Albisteak

Kolpe, kolpe, kolpeka, josi ta josi…

Gesalaga 3 portalean tinbrea jo eta gora, edo Euskal Herria Plazan 1 portaletik behera! Etxe batean sartzea bezala da Iraola Zapatategira joatea, ezta? Poltsan zapatila parea dudala bertaratu naiz elkarrizketara eta aurreko astean utzi nituen sandalia parea jasotzeko dut. Ene… zer egingo ote nuke nik Rosa Iraolaren eta Joxe Mari Lizasoren eskulanik gabe? Botatzeko zeuden zenbat oinetako utzi ote dizkidate berrien pare? Makina bat gerriko edo poltsa ere egokitu dizkidate nire gustura. Ahizpak ere esan dit joan aurretik… Ene… ez daitezela jubilatu e! Eta beraiek ere hala diote, eskulanak denbora asko eskatzen duela eta diru gutxi eman, baina bezeroek asko eskertzen dutela. Herritar askok Laxarorenera goazela diogu oraindik, baina badira 28 urte Joxe Marik lekukoa hartu zuela. Egun, mota honetako negozio txikiek, ordea, ba al dute jarraipenik? Ez da erraza egungo erritmoetan eta merkatuan horrelako dendak aurrera ateratzea.

Ai… denboran atzera egitea bezala da Iraola Zapatategira sartzea. Hango makinak, usaina, erakusleihoa, lanerako pazientzia… Iruditzen zait umea nintzela joaten nintzeneko itxura bertsua duela, a ze ilusioarekin joaten nintzen dantzako edo etxeko zapatilak erostera! Baina azken 28 urtetan ikaragarri aldatu direla lanak diote: lan motak, materialak, jendearen beharrak… Oinetakoak saltzeaz gain hamaika lan eta konponketa egiten dituzte: animalientzako koilareak, danborradako banderak eta horientzako heldulekuak, gerrikoei zuloak, oinetakoei zolak, galtza-barrenak, kremailerak… Kirolariak ere behin baino gehiagotan tokatu izan zaizkit dendan.

Harri-jasotzaile ezagunak ikusi izan ditut hemen. Zertara etortzen dira?
Joxe Mari Lizaso: Txalekoak egin izan dizkiegu eta gehienbat horiek moldatzera edo konpontzera etortzen dira. Ez da oraingo kontua e! Garai batean Laxarorengana ere etortzen ziren.

Aspalditik zabiltzatela horretan diozu, hemen atzean duzuen posterra begiratu besterik ez dago. Emakumeak ere ari dira nabarmentzen kirol honetan! Harri jasotze mundua aldatzearekin zuen lana ere bai, agian?
Rosa Iraola: Azken urteetan bereziki neska asko hasi dira harri jasotzen. Hona etortzen diren mutilak ere harrituta daude. Neska batzuk etorri dira eta etortzen direnei neurriak hartzen dizkiegu, formak egokitu eta gustura uzten ditugu!

Ze pauso eman behar izaten dira txaleko bat egiterakoan?
R: Ba lehendabizi neurriak hartu, tela eta materiala aukeratu. Erabili behar duten harri motaren arabera txalekoak ezberdinak izaten dira.

Zuek gehien saltzen duzuen produktua zein da?
R: Etxeko zapatilak.

Eta ohiko konponketa?
R: Galtza-barrenak eta edozein jantziri kremailerak jartzea.

Begira nik zer egiten dudan galtza-barrenekin. Zer iruditzen? (guraizeekin zuzenean moztutako galtzak erakutsi dizkiet)
JM: Gure etxekalte ari zara, e!
R: Garai bateko amonek burua altxatuz gero… Baina egia da, orain dendetan ere horrela saltzen dituzte, edo zulatuta.

Zuena eskulana da. Guk bukaerako emaitza ikusten dugu, baina atzean lan asko, ezta?
R: Eskulanak denbora behar izaten du eta lehenengoan ondo irteten badu, ez da gutxi! Lan handia da.
JM: Baina jendeak apreziatzen du. Gure lana baloratu eta propinak ere uzten dizkigute!

Zuek noiz hasi zineten?
R: 28 urte izan dira, haurdun nengoen orduan.
JM: Ni langabezian geratu nintzen. Laxarok utzi egin behar zuela eta…

Baina ezagutzen zenuten lanbidea?
JM: Urtebete pasa egin nuen hemen Laxarorekin ikasten. Zapatak egiten ere ikasi nuen.
R: Ni beranduxeago hasi nintzen. Nik ere poliki-poliki ikasi nuen. Eta oraindik ere ikasten, beti lan berriak etortzen dira eta.

Hasi zinetenetik asko aldatuko zen ba lana?
R: Pentsa, lehen zapatak egiten ziren!
JM: Materialak, egin beharreko lanak…

Zuek Laxaroren erreleboa hartu zenuten. Jarraipenik ikusten al duzue?
R: Zaila ikusten dut. Niri gelditzen zait pixka bat, baina gero zer?
JM: Nik pentsatzen dut beharrezkoa dela horrelako zerbitzua.
R: Argi dago denbora eskatzen duela lan honek eta gaur egun gaur egun denborari baino diruari lehentasun handiagoa ematen zaio.

Beste bizi erritmo batzuetan bizi gara, ezta?
JM: Gaur egun erabili eta bota egiten da.
R: Lehen arropak erosi, denbora luzez erabili eta, gainera, anai-arreba gazteagoei pasatzen zitzaien.

Eta lehen etxe denetan zen josten zekien norbait.
JM: Horregatik esaten dut zerbitzu hauen beharra dagoela, gero eta gehiago. Beste kontu bat da lan honetatik bizitzea egongo den edo ez.

Multinazionalak kontrario gogorrak dira?
R: Horiekin ezin da lehiatu.
JM: Horiek kontrolatzen dute dena.
R: Horrelako negozio batek gastu asko ditu, errenta, bestelako gastuak… Zaila da.

Nabarmena da garai bateko negozio dezente ari direla ixten herrian.
R: Tristura handia ematen du.
JM: Denok ondo bizi nahi dugu. Eskulana, astegun eta asteburu lana, zein dago horretarako prest? Gehiengoak ikasketak ditu eta ez du nahi horrelako baldintzetan aritu.

Negozio handiek, ordea, ezin lehiatu zuen mimoarekin.
JM: Beharra duen jendeari laguntzea ikaragarrizko satisfazioa da.
R: Gustura egiten dugun lana da. Lana egin, bezeroari entregatu eta eskertzen dizutenean… gustura hartzen da! Guk mimoz eta bakoitzaren beharretara aritzen gara, badakizu, orain esaten den moduan, bezeroarentzako arreta da gurea!

Amaiur Aristi Arregi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide