika zaharra, mostradorea
horiek aspaldi zuzendu zituen udalak, ordea, urak kloratzeko gailu automatikoak instalatuta.
Analisi lanak egiteko tresna asko erabiltzen ziren: labea, Petri plakak, mikroskopioa eta kloro eta PH neurgailuak.
Bueno, baina nola izan zen botika zaharreko hasiera hura?
Ba, poz-pozik lehenengo momentutik. Oso herri erraza, herri irekiagoa Azpeitia baino; kanpotarrek eta mundu horrek ematen zion nortasun pixka bat diferentea, herria ohituta zegoen kanpotar jendea hartzen, edo etxeetan edo hoteletan… portugesak-eta etortzen ziren.
Romana pentsioan hartzen nuen ostatu, Agustin tabernan. Maisu talde bat ere bazegoen han, Zamorakoak gehienak, eta batzuk hemengoekin ezkondu ziren gainera. Zer giro zoragarria egoten zen Romanaren etxean!
Azpeitia ez zeneukan ba urruti?
Ez baina guardiatan-eta hemen egon behar zenuen une oro. Guardiak-eta hilabete osoan izaten ziren, eta konpontzen nintzen Mirenekin –artean Mirari ez zegoen– baina tokatzen zenean Romanan geratzen nintzen. Guardia tokatzen zenean ez zegoen etenik. Senargaiarekin joaten bazinen, mundu guztiak bazekien non zeunden. Endoiarantz paseoan banindoan, ohartarazi beharra neukan: “Hara noa paseoan”; denbora guztian aurkitzeko moduan egon behar zen. Orduan ez zegoen mugikorrik, ez bilaketa-tresnarik, ez ezer.

Botikako tresneria
Romaneneko giroa ikaragarria zen. Ni artean oso gaztea nintzen, 24-25 urte besterik ez. Gauero berdin, karta jokoan eta tertulian, eta haiek (maisu-maistrek) kontatzen ziguten, esate baterako, bat Sanabrian izan zela maisu; bederatzi hilabete inkomunikatuta (ez zeukaten errepiderik, orain badaukate baina)… Denok adin bertsukoak ginen.
Eta zer aldatu zen Tejeirok utzi eta farmazia zuk hartzearekin? Hainbat urtetan botikaria gizonezkoa, eta zu, frankismo garai ilunean, emakumezkoa…
Aldaketa izan zen bai. Eta beste aldaketa bat: Julio Tejeirok ez zekien euskaraz, eta ni sartu nintzenean hori ere aldatu egin zen.
Zestoa herri txikia zen, eta askoz errazagoa zen jendearen arazoak ezagutzea, haiekin harremanetan jartzea eta haiekin sentsibilizatzea. Zestoan egon naizen 53 urteetan, orain helduak diren gehienak jaiotzen ikusi ditut… Guardiak tokatzen zitzaizkidan igandetan, nire semeak Laranjadin ibiltzen ziren jolasean, musika bandaren doinuekin dantzatzen zuten…
Nolakoa izaten zen botikako egunerokoa?
Orain egiten diren gauza berdinak egiten ziren, askoz teknologia gutxiagorekin eta gastu gutxiagorekin. Jendearen arreta, errezetak ematea (gaur egun dena elektronikoki egiten da). Gero gauza batzuk prestatu egin behar izaten dira; esate baterako, garai batean poteko tomatea egiteko hauts batzuk prestatzen ziren (hori orain debekatuta dago), edo arrantzale denak etortzen zitzaizkigun medusen kontrako botika baten bila… Mota guztietako formulak prestatu izan ditut beti. Antzinako formuletatik hasi eta gaur egungo modernotaraino. Eta horretarako behar ziren tresna guztiak neuzkan laborategian.
Baina orduko lanak…! Kobratzeko kaxoi bat izaten zen, botika eskariak telefonoz egiten ziren… Biztanle kopuru berdina, lan berdina, baino askoz atzeratuago. Hori bai, orain, irabazten duzunaren zati handi bat teknologiari itzuli behar diozu, sistema mantentzeko. Ikaragarrizko papeleoa izaten da; ladrones del tiempo esaten diet nik, zeren une oro tramiteak eta tramiteak egiten zabiltza.

Mari Loli, Mari Karmen eta Mirari
Herriarentzat ia zerbitzu guztiak izango zituen farmazia bat eduki nahi izan dut beti: analisiak egin ditugu, Guztiok Bat enpresan [langileen] analitikak ere egiten genituen. Gero anbulatorioak hasi ziren analisiak egiten, eta guk orain egiten ditugu, makinatxo batekin, zerbitzua emateko, azukre, kolesterol, triglizerido eta gauza puntualak. Gaurko teknologiarekin hori egiten da behetzean ziztadatxo emanda, baina orduan xiringatxo batekin egiten zen (anbulatorioan egiten zen bezala).
Zer diferentzia nabaritzen dituzu hasierako garai haiekin konparatuz?
Ba, alde batetik, funtzionario izateak zekarren lana bukatu egin zen urak zentralizatu egin zirelako. Bestetik, guardien ordutegia murriztu egin da, eta horrek aldaketa handia ekarri du.
Geroago, zerbitzu berriak eskaintzen hasi ginen, esate baterako, metadona kontrola. Badakizu garai batean drogen menpeko asko egon zela, arazo handia izan zen, baita Zestoan ere. Gainera, Gizakia Helbururen zentroa geneukan hurbil, Lasaon. Egoera zailak izaten ziren batzuetan, zeren pertsona horiek, bere arazoak zituztenez, etortzen ziren oihuka botikara: “Eman-eman; baina ezin dizut eman…” eta horrela. Zerbitzu hori eman ahal izateko, urtero-urtero baimen berezia jaso behar izaten da.
Beste gauza bat, lehen egiten ez zena eta orain bai, erresidentzietan daudenentzako asteko pastilla-ontzia prestatzea da, bakoitzari berea, eta herriari ere eskaintzen zaio zerbitzu hori nahi duenarentzat.
Baina, batez ere, aldaketa handiena izan da teknologia, eta ni neu eta gure farmazia teknologia aldaketa horretara egokitzea.
Eta urte hauetako zure lankideak? Aipa itzazu batzuk.
Lankide asko izan ditut: Miren Kortadi izan zen lehena eta Araitz Odriozola azkena. Baina aipagarrienak ahizpa Mari Loli, nire seme Xabier, eta batez ere, Mirari Aizpurua izan dira. 48 urte egin zituen nirekin; hainbeste urte elkarrekin, botika bezalako gune txiki batean…!
Kaleokerreko botikan hasi zinen eta noiz arte egon zineten han?

Miren Kortadi, Kaleokerreko botikan, 1966
2000. urtera arte. Geroztik, orain gauden toki horretan. Botika zaharra, oso polita, baina zeukan ikaragarrizko defektua gaurko egunerako: irisgarritasuna. Eskailera maila mordoxka zituen. Neuk jarri nuen baranda bat, baina ez zituen baldintzak betetzen. Lehengo botika zaharra eta txikia zen. 2000. urtean aldatu ginen baina ni aurretik banenbilen beste zerbaiten bila. Han alokairuan nengoen (Arrazola familiarena zen lokala), baina ikusten nuen sar nintekeela lokal berri batean, eta bila hasita nengoen. “Hemen lokal berria derrigorrezkoa da” esaten nion neure buruari. Eta iritsi zen momentu bat jabeek esan zidatela etxea botatzera zihoazela, eta orduan bai, orduan zirt edo zart egin beharra zegoen aldaketa.
Gogorrena izan zen pertsiana hura itxi behar izatea. Zenbat negar egin nuen! Denek esaten zidaten, “baina askoz leku hobera zoaz-eta”, baina pertsiana hura betirako ixtean, nire bizitzako etapa bat ixten zen, nire lehen etapa, eta hori gogorra izan zen.
Pinoteazko altzari ederra mantendu egin nahi izan nuen, botika txikiaren sinboloa. Baina gainerakoak eguneratuta eta automatizatuta daude, eta arreta farmazeutikoa emateko intimitatea ondo definituta dago.
Zuk herriari zerbitzu gisa hartu duzu beti farmazia…
Bai. Zestoa bezalako herri bateko farmazia bateko lanak, ordutegi zabala eta guardia iraunkorrak dituenak, farmazialariari ez ezik, bere familia osoari ere eragiten dio. Zer esanik ez langileei… Familia osoak farmazia eta herriari eskainitako zerbitzua zen.
Gizarteak ere eboluzionatu egin du (gaur egun, jende zahartuagoa dago). Gaixo kroniko eta edadetu batekin, batzuetan egunean behin baino gehiagotan botikara etortzen den gaixo kroniko batekin izaten diren harremanak, askotan gaixotasunetik harago joaten dira, eta herri txiki batean errazago sortzen da konfiantzazko harremana; batzuetan, hitz egitea besterik ez dute nahi. Akordatzen nahiz hainbat pertsonez, bakarrik zeuden, eta etortzen ziren egun batean pastilla baten bila, hurrengo egunean beste pastilla baten bila, askotan hitz egitea bakarrik nahi zuten. Ezagutzen dituzun neurrian, badakizu zer gabezia dituzten; agian hori izango da egunean izango duten elkarrizketarik handiena.

Oraingo belaunaldia
Farmaziak asko lagun dezake eta lagundu behar du osasun-sistema arintzen, are gehiago Zestoa bezalako herrietan; izan ere, lehen mailako arreta 15:00etan amaitzen da, eta, aldiz, farmaziak merkataritza-ordutegia du, larunbatak barne. Gizarte lan garrantzitsua egin daiteke farmaziatik. Pazienteari medikazioa behar bezala hartzen laguntzea, bere osasun-arazoa hobeto ezagutzearen garrantziaz hitz egitea, batez ere edadeko paziente kronikoen kasuan.
Paziente gazteengan, ordea, “gehiegizko informazioa” izan daiteke arriskua, eta hori arazo izan daiteke profesionalarentzat. Etortzen dira denak interneten irakurritako gauzekin, eta kontuz ibili behar da horrekin.
Amaitzeko, zer esango zenuke?
Nik asko maite izan dut Zestoa, eta zerbitzurik falta ez dadin lan egin dut nire txokotik. Gozatu dut bertako festekin (dantzan egin dut Amparito Rocarekin) eta bihotzean daramat herria. Norbaitek esaten bazidan “zure herrian izan naiz”, erantzuten nion “nire zein herritan?”. Nire lan-etapa amaitu da, eta pozik eta eskertuta nago jasotako guztiarengatik. Eskerrak eman nahi dizkiet ibilbidean lagundu didaten lankide guztiei: Miren, Mirari, Loli, Xabier eta beste guztiei. Esku onetan uzten dut farmazia, herriaren eta bere pazienteen zerbitzura dauden profesionalen eskuetan.
Fernando Arzallus