Albisteak

[ATARIKOA] Kirol bazkuna ehuntzen

Hil honetako erreportajeak Zestoako Kirol Bazkunaren sorrera garaira garamatza. Mende erdia egin behar da atzera. Ez zen kirol askorik egingo garai hartan, ez behintzat oso egituratuta eta antolatuta. Txirrindulariak, mendizaleak, herri kiroletako apustulariak… irudikatzen ditut, ia-ia denak gizonak. Zestoako Kirol Bazkunak herrian kirola egitea bultzatu nahi zuen, eta antolatu. Gutxiago edo gehiago errotu ziren taldeak kirol hauetakoak izan ziren: futbola, atletismoa, mendizaletasuna, eskubaloia, pilota eta txirrindularitza. Kirol horiek egiteko orain dauden manerekin ez alderatu; artikuluan irakurriko duzue ez zegoela eskubaloia jokatzeko aretorik, ez futbol zelairik, eta amestu ere ez atletismo pistarik. Hala ere, herri guztietan bezala, Zestoan ere, kirolak sustatzeko gogo galanta zuten herritarrak zeuden, eta handik eta hemendik jokatzeko tokiak eta baliabide ekonomikoak bilatzen lana egin zuten. Herritarrak kirolerako animatzen eta biltzen ere lan ederra izango zuten. Urteen poderioz, ohitura bitxi samarra zen hura, alegia, kirola egitea, asko orokortu da. Dena den, ezin da ahaztu apenas zegoela emakumerik artikuluan deskribatzen den koadro horretan. Artikuluan agertzen den datu bat da hau: Leire Lopetegi eta Maialen Etxeberria izan ziren Zestoako Pilota Elkartean federatutako lehen bi emakumeak, 2016an. Bai, 2016an. Pilota aipatu dugu, baina ez dadila gaizki-ulerturik egon, gizarte honi, orokorrean, asko kosta zaio emakumeak ere kirolari izan daitezkeela barneratzea.

Lutxi Segurola beste koadro bateko pertsonaia da. ‘Jardunian’ atalean aurkituko duzue. 1936an, Azpeitiko Landeta auzoan jaio zen eta Lasaoko Elarritza baserrira ezkondu zen. Elkarrizketan ez du kontatzen, baina ez dut uste eskubaloian edo futbolean arituko zenik gazte garaian. Bestelako lanak egokitu zitzaizkion generoaren araberako egitekoak hain zehaztuta zeuden garaian (orain ere bai). Badaki zer den zaintzea. Urte luzez gaixo egon zen amari kontu egin zion, hiru seme-alaba hazi ditu eta zortzi bilobak ere inguruan izan ditu. Urte batzuetan pertsona edadetuak zaindu zituen Foru Aldundiaren proiektu bat tarteko, eta hainbat udatan euskara ikasleak ere izan zituen baserrian. Lutxi harro dago egindakoaz, zaintzari balio handia ematen diolako, gizarte honek ematen diona baino askoz gehiago, eta pozik dago bere ondorengoei erakutsi dielako ze garrantzi duen zaintzak.

Pertsonez gain, baratzea ere zaindu du eta zaintzen du Lutxik. Beharbada kirolik ez zuen egingo, baina kalekume batek zer esan behar ote dio baserritar bati ariketa fisikoaz…

Onintza Irureta Azkune




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide