Albisteak

Metamorfosia diskoa esku artean

Duela egun gutxi Euskadiko Orkestrarekin Gutizia lana grabatu berri du Garikoitz Mendizabalek, baina, esku artean du dagoenekoz Metamorfosia izeneko beste disko bat ere. Apirila eta maiatzean zehar aurkeztuko du ofizialki, Azkoitia, Tolosa, Arrasate, Madrilen eta Bartzelonan kontzertuak eskainiz, baina, jada salgai dago Potxolo liburu dendan.

German Ormazabal piano jolearekin elkartu da lan honetarako. Ganbara musika formatuan, pianoa eta txistua uztartu dituzte eta hauek izan duten bilakaeraren ondorioa jasotzen da diskoan. Mendizabalen esanetan, “Txistuak eta pianoak orain dela ehun urte inguru ezagutu zuten elkar, orduan hasi ziren konposizioak egiten eta garai hartako estiloa eta gaur egunekoaren arteko bilakaera islatzen du lanak”.

Aspaldiko laguna du Mendizabalek, German Ormazabal. Euskadiko Orkestrako zuzendari izan da urte askoan eta orain Gazte orkestrako zuzendaria da. Orain dela bost urte Artxipelagoa lana elkarrekin sortu zuten. Hura bukatuta, elkarrekin beste zerbait egiteko gogotik sortu da lan hau. “Orain dela bi urteko maiatzean estreinatu genuen Errenterian Musikasten eta ordutik kontzertuak ematen jarraitu dugu”. Oraingo honetan nahiago izan du aurrena ibilbide bat egin, “lana mastekatu, geure burua gustatu eta ondoren grabatu”.

Diskoa nazioarteko musika klasikoan espezializatuta dagoen Orpheus Clasika zigiluak atera die: “Musika klasikoan bere izena duen zigilu bat da eta txistuak eta pianoak mundu horretan bere ekarpena egiteak ilusioa egiten dit. Diskoetxeak gugan interesa izan eta lana onartzea polita izan da” esan du musikariak.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide