Albisteak

Komunikatua kaleratu du Zestoako Talde Feministak, “Elkartasuna ez da delitua” leloa berretsiz

Ekainaren 5ean Donostiako Lurralde Auzitegiak abenduan epaitutako sei zestoarrak absolbitu zituela jakinarazi ondoren, Zestoako Talde Feministak adierazpen publikoa kaleratu du bere sare sozialen bitartez. “Elkartasuna ez da delitua” izenburupean, zazpi urte iraun duen prozesu judizialaren balorazioa egin dute, absoluzioaren poza adierazi eta auziak utzitako ondorioak gogora ekarriz.

Talde feministak azaldu duenez, “zazpi urteko bide luze eta gogor baten ondoren” jaso dute absoluzioaren berria eta “arnasa hartu” dutela adierazi dute. Aldi berean, urte hauetan guztietan babesa erakutsi dieten herritar guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete: mobilizazioetan parte hartu dutenei, babesa adierazi dietenei, zaintza lanetan aritu direnei, ekonomikoki lagundu dutenei eta auzipetuei nahiz haien ingurukoei sostengua eskaini dietenei.

Hala ere, azpimarratu dute absoluzioak ez duela ezabatzen prozesuak eragindako mina. Haien hitzetan, “absoluzioak ezin ditu ezabatu zazpi urte hauetan herriko sei kidek bizi izan duten sufrimendua, nekea eta ziurgabetasuna”, ezta espetxe zigorraren mehatxupean igarotako urteak, kostu ekonomiko eta emozionalak eta etengabeko tentsioa ere.

Adierazpenean gogorarazi dute hasieratik salatu zutela auzi hartan ez zirela soilik sei herrikide epaitzen ari, baizik eta “elkartasun feminista bera jarri dutela auzitan”. Taldearen esanetan, emakume bati babesa ematea, haren alboan egotea, sare komunitarioak aktibatzea eta indarkeria matxistaren aurrean erantzun kolektiboak antolatzea izan dira epaitu diren jokabideak.

Horren harira, hainbat galdera luzatu dituzte: “Nola da posible halako auzi bat epaitegietara iritsi izana?”, “Nola da posible zazpi urtez luzatu den prozedura bat eraikitzea emakume baten inguruan sortutako babes sarearen aurka?” eta “Nola da posible espetxe zigorrak eskatzea elkartasuna adierazi duten herrikideentzat?”.

Talde feministaren ustez, “ezin dugu normaltzat jo sistema judizial honek halako auzi bat tramitatzea eta zazpi urtez mantentzea”. Haien iritziz, kasuak agerian uzten ditu oraindik ere indarkeria matxistaren aurrean dauden kontraesanak, mugak eta hutsuneak, eta horregatik uste dute auzia ez dela epaiarekin amaitzen.

Etorkizunari begira ere mezu argia zabaldu dute. “Ez dugu pausorik atzera egingo indarkeria matxistaren aurrean. Ez dugu amore emango emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean babes sareak eraikitzen. Ez dugu onartuko elkartasuna kriminalizatzea”, adierazi dute. Horren ordez, behar den guztietan berriro egingo dutela nabarmendu dute: “elkar entzun, elkar sinetsi, elkar babestu eta elkar zaindu”.

Adierazpena amaitzeko, berriz ere mezu nagusia berretsi dute: “Elkartasuna ez da delitua.”




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide